Eu

Artolazabal: “Europako Batzordeak proposamen positiboak argitaratuko ditu bihar, lanorduen antolamenduari eta lan-bizitza eta familia bateragarri egiteari buruzkoak”

2017.eko apirilak 25

 

  • Bruselak Eskubide Sozialen Europako Zutabeari buruzko proposamena argitaratuko du eta bertan lege-ekimenak eta hainbat zuzentarau proposatuko dira.

 

VG 25 04 17

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak uste duenez, Europako Batzordeak “proposamen positiboak argitaratuko ditu bihar, asteazkena, lanorduen antolamenduari buruzkoak, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko erronkei erantzuteko. Horretarako, lege-ekimenak eta hainbat zuzentarau biltzen dituen Eskubide Sozialen Europako Zutabeari buruzko proposamena egingo du”.

 

Europako Batzordeak Eskubide Sozialen Europako Zutabeari buruzko lehenengo proposamenak aurkeztuko ditu bihar, asteazkena, eta lege-ekimenak zein legezkoak ez direnek osatuko dute. Horien baitan aurkeztuko dira pertsona guztiek gizarte-babesa lortzeko hainbat ekimen, lan-kontratuari edo lan-harremanari aplika dakizkiokeen baldintzen inguruan langileak informatzeko enpresek duten betebeharrari dagokion zuzentarauaren berrikuspena, lanorduak antolatzeko hainbat alderdiri buruzko zuzentaraua ezartzea, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko erronkei aurre egiteko ekimenak eta, azkenik, Europar Batasunean 2025 urterako gizarte-dimentsioari buruz hausnartzeko Liburu Zuria.

 

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak, Europar Batasunean duen ordezkaritzaren bitartez, hainbat ekimen eta proposamen luzatu zituen urte hasieran Bruselan, Eskubide Sozialen Europako Zutabea definitzeko politika, erakunde eta praktiken alorretatik, enplegu eta gizarte-politiken esparruan.

 

Gizarte-inbertsioari buruzko Europako Batzordearen neurri-sortak barne hartzen ditu hainbat aholku, esaterako, haurtzaroan inbertitzeko aholkuak, joera demografiko eta sozialak hobetzeko aholkuak, lan-merkatutik kanporatutako pertsonen gizarteratzea sustatzeko aholkuak eta gizarte-zerbitzuei buruz Europar Batasunak berrikusitako arauak aplikatzekoak (epe luzeko zaintzak, etxerik gabeko pertsonen arazoari aurre egitea, osasunean inbertitzea eta Europako Gizarte Funtsak gizarte-inbertsioko paketea aplikatzerakoan duen funtzioa).

 

Lehentasunak

“Europar Batasunean gizarte-babes eta gizarteratzerako jarduteko esparruak Europako egungo seihilekoaren politikak lehenesten ditu, Batasuneko herrialdeen erreforma ekonomiko eta sozialak orientatzeko, Europa 2020rako helburuak lortzeko asmoz” adierazi du Artolazabalek.

 

Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordeak azaldu bezala, “Batasuneko Zutabe Sozialaren xedea da erreferentziazko esparrua izatea, bateratze soziala sustatzeko eta, horretarako, Europako erakundeek, Estatu kideek, tokiko eta eskualdeko agintariek, gizarte-solaskideek eta gizarte zibilak parte hartzea du helburu. Xedea Europako gizarte-eredua egungo erronketara egokitzea da”.

 

Europako Batzordea Eskubide Sozialen Europako Zutabea ezartzeko urrats berriak ematen ari da, eta Bruselako biharko konferentzia horren adibidea da. Horrez gain, Suediarekin batera babestuko du Europar Batasunaren Gailur soziala. Bertan 600 pertsona baino gehiagok parte hartuko dute (Estatu kideetako ordezkariek, EBeko erakundeek, tokiko eta gizarte-solaskideek eta gizarte zibilak). Jean-Claude Junckerrek eta Stefan Löfven Suediako Lehen Ministroak sustatuko dute “Enplegu eta Hazkunderako Gailur Soziala”. Gailurra Göteborg hirian egingo da 2017ko azaroaren 17an.

 

Juncker Presidenteak ekimen hori 2015ean iragarri zuenetik, eztabaida zabala garatu da EBeko agintari, gizarte-solaskide, gizarte zibil eta herritarren artean, Zutabearen eduki eta funtzioaren inguruan eta Europan berdintasuna eta justizia soziala bermatzeko moduaren inguruan.

 

#europeanpillarofsocialrights

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak