Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 68 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu gazteen eta enplegagarritasun zaileko kolektiboen kontratazioa sustatzeko

2017.eko apirilak 25

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, “itxaropentsua” da langabeziari buruzko datua, urteko lehenengo hiruhilekoan % 11,4ra arte jaitsi baita

Gazteen eta enplegagarritasun zaileko kolektiboen kontratazioa sustatzea helburu duten hiru laguntza-programa onartu du Eusko Jaurlaritzak. Hiru laguntza-programa horiek Suspertze Ekonomikoaren Esparru Programan, 2020, biltzen dira. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan, adierazi du ia 68 milioi euro baino gehiago zuzenduko direla helburu horretara. Sailburuarekin batera izan dira Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburua. Gaurko bilkuran aztertutako gai guztien berri eman dute.

Jaurlaritzak 33,1 milioi euro bideratuko ditu enplegurako prestakuntza profesionala sustatzera, beste 33,8 milioi desgaitasunen bat duten pertsonak enplegu-zentro berezietan integratzea sustatzera eta 1,47 milioi gazteei zuzendutako Hezibi programara. Bestalde, sailburuak esan du gaur Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) bidez ezagutu den datua “itxaropentsua” dela, urteko lehenengo hiruhilekoan Euskadin langabezia tasa % 11,4ra arte jaitsi dela jakinarazi baitu, eta orain dela urtebete baino 34.400 pertsona gutxiago daudela lanik gabe. Okupazioak bereziki industrian egin du gora.  

Beste gaien artean, Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoaren antolamendua eta jarduna arautzen dituen erregelamendua onetsi du gaurko astearteko bileran. Erkorekak azaldu duenez, erregelamendu berriak salto kualitatibo bat eman du gardentasunari eta publizitate aktiboari dagokionez lehenengo online erregistro publikoa sortzen duelako, prokuradoretzako eta abokatutzako zerbitzu profesionalen kontratu guztien xehetasunak biltzen dituena. Gainera, dekretuak lehenbiziko aldiz sortzen du Eusko Jaurlaritzako letratuaren espezialitatea, epaiketako defentsa-eginkizuna betetzen dutenentzat. Koordinazio Juridikoko Batzordea sortu da ere, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiaren eta aholkularitza juridiko desberdinen lana koordinatzeko organo berria.

Era berean, gaurko bileran bideratu da Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2018. urteko jaiegunen egutegi ofiziala onartzen duen Dekretua, eta, horren arabera, honakoak izango dira datorren urteko jaiegunak: urtarrilak 1 eta 6; martxoak 29 eta 30; apirilak 2; maiatzak 1; abuztuak 15; urriak 12; azaroak 1; eta abenduak 6, 8 eta 25.

Azkenik, Uriarte sailburuak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 32.571.962,28 euroko kopurua bideratzea Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko, datozen bi ikasturteetan (2017-2018 eta 2018-2017). Zehazki, Hezkuntza Sailak egun Euskadin dauden eskola-garraiko 537 ibilbideetatik 380 aterako ditu lehiaketara. 380 ibilbide horietatik 149 Bizkaian daude, 117 Araban eta 114 Gipuzkoan. 

KUPOAREN NEGOZIAZIOAK

Bestalde, hedabideek egindako galderei erantzunez Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du oraingoz ez dela “aurrerapen esanguratsurik” egin Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu zentralaren artean Kupoaren inguruko akordioa lortzear dagoela esan ahal izateko, eta ziurtatu du Mariano Rajoyren Gobernuan ez dela ”borondate politiko handirik” ikusten. 

2017-04-25 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @fevas
    2017.eko apirilak 26

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco destina más de 68 millones de euros a incentivar la contratación de personas jóvenes y colecti... https://t.co/xwybNPHMRk

Ekitaldiko kargudunak