Berriak Hezkuntza
Eu

Arrakala 2017: Ikasle eta arte eszenikoetako profesionalen topagune bihurtuko den tartea ireki du Dantzertik

2017.eko apirilak 25
  • Dramaturgia ardatz hartuta, egitarau zabala antolatu du Dantzertik maiatzaren 8tik 11ra
  • Dantzertiko ikasleei zuzendua, baina herritar orori irekia aurrez izena emanez gero
  • David Barbero, Joan Casas Fuster edo Patxo Telleriak, beste hainbat profesionalekin batera, ikasleentzako tailer praktikoak eskainiko dituzte
  • Joan Casas Fusterrek emango du hitzaldi nagusia; antzerkigile katalanak dohaintzan eman dio bere liburutegi pertsonala Dantzertiri
  • Maiatzaren 11n ateak irekiko ditu Dantzertik, eskolako jarduna bertatik bertara ezagutu nahi duten guztientzat

Arrakala 2017, irekidura sakona eta luzea” izenburu nagusi hartuta, Dantzerti – Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak bertako ikasle eta arte eszenikoen eremuko profesionalen arteko topagune bihurtu nahi duen zirrikitu bat ireki du, arrakala, aldi berean antzerki eta dantza munduko profesional horiek ere eskolan parte hartu ahal izan dezaten.

Arrakala 2017ren baitan atondu den espazioan, eskolako ikasleentzat bezalaxe eskolatik kanpokoentzat  ere irekia izango den ikastaro-programa berezia prestatu du Dantzertik. Ikastetxea barne-barnetik eta bere ohiko ikasgaien bidez ezagutzeko ateak ere irekiko ditu egun batez, beste hainbat jarduerarekin batera. Guztiak, maiatzaren 8tik 11ra bitartean Dantzertiren egoitzan bertan.  

Arrakala 2017k dakarren proposamenak dramaturgia hartu du ardatz nagusi. Dramaturgia, modurik zabalenean ulertua: idatzizkoa, eszenikoa, gorputzetik abiaturikoa… beraz, ikastaro guztiei esker dramaturgiaren inguruan lan egiteko proposamen anitzak izango dira.

Dantzertiren helburu nagusiekin bat egiten du Arrakala 2017k bete betean: ikasleei antzerki eta dantzaren inguruan gogoeta eragin eta profesionalizaziora eramango dituen esperientzia eskaintzea, batetik, eta arte eszenikoek gizartean duten lekua zaintzea, bestetik.

Dantzerti eskolatik kanpoko pertsona orok, izena eman beharko du intereseko dituen jardueretan parte hartu nahi izanez gero, profesional gonbidatuek eskainiko dituzten tailerretan batik bat, plaza kopurua mugatua izango baita. Arrakala 2017 egitarauaren baitan antolaturiko jarduera guztiak Dantzertiren egoitzan burutuko dira (Ibarrekolanda Plaza, 1  - Bilbo).

Tailerretan izena emateko:

            Epea: maiatzaren 3ra arte zabalik

                Bideak: Dantzertiren egoitza (Ibarrekolanda plaza, 1 Bilbo)

                             epostaz: arrakala@dantzerti.eus

                             telefonoz: 946570600

 

Tailerrak, irakasle gonbidatuen eskutik

Arrakala 2017ren egitaraua garatuko den lau egunetan zehar, arte eszenikoen arloan entzute handiko irakasle gonbidatuek zazpi tailer eskainiko dituzte bai Dantzertiko ikasleentzat, bai bertaratu nahi duen ororentzat. David Barbero, Joan Casas Fuster, Patxo Telleria edo Dejabu Panpin Laborategiak, besteak beste, ikasleekin euren ezagutza partekatuko dute, hainbat ariketa praktikoren bidez.

Eguna

Irakaslea

Tailerraren izenburua

Maiatzak 8

David Barbero

Escritura dramática

Maiatzak 8

Idoia Zabaleta

Irakurri eta dantzatu: aho batez. Txakolina edan zazu ondo dantzatzeko eta sagardo ederra ondo kantatzeko

Maiatzak 9

Itxaso Corral

Dramaturgias jamoneras y diccionarios de jardín de infancia para las artes vivas

Maiatzak 9

Joan Casas Fuster

Una merienda con Aristóteles, o por qué siempre nos topamos con la Poética

Maiatzak 10

Patxo Telleria

Dramaturgia: makinaria zoroa

Maiatzak 10

Igor de Cuadra

Lekuko dramaturgiak. Arkitektura, testuingurua eta norberaren bizipenetan oinarritutako dramaturgia

Maiatzak 11

Dejabu Panpin Lab.

Objektuen dramaturgia

   

Joan Casas Fusterren hitzaldia, eta Dantzertiren Liburutegia aurkeztea

Dantzertik antolatu duen aste honetako hitzaldi nagusia maiatzaren 9an izango da, asteartez, Joan Casas Fuster antzerkigileak eskainia “Artes Escénicas: la crítica y la teoría en la formación del artista izenburupean. Casas Fusterrek antzerkian egin duen ibilbide profesionalaren errepasoa eskainiko du, eta artistek izan beharreko formazio akademikoa defendatuko du hitzaldian.

Antzerkigile katalanak euskal antzerkiarekin duen harremana aspalditik dator, 80koen hamarkadan hasi baitzen Geroa taldearekin. Baina Dantzerkirekin duen harremanak ere aparteko aipamena merezi du, harreman hori eskolarekiko izan duen eskuzabaltasunetik baitator. Berriki, bere liburutegi pertsonaleko 2.000 ale inguru Dantzertiko liburutegiari dohaintzan eman dizkio Casas Fusterrek. Dantzertiren liburutegia Arrakala 2017 egitarauaren baitan aurkeztuko da, Joan Casas Fuster bertan dela.

Antzerkiarekin zuzenean erlazioa duten eta mendebaldeko antzerkiaren garai guztiak batzen dituzten lehen eta bigarren mailako testuek osatzen dute liburutegia: ekialdeko antzerki tradizioko lanak, frantsesez, italieraz, portugesez, katalanez eta gaztelaniaz argitaratutako ikerketak eta aldizkariak. Arte eszenikoetako edozein profesionalentzat interes handiko bilduma eta Dantzertiko liburutegiaren garapenerako material bikaina, bai ikasle bai herritarrentzat. Emandako liburuki batzuk gaur egun aurkitzeko ezintasuna, bere dohaintzaren balio ekonomiko itzelari gehitzen zaio, betiere, Casas Fusterren eskuzabaltasun filantropikoari lotuta.

Ateak irekitzeko eguna

Maiatzaren 11n, gainera, Dantzertik ateak irekiko ditu eskolan egunerokoan  egin den lana sakonago ezagutu nahi duten ikasleentzat eta hauen senitartekoentzat, Dantzertiko ohiko ikasgaiak ere bertatik bertara ezagutzeko aukerarekin. Goi mailako Arte Dramatiko zein Dantza ikasketen inguruko azalpenak edo sarbide-proben inguruko argibide guztiak eskainiko zaizkie egun horretan bertaratzen direnei. Ateak irekitzeko egun honetako plaza kopurua mugatua denez, parte hartu nahi duten ikasleek izena eman beharko dute aurrez, e-postaz:     

Ate irekien egunean izena ematea:

            Epea: maiatzaren 5era arte irekia

                Izena emateko e-posta: administraritza@dantzerti.eus

 

Arrakala 2017ren baitan antolaturiko tailerren, gonbidatutako profesionalen nahiz ateak irekitzeko egunaren inguruko informazio gehiago, honako esteka honetan:

http://www.dantzerti.eus/gestor/recursos/uploads/ARRAKALA/ARRAKALA%20Dossier_OP.pdf

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko