Eu

Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean Eusko Jaurlaritzaren memoria historikoarekiko “oroitzapena, gaitzespena, aintzatespena eta konpromisoa” eskatu du Josu Erkorekak

2017.eko apirilak 25
  • Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak gogora ekarri du Gernika zain dagoela oraindik “Espainiako Estatuaren aldetik antzeko keinu bat jasotzeko, populazio zibilaren aurkako bonbardaketa indiskriminatuak salatzeko, egindako krimenak gaitzesteko eta sorrarazi zituen biktimak aintzatesteko balio izango duena”

Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu Bingen Zupiriak, Segurtasuneko Sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta “GOGORA” Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendari Aintzane Ezenarrok Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena oroitzeko ekitaldietan parte hartu dute gaur arratsaldean.

Bere hitzaldian, Josu Erkorekak “egiaren eskubidea” aldarrikatu du, duela 80 urte Gernikan izandako “gertaeren larritasuna, oraindik ere, errelatibizatzen duten” interpretazio ukatzaileen aurrean. Bonbardaketa hark, bozeramaileak gogora ekarri duenez, hiru ordu eta erdi iraun zituen, armada frankistaren aliatu Kondor Legio alemanak burutu zuen, eta suntsipena eta 1.600dik gora pertsonaren heriotza ekarri zituen Bizkaiko herri honetan.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak salatu du Gernika zain dagoela oraindik “Espainiako Estatuaren aldetik antzeko keinu bat jasotzeko, populazio zibilaren aurkako bonbardaketa indiskriminatuak salatzeko, egindako krimenak gaitzesteko eta sorrarazi zituen biktimak aintzatesteko balio izango duena”.

OROITZAPENA, GAITZESPENA, AINTZATESPENA ETA KONPROMISOA

Azkenik, Josu Erkorekak adierazi duen bezala, gaurko ekitaldian Eusko Jaurlaritza bertaratu eta parte hartu du “oroitu nahi dugulako eta bonbardaketaren biktimei omenaldi ordaingarri bat eskaini nahi diegulako”, eta honetarako balio izango du: “biktima guztiak oroitzeko, bonbardaketen bidegabekeria gaitzesteko, askatasunaren eta demokraziaren alde borroka egin zutenak aintzatesteko, eta memoria bizirik irauteko hartua dugun konpromisoa azpimarratzeko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak