Eu

San José: "Kalitate lan bat lan seguru bat da ezeren gainetik"

2017.eko apirilak 27

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék langileen artean eta, oro har, gizartean kontzeptu hau zabaltzeko eskatu du: "kalitateko lan bat lan seguru bat da ezeren gainetik".

San Josék prentsaurreko bat eman du Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan Laneko sailburuorde Jon Azkuerekin eta Osalaneko Zuzendari Nagusi Alberto Alonsorekin, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguna (apirilaren 28a) dela eta.

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguna, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) 2003az geroztik mundu osoan zehar zabaldua, laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen prebentzioa sustatzeko eramaten da aurrera. Aurten, herrialde bakoitzak laneko segurtasunari eta osasunari buruzko datu fidagarriak biltzeko eta erabiltzeko duten gaitasuna hobetzeko premian oinarritu ditu bere ahaleginak.

"Laneko istripua saihestezina dela eta lanari atxikita dagoela kontzientzia kolektibotik errotik erauzten jarraituko dugu lanean", nabarmendu du sailburuak, eta enpresaburuei eskatu die prebentzioan inbertitzen jarraitzeko: “Prebentzioan inbertitzeak, erantzukizun sozialari lotutako eskakizun bat izateaz gainera, eragina baitu produktibitatearen eta lehiakortasunaren hobekuntzan".

Eskakizun horri lotuta, María Jesús San Josék patronalari eta sindikatuei eskatu die negoziazio kolektiboetan aurrera egiteko, zeren eta "laneko baldintzak hobetzea osasunaren eta segurtasunaren babes hobeago bati lotutako beste faktore bat baita".

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zeregina azaldu du Lan eta Justiziako sailburuak. Erakunde horretako langileek oso kualifikazio-maila altua dute eremu teknikoan eta prestakuntza-eremuan, laneko arriskuen prebentzioaren arloan, istripuen ikerketan eta prebentzioko langileen eta ordezkarien prestakuntzan planteatzen diren arazoei erantzun ahal izateko.

Datu horietan sakonduz, joan den urtean prebentzioko ordezkari gisa beren prestakuntza osatu zuten 882 pertsonak prestakuntza-eremuan, eta beste 872 eremu teknikoan, guztira emandako 104 ikastaroetan. Urte honetarako, prestakuntza-planaren helburua da prebentzioko mila bat ordezkari lortzea, bi eremuetan prestatuak.

Aurtengo kanpainari buruz, Egun hau dela eta, sailburuak azaldu du Osalanek sortu zenetik diharduela datuak eta estatistikak biltzen eta antolatzen, laneko baldintzen eboluzioari eta baldintza horiek langileen osasunean eragiten dituzten kalte nagusiei buruzko ikuspegi osatu bat eskaitzen dutenak; hala, kalte horien artean laneko istripuak eta laneko gaixotasunak nagusitzen dira.

Datu horiek gainetik aztertuz gero, gertakari ukaezin bat aurkituko dugu: 2016an handitu egin zen laneko istripuen kopurua 2015arekiko; %4,6 gehiago, hain zuzen ere. 2000ren hasieraz geroztik, ordea, gutxitu egin da laneko istripuen kopurua: 55.000 istripu urteko izatetik 2016an 31.500 izatera. Aurrerabide hori prebentzioaren arloan urte horietan guztietan egindako lanari zor zaio; eta emaitza horiek lortu ahal izan badira, adierazi du sailburuak, honi esker izan da, "guztiok inplikatu izan garen egitekoa, sindikatuak eta patronala barne".

“Nolanahi ere”, adierazi du María Jesús San Josék, "ezbehar-tasaren balioztapenak ezin du inoiz positiboa izan. Laneko segurtasunarekin eta osasunarekin kontzientziatutako gizarte bat istripu bakar bat ere onartzen ez duen gizartea da. Asko dago egiteko oraindik arriskuen prebentzioari dagokionez”.

Bere esku-hartzea amaitzean, sailburuak Laneko Ikuskatzailetzaren jarduketen datuak eman ditu, laneko arriskuen prebentzioari buruzkoak. Hala, adierazi du, "2016ko jarduketak 9.116 izan dira, 444 arau-hausterekin eta 1.745.180 euroko guztizko zenbatekoarekin, 2.240 errekerimendurekin guztira eta jardueren behin betiko 7 geldiarazterekin".

Ondoren, Osalaneko Zuzendari Nagusi Alberto Alonsok esku hartu du, eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundetik "Egizu laneko segurtasuna zure bizitzako parte" mezuarekin abian jarri den kanpaina espezifikoa aurkeztu du.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CapitanBasauri
    2017.eko apirilak 27

    Comentario de Twitter:
    San José: "Un trabajo de calidad es ante todo un trabajo seguro" https://t.co/Iq1cndIy3k

Ekitaldiko kargudunak