Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Eskualde Batuen Erakundearen Batzar Exekutiboan parte hartu du Rabaten (Maroko)

2017.eko apirilak 26
  • Eskualde Batuen Erakundeak nazioarteko eremuko Estatu-mailaz azpiko gobernuak biltzen ditu beren ahotsa mundu-mailan entzun dadin, eta eskualdeak aintzat hartuko dituen gobernantza bat lor dadin.
  • Euskadik du EBEko bigarren Lehendakariordetza, Rabat-Zalé-Zemour (Maroko) eskualdeko lehendakari Abdessamad Sekkal buru den erakunde honetan.
  • Batzar Nagusia udazkenean izango da Euskadin.

Eskualde Batuen Erakundeak urtero egiten dituen bi Batzar Exekutiboetatik lehena Rabaten egin da, eta bertan, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariagaz gain, Latinoamerikako, Afrikako eta Europako eskualdeen ordezkariek hartu dute parte.

Bileran barne-gaiak planteatu izan dira, Sarearen administrazioari eta aurrekontuari buruzkoak, baita estatutu berri batzuen proposamena ere, estatutu berriak udazkenean zehar Euskadin egingo den Batzar Nagusian onetsi beharko liratekeela kontuan izanik.

Erakunde orori dagozkion jardunaren inguruko gaiez gain, lan-saio sektorialekin osatu zen bilera:

-       Hiri Agenda Berria, 2016an Quiton izandako UN Habitat konferentziatik sortutako dokumentua, Euskadi eta Eskualde Batuen Erakundea ere bertan zirela.

-       Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) eta EBEren Akordioa.

-       RIS3 Estrategia eredua, espezializazio adimendunari dagokiona eta Europan irmo ezarria, beste kontinente batzuetako eskualdeetara eramatea.

-       TAIEXi buruzko informazioa: EBren tresna, legeen aplikazioari eta jardun egokien trukeari buruzko gaietan administrazio publikoei laguntzeko.

-       Klima Aldaketa. 100 soluzioren Kanpaina, R-20 Sareak bultzatua.

Gainera, burututako lanei azkena emateko, Marokoko Gobernu Buru berriak, Saadedín al Othmanik, joan den martxoaren 18an izendatuak, EBEko kideei harrera egin die eta Sare hau aurrera eramaten ari den jardueren berri jakin nahi izan du.

Aurten 10 urte beteko ditu EBEk, eta etengabe joan da hazten harrez gero. Hala, Txinako ordezkariak ere izan dira EBEren bileran eta Sarera elkartzeko nahia adierazi dute.

Azkenik, nabarmentzekoa da apirilaren 30ean amaituko dela Kudeaketa Publikoko Jardun Egokien Sariaren II. Ediziora kandidaturak aurkezteko epea: EBEk eta Nazio Batuen Garapenerako Programak antolatutako eskualdeen jardunbide egokien saria, otsailean argitara atera zena. Joan den urteko edizioan Euskadik bi sari jaso zituen, eta aurten ere aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren ekimen berriak.

Eskualde Batuen Erakundea

Eskualde Batuen Erakundeak / Eskualde Elkarteen Foro Globalak mundu osoko eskualdeak biltzen ditu eta haien ordezkari gisa dihardu nazioarteko instantzien aurrean, garapen orekatuko eta lurralde-kohesioko politika globala sustatzeko. Tarteko gobernuek gobernantza globalaren eragile direlako aitorpena jasotzea du xede nagusi, eta Estatu-boterea beste eragile batzuen esku utzita deszentralizatzeak garapen bizkortzen duela defendatzen du; izan ere, demokrazia sustatzen da, tarteko gobernu horiek herritarrengandik hurbilago daudelako. Eskualde Batuen Erakundeak / Eskualde Elkarteen Foro Globalak eskualde-gobernu eredu sendoa bultzatzen du, gaitasunak dituena, eta legez aitortutako eskumenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak