Eu

Euskadiko populazioaren dentsitatea Madrilek bakarrik gainditzen du Espainia osoan

2017.eko apirilak 11
  • Euskadiko lurzoruaren %93,2 lurzoru urbanizaezina da; %6,78, aldiz, hirigintzako erabileretarako kalifikatuta dago, Lurralde Plangintzako sailburuordetzak argitaratutako lurralde- eta hirigintza-jasangarritasunaren adierazleen arabera
  • Hirigintzako erabileretarako lurzoruaren kalifikazioa %34 murriztu da, 2011n 380 hektarea izatetik orain 205 hektarea izatera

 

Lurralde Plangintzako sailburuordetzak Euskadiko lurralde- eta hirigintza-jasangarritasunaren 2016ko adierazleak argitaratu ditu. Indize horiek zenbaki bidez neurtzen dute lurraldearen antolamenduan erabiltzen diren parametro desberdinen arteko erlazioa. Erlazioan jartzen ditu lurzoru erabilgarria, ematen zaion erabilera, erabilera horien intentsitatea eta horrek guztiak zerbitzua ematen dioten populazioarekin eta ingurunean duten inpaktuarekin duen lotura. Azken batean tresna bat dira, gure herri eta hirietako hirigintzaren eboluzioaren segimendua egiteko aukera errazten duena, hala badagokio lurraldearen garapen iraunkorra lortzeko beharrezko zuzenketak ezartzea ahalbidetzen duena.

Euskadin, lurzoruaren %6,78 hirigintzako erabileretarako kalifikatuta dago une honetan; gainerako %93,2, berriz, lurzoru urbanizaezina da. EAEko populazioaren dentsitatea 300,38 biztanlekoa da lurraldearen kilometro karratu bakoitzeko; beraz, Espainian dentsitate handiena duen bigarren Autonomia Erkidegoa da, Madrilen atzetik (804 hab/km2) eta Kanarien eta Kataluniaren aurretik (286 eta 232 hab/km2, hurrenez hurren). Europa mailan, Erresuma Batuko 269 biztanle kilometro karratuko dentsitatearen eta Belgikako 372 biztanle kilometro karratuko dentsitatearen artean kokatzen da Euskadi.

Hirietako dentsitateari dagokionez, Euskal Herriko batez bestekoa 4.429 biztanle kilometro karratu bakoitzeko da, eta dentsitate handiena dutenak Bilbo (17.700 hab/km2) eta Ermua (11.583 hab/km2) dira hurrenez hurren. Kasu horietan, dentsitate handiko hiri-eredu bat da, Ameriketako hiri-ereduaren edota Europako hiri-ereduaren aldean.

 

Aztertutako beste faktore bat etxebizitza-dentsitatea da, garrantzi handiko adierazlea gure herri eta hirientzat, etxebizitza-dentsitate handiago batek herri eta hirietan egiteko handiagoa duen bizitza baitakar, baita kohesio sozial handiagoa, segurtasun handiagoa eta bizi-kalitate hobeagoa ere. Adierazle honen bitartez aztertzen dira, batetik, bizitegi-erabilerarako hiri-lurzoruan dauden etxebizitzen kopurua hektarea bakoitzeko, baita bertan aurreikusita dauden etxebizitza berriak ere. Hona hemen etxebizitza-dentsitate handiena duten hiriguneak: Eibar (114 etxebizitza hektarea bakoitzeko), Bilbo metropolitanoa (93); Zarautz-Azpeitia (69); Donostia (69) eta Arrasate-Bergara (67), eta horien atzetik Durango, Gernika eta Tolosa.

 

‘Hiri-eredua’ izeneko adierazleak lurzoru urbanizagarriaren portzentajea adierazten du oraingo hiri-lurzoruaren guztizkoarekin eta urbanizatzeko egokia den horrekin alderatuta, eta lurzoruaren eraldaketa urbanistikoaren aurreikuspena erakusten du; beraz, eraldaketa horren definizio egokiak ezarriko du aurreikusitako artifizializazio-prozesuko arrazoizkotasuna. Euskadin, lurzoru urbanizagarria %19,88 da hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren guztizkoarekiko, eta portzentaje horretatik %47,82 bizitegi-erabilerarako eta %52,18 jarduera ekonomikoetarako kalifikatuta dago. Eredu hori aldatu egiten da isurialde kantauriarraren eta isurialde mediterraneoaren artean: lehenengoan, adierazle hori %17,87koa da Bizkairako eta %18,25ekoa Gipuzkoarako; bigarrenean, berriz, %22,83koa da Arabarako, lurraldearen orografiak berak hazkundearen hedaduran eragina duela erakutsiz.

Bizitegi-garapenari dagokionez, plangintzak aurreikusitako etxebizitzen kopurua Euskadin 198.571 da; %20,52ko hazkundea adierazten duen kopurua, orain dagoen etxebizitza-parkearekin alderatuta. Aurreikuspen horien banaketa ez da homogeneoa eta Bilbo metropolitanorako aurreikusitako %14,65eko hazkundetik Guardiarako aurreikusitako %59,48ra aldatzen da.

Gainera, azken urteotan lurzoruaren artifizializazioaren eta kalifikazio urbanistikoaren eboluzioa aztertzen du, ezinbesteko garrantzia duen baliabidea izanik, funtsezko funtzio ugari betetzen baititu, ingurumenari, ekonomiari nahiz gizarteari lotutakoak. Zentzu horretan, adierazi beharra dago hirigintza-erabileretarako lurzoruaren kalifikazio-erritmoa jaitsi egin dela 2011z geroztik, urte hartan kalifikatutako urteko 380 hektareatik oraingo urteko 205 hekatereetara batez beste, positibotzat jo daitekeena lurralde-jasangarritasunaren testuinguruan.

Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondoren iritziz, adierazle horiek erakusten duten Euskadiren argazkia “bat dator garapen iraunkorraren helburuekin, dentsitate handiko hiri eta herri batzuek adierazten dituzten abantailei begira. Dentsitateak harreman eta kohesio soziala, mugikortasun txikiagoa eta, azken batean, bizi-kalitate hobea bultzatzen ditu. Orain barrurantz begiratu behar dugu, eta auzo zahartuenen eta narriatuenen hiri-berroneratzean eta berrikuntzan lan egiten ahalegindu.

Lurralde- eta hirigintza-jasangarritasunaren adierazleei buruzko informazio guztia xehetasun handiagoaz biltzen duen web orria: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-aa33a/es/aa33aIndicadoresWAR/indicadoresJSP/index.jsp

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak