Artzain Eguna ospatu da Ordizian
Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da eta Luis Irizar sukaldariak, Euskal Sukaldaritza Berriaren sustatzaileen ordezkaritzan gazta gaztea ebaki du.
Gaur, Ordiziako Artzai Eguna ospatu da. Artzainak eta gazta izan dira protagonista goiz honetan. Besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da.
Aurten Luis Irizar sukaldariak, Euskal Sukaldaritza Berriaren sustatzaileen ordezkaritzan gazta gaztea ebaki du. Aurkezpenean parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuodeak, Bittor Orozek, Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendariak, Peli Manterolak, eta Elika Fundazioko zuzendariak, Arantza Madariagak.
Ekitaldi honetan ere Niko Osinalde, Goiturreko zuzendariari omenaldia egin zaio, Euskal Herrian naiz Euskal Herritik kanpo Idiazabal Gaztaren difusioan egindako lanagatik. Baita, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatu zaizkie Olaberriako Xanti Etxezarreta artzainari eta Sunbillako (Nafarroa) Luis Vicente Larrarteren Lizun gaztandegiari ere.
Artzai Egunaren ekintzak
Goizean goiz ekin zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egin den asteroko azoka izan da protagonista. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarri dira.
Gero, Jakes Etxean, artzainaren omenez, Ordiziako udalak jarri duen Peru izeneko figuraren aurkezpen ekitaldia ospatu da. Javier Arrieta eskultore zegamarrak landu du harrizko figura hau.
Baina egun honetan arreta gehiago sortu duen ekitaldia Ordiziako kaleetatik ardien pasatzea izan da. Garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibili dira 2.000 ardi baino gehiago.
Ordiziara hurbildu diren guztiek dastatzeaz, ile-mozte erakustaldiaz eta Idiazabal Gaztako dastaketa gidatuz disfrutatu dute.