Eu

Onetsi egin dute Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoen lana definitu, garatu eta arautzen duen Dekretua (Gobernu Bilera 2017-04-25)

2017.eko apirilak 25
  • Erregelamendu berriak salto kualitatibo bat eman du gardentasunari eta publizitate aktiboari dagokionez lehenengo online erregistro publikoa sortzen duelako, prokuradoretzako eta abokatutzako zerbitzu profesionalen kontratu guztien xehetasunak biltzen dituena 
  • Dekretuak lehenbiziko aldiz sortzen du Eusko Jaurlaritzako letratuaren espezialitatea, epaiketako defentsa-eginkizuna betetzen dutenentzat 
  • Koordinazio Juridikoko Batzordea sortu da, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiaren eta aholkularitza juridiko desberdinen lana koordinatzeko organo berria 

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoaren antolamendua eta jarduna arautzen dituen erregelamendua onetsi du gaurko astearteko bileran. 7/2016 Lege berria, ekainaren 2koa, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzekoa, garatzen duen dekretua da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta Instituzionalean ematen den laguntza juridikoa antolatzea eta arautzea helburu dituena. 

Lehen aldiz, erregelamendu bakarrean, batuta, argituta eta xehatuta geratuko dira Eusko Jaurlaritzak dituen bi zerbitzu juridiko nagusien funtzioak:

  Zerbitzu Juridiko Nagusia: 30 letratuk baino gehiagok osatua, laguntzako pertsonalaz gain. Oraingo Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailaren menpe dago eta auzi-funtzioaren arduraduna da ofizioz. Hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta Instituzionala epaiketetan ordezkatzea eta defendatzea. Eusko Jaurlaritzari goi mailako aholkularitza juridikoa emateaz, legezkotasun txosten ofizialez, kontsulta juridiko espezializatuez eta abarrez ere arduratzen da. Horrez gain, euskal autogobernua eta erregimen instituzionala defendatzeko ardura daukan organoa da, Euskadi eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordearen bitartez edo Konstituzio Auzitegiaren aurrean. Modu berean, Erkidegoaren interesa babesten du Arbitraje Batzordearen aurrean, foru organoekiko barneko instituzio-gatazkarik balego. 

Aholkularitza juridikoak, Eusko Jaurlaritzako sail desberdinetakoak edo euskal sektore publikoko beste edozein organismo, ente edo enpresatakoak. Orain, 200dik gora aholkulari juridikok osatua da, eta eginkizun hauek betetzen dituzte: zuzenbidean aholkularitza ematea; xedapen orokorretako proiektuak prestatzea; nahitaezko txosten juridikoak, irizpenak eta ebazpen-proposamenak prestatzea; hitzarmenak idaztea; erreklamazioak, ofiziozko berrikuspenak, administrazio-espedienteak eta Gobernu Kontseilukoak eta abar.

LAN-ESPEZIALITATE BERRIA: EUSKO JAURLARITZAKO LETRATUAK (51. art.) 

Dekretuak ezartzen du Zerbitzu Juridiko Nagusiak bere gain hartzen duela auzi-funtzioa. Hau da, epaiketetako ordezkaritza eta defentsa, jurisdikzio ordena desberdinetan: auzibidea, laborala, zibila edo penala. Zerbitzu honek, urtean, gutxi gora behera, bi mila epaiketetan parte hartzen du. 

Epaiketetan, ordezkaritza eta defentsa lan hori betetzeko, gaur onetsitako erregelamenduak “Eusko Jaurlaritzako Letratuen” espezialitatea sortu du, funtzio publikoko espezialitate berria, karrerako funtzionario eta “Zuzenbideko Goi-Mailako Teknikarien Kidegokoak” direnei zuzendua. Espezialitate hori eskuratzeko, abokatutzari dagokion jarduera profesionalak eskatzen dituen espezializazio eta gaikuntza profesionaleko ezagutza bereziak eta goi mailakoak egiaztatu beharko dituzte. 

Baina gainera, erregelamenduak ate bat zabaltzen du, salbuespenez, eta espezializazio bereziagoko arrazoiengatik, Euskal Administrazio Publikoko funtzionario edo lan kontratadunek ere beren gain hartu ahal izateko ordezkaritza eta defentsarako eginkizuna epaiketa jakin batzuetan. 

ERAGINKORTASUNA ETA KOORDINAZIOA (47. art.) 

Gaur onetsitako dekretuak organo berri bat sortzen du Zerbitzu Juridiko Nagusiaren eta sailetako aholkularitza juridikoen lana koordinatzeko: Koordinazio Juridikoko Batzordea. Batzorde hau osatzen duten pertsona guztiak bi urteko aldirako izendatuko dira, beste bi urtez berritu ahal izango dutena, eta ondoko egitura honen inguruan lan egingo dute: 

Presidentetza:Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren pertsona titularra, honako zuzendaritza hauetako titularren laguntzarekin: Estatutuaren Garapenerako, Lege Garapen eta Arau Kontrolerako eta Auzibideen zuzendaritzak.

Osoko Bilkura:Urtean birritan bilduko dira ohiko bilkuran, eta bilkura berezian Presidentetzak deituta bada.Hauek dira Osoko Bilkuraren eginkizunetako batzuk: Koordinazio Juridikoko Batzordearen jardunaren lerro nagusiak ezartzea epe labur eta ertainerako, Eusko Jaurlaritzari zuzendutako aholkularitza juridikoaren eremuan dauden premiak ebaluatzea, administrazio-prozedurak hobetzeko proposamenak lantzea eta, era horretan, irizpide-batasuna bultzatzea, eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoen antolamendua eta funtzionamendua hobetuko duten neurriak proposatzea. 

Atalak: Zerbitzu Juridiko Nagusia edo Osoko Bilkura lagundu eta babesteaz arduratzen dira, eta garrantzizko erabaki bat edo jardute-gidalerro berriak ekarriko dituen erabaki bat hartu aurretik eskatu izan dituen txostenak igortzeaz. 

GARDENTASUNA ETA PUBLIZITATE AKTIBOA (33. art.) 

Erregelamenduaren beste berritasun bat da Epaiketako Ordezkaritza eta Defentsarako Mandatuen Erregistro Ofizialaren sorkuntza: elektronikoa, publikoa eta herritarrek eskuragarri izango dutena, baina aldi berean, datu pertsonalen konfidentzialtasun- eta babes-eskubidea bermatuko duena. 

Erregistro berri hau pauso nabarmena da publizitate aktiboari dagokionez, hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak jendartera aterako baititu abokatutzako profesionalei adjudikatutako kontratuen oinarrizko datu guztiak: 

Prokuradoretzako profesionalak: Eusko Jaurlaritzak edozein epaitegi edo auzitegiren aurrean emango dio bere ordezkari izateko ardura prokuradore elkargokide bati, bere bitartekoak erabiliz bermatu ezin izango denean bakarrik. Ordezkaritza-mota hori egoki jotzen da Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko epaitegi edo auzitegi batean jarduten duen kasuetan.

Abokatutzako profesionalak: Eusko Jaurlaritzak abokatu elkargokide bati eman ahal izango dio berau ordezkatzeko ardura, auzi zehatz baterako eta aparteko izaeraz, bi arrazoirengatik: espezialitatea edo estraterritorialitatea. 

Kanpoko profesional horien kontratazioa bere arrazoiak zehaztuko dituen txosten bat aldez aurretik aurkeztuta egingo da beti. Zerbitzu horien kontratazio-espediente guztiak eskuragarri dagoen erregistro horretan egongo dira bost urtez gutxienez. 

INTERES GATAZKAK (25. art.) 

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren interesak ordezkatu eta defendatzeaz gain, Zerbitzu Juridiko Nagusiko letratuek, espresuki horrela eskatzen denean, ondokoen epaiketako defentsa-eginkizuna beteko dute:

 

ü  Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten langile eta kargu publikoak.

ü  Euskal Administrazio Publikoaren menpeko edo hari lotutako pertsona juridikoak. Halaber, dekretuak aukera ematen du, aparteko izaeraz, haiekin lankidetza hitzarmena sinatuta dagoen pertsona juridikoei laguntza juridikoa emateko, hala eskatzen badute. Horrela, adibidez, laguntza juridikoa eman lekieke beste euskal administrazio, sozietate publiko, fundazio edo partzuergo batzuei, betiere Eusko Jaurlaritzak, horietan partaidetza gehiengoa badu.

 

Bi kasuetan, defentsa juridikoa Eusko Jaurlaritzaren interes orokorren defentsarekiko bateragarritasunak baldintzatuko du. Inolako kasutan ere ez da baimenduko bezeroaren eta Eusko Jaurlaritzaren interes orokorren defentsaren arteko interes-kontraesanik edo -gatazkarik sortzen bada. Gainera, kontraesana gertatzez sortutakoa bada, letratuak ez du ordezkaritzaren ardura hartuko eta, berehala, Zerbitzu Juridiko Nagusiko arduradunen aurrean aurkeztu behar izango ditu zirkunstantziak. 

Era berean, pertsona fisikoaren edo juridikoaren interes indibidualak administrazio publikoaren beraren aurka demandatzea edo ekitea berekin dakarrenean, ezin izango da Zerbitzu Juridiko Nagusiaren epaiketako defentsa-eginkizuna bete. 

HITZARMENAK ETA PROTOKOLO OROKORRAK (54. art.) 

Azkenik, dekretu berri honek definitu, garatu eta arautu egiten du Eusko Jaurlaritzaren hitzarmen eta protokoloen izenpetzea. 

Hitzarmena: lankidetzarako edo laguntzarako tresnak dira, eta horien bitartez betebeharrak edo konpromisoak hartzen dira. Kasu honetan, zehazki, Gobernu Kontseilua da, derrigorrez, hitzarmena sinatzea, luzatzea edo salatzea onesten duena.

Gobernu Kontseiluak hitzarmenen izenpetzea baimentzen duen bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoekin, Nafarroarekin edo beste autonomia erkidego batzuekin, baimen hori Legebiltzarrari jakinarazi behar zaio, eta behin Ganberak baimendu eta gero, Gorte Nagusiei jakinaraziko zaie.

Euskal herritarren eskubideetan eta betebeharretan ondorioak izango dituzten hitzarmen guztiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. 

  Protokolo orokorra: Administrazio bakoitzaren jardunari buruzko jarraibideak ezartzen dituzten erabakiak dira, edo lankidetza garatu aurretik esparru orokorra finkatzen dutenak. Kasu honetan, protokolo horien izenpetzea bakarrik ezagutuko du Gobernu Kontseiluak. 

Eusko Jaurlaritzak hitzarmen edo protokolo orokor berriak onetsi ahal izateko jarraitu behar diren urratsak edo prozedura zehazten dituzten arauak ezartzen ditu erregelamendu berriak. Horretarako, xehatu behar da legezkotasun txosten baten beharra noiz duten, eta proiektua noiz jakinarazi behar zaien beste administrazio edo organo batzuei, eta erabakiak Gobernu Kontseiluari nola aurkeztu edo jakinarazi.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @eumrz
    2017.eko apirilak 29

    Comentario de Twitter:
    Aprobado el Decreto de los servicios jurídicos del Gobierno Vasco (Consejo de Gobierno 25-04-2017) https://t.co/tmifd6Qn7B

Komunikabideek behera kargatzeko