Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak 2010/2011ko Neguko Bide-zaintza Plana aurkeztu du

2010.eko azaroak 10

Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, Amparo Lopezek, 2010/2011 Neguko Bide-zaintza Plana aurkeztu zuen atzo goizean Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, Bilbon, egindako bilera batean. Bertan izan ziren Espainiako Gobernuko, Foru Aldundietako, autobideetako, Eusko Jaurlaritzako, Ertzaintzako eta Trafiko Zuzendaritzako ordezkariak.

Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak Bilbon duen egoitzan egin zen atzo (astelehena) goizean 2010/2011ko Neguko Bide-zaintza Planaren aurkezpen ekitaldia. Amparo Lopezek plan berriaren irizpide nagusiak ezagutarazi zizkien bertan bildutakoei. Era berean, plana abiatzen den bakoitzean -elur kota 1.000 metrotik behera kokatzen denean-, elurra kentzeko 140 makina eta edukiera handiko ibilgailuak bidetik kentzeko zazpi garabi handi mobilizatuko direla zehaztu zuen.

Zainketa eta laguntza lanak egiteko beste 107 ibilgailu ere jarriko direla adierazi zuen. Ertzaintzak, bere aldetik, 11 patruila jarriko ditu martxan plana alerta fasean dagoenean eta 20, planaren fase operatiboan. Halaber, polizia-etxeetako 33 patruilaren laguntza izango dute.

Instituzio eta erakunde ezberdinetako ordezkariak bildu ziren atzoko aurkezpen ekitaldian: Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza, Madrilgo Gobernuaren Ordezkariordetza, hiru Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza, Ertzaintza eta autobideetako langileak.

Bestalde, 2009/2010eko Neguko Bide-zaintza Planaren balantzea ere aurkeztu zen. 2009ko azaroaren 29tik aurtengo martxoaren 14ra bitartean zazpi aldiz abiatu zuten plan hura jarraipen eta informazio fasean. Horietako bostetan soilik jarri behar izan zuten plana fase operatiboan. Baliabide gehien mobilizatzea suposatu zuten gertakaririk larrienak ondokoak izan ziren. Batetik, abenduaren 15ean Agurainen jazotako eskola-umeak garraiatzen zituen autobus baten iraultzea; istripu hartan haur guztiak onik atera ziren. Hilabete batzuk geroago, aurtengo urtarrilaren 8an, Arabako errepideak motoentzat itxi egin zituzten bidean "izotz beltza" zegoelako eta moto-gidarietako asko erortzen zirelako. Hurrengo egunean errepide-sare bera kamioientzat itxi zuten eta A-8an kazkabarrak arazoak eragin zituen. Azkenik aipatu beharreko gertakaria martxoaren 8an izan zen. Egun hartan, N-1eko hainbat puntutan, N-622an eta N-1 eta N-240 errepideak lotzen diren gunean izandako istripu ezberdinen ondorioz pisu handia mugitzeko garabiak mobilizatu behar izan baitzituzten.

Elurretan ibiltzeko gomendioak

- Bidaiatzekotan, igaroko dituzun errepideen inguruko informazioa kontsultatu hedabideetan eta Euskadiko Trafiko Zentroaren 902.112.888 telefonoan. Beren egoera zaila bada, bidaia beranduago egin edo ahal izanez gero, bertan behera utzi. 
- Zure ibilgailuaren egoera egokia dela egiaztatu; matxura batek, txikia izanda ere, jende gutxi dabilen tokiren batean isolatuta utzi zaitzake.
- Aldean telefono mugikor bat eramatea komeni da, behar izanez gero laguntza eskatu ahal izateko.
- Gurpilak ondo daudela egiaztatu. Txarto badaude zirkulazioa zaildu egingo dizute, elurrak bidean eragindako arazoak nabarmenak ez izanda ere.
- Pneumatikoek ezinbesteko garrantzia dute errepidean ibiltzeko; neguko gurpilak erabiltzea gomendatzen da, segurtasun maila handiagoa eskaintzen dutelako.
- Egoera onean dauden kateak daramazkizula ziurtatu, zirkulazioa zaila den tarteren batean erabili beharra bazenu ere. Gogoratu bidea garbi dagoenean kateak ez direla erabili behar, eta jarri ostean kendu egin behar direla.
- Autoko berogailu sistema ondo dabilela egiaztatu.
- Errepidean zoazela agenteek egiten dizkizuten seinaleei kasu egin eta seinalizazio-paneletan azaltzen diren abisuak errespetatu.
- Gogoratu urduri edo oldarkor gidatuz gero eta bidean elurra badago, elurrak ibilgailuaren kontrola errazago galaraziko dizula; ez kolpera azeleratu edo galgatu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko