Berriak Hezkuntza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 32,5 milioi bideratuko ditu eskola-garraioko ibilbideen kontrataziorako datozen bi ikasturteetan (Gobernu Bilera 2017-04-25)

2017.eko apirilak 25
  •  Hezkuntza Sailak datozen bi ikasturteetarako eskola-garraioko 380 ibilbide kontratatzeko lehiaketa publikoa irekiko du 
  • Ikastetxe publikoetako 23.200 ikaslek erabiltzen dute egunero Euskadin eskola garraio zerbitzua 2016-2017 ikasturte honetan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 32.571.962,28 euroko kopurua bideratzea Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko, datozen bi ikasturteetan (2017-2018 eta 2018-2017). 

Zehazki, Hezkuntza Sailak egun Euskadin dauden eskola-garraiko 537 ibilbideetatik 380 aterako ditu lehiaketara. 380 ibilbide horietatik 149 Bizkaian daude, 117 Araban eta 114 Gipuzkoan. 

Ibilbide hauen esleipenerako lehiaketan parte hartu nahi duten garraio enpresek, zerbitzua garatzeko beharrezko den administrazio-baimena izan beharko dute –Bidaiarien Errepideko Garraioari buruzko 4/2004 Legean aurreikusia-, eta 443/2001 Errege Dekretuak, Eskola-garraioko eta adin txikikoen garraiorako segurtasun baldintzei buruzkoak, ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete. 

23.200 ikasle garraiatu 

Eskola-garraioko zerbitzu osagarriak hezkuntzarako sarbidearen unibertsaltasuna bermatzen du. Hezkuntza Sailak kudeatzen duen eskola garraioa erabiltzeko eskubidea dute bizilekutik ikastetxera 2 kilometro edo gehiagoko distantzia duten ikasleek, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan. Gutxieneko distantzia hori 4 kilometro edo gehiagokoa izan beharko da DBHko bigarren zikloan, eta 500 metrokoa besterik ez mugikortasun urriko ikasleen kasuan. 

Egun, 2016-2017 ikasturte honetan, ikastetxe publikoetan ikasten ari diren 23.200 ikasle garraiatzen dira egunero Euskadin, orotara 260 ikastetxe publikori zerbitzua ematen dieten 537 ibilbideen barnean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko