Elkarlan Sariak
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Artolazabal: “Lanbiden ezarritako hobekuntza-neurrien bitartez, herritarrentzako eta enplegu-zerbitzuaren arretan lanean ari direnentzako kudeaketa arina eta eraginkorra lortu nahi da”

2017-04-10
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzaldia Legebiltzarrean

 

Gaur goizean Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azpimarratu du, bere saila ezartzen ari den hobekuntza-neurriek “ez dutela iruzurra kontrolatzeko helburua bakarrik. Horretaz gain, herritarrentzako eta hauei arreta ematen egunero lanean dihardutenentzako kudeaketa arina eta eraginkorra izan dadin bilatzen dute”.

Legebiltzarraren kontroleko osoko bilkuran egindako hitzaldian, Artolazabalek hauxe azpimarratu du: “lehen neurri hauen helburuak hiru esparrutan kokatzen dira: barruko esparrua —kudeaketa-, kontrol- eta informazio-sistemak hobetuz—; zerbitzua jasoko duten pertsonei zuzendua dagoen esparrua —ebazpenak arinduz—; eta herritarrekin oro har lotuta dagoen esparrua —egiazko informazio bat helaraziz, eredua ulertzea eta horrek gaur egungo gizartean izango dituen ondorio positiboak bilatuta—“.

"Abian jartzen ari garen neurrien bidez, bulegoetako lana optimizatu, beste administrazio batzuekin koordinazio handiagoa sustatu, izapideak arindu eta langileen lan-baldintzak hobetu nahi ditugu”, aipatu du Artolazabalek.

Hitzaldian Artolazabal sailburuak hauxe azaldu du: “Jaurlaritza honentzako Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta —ezarri zenetik hala dela frogatu ondoren— beharrezko tresna bat da kohesio soziala bermatzeko, pobrezia saihesteko eta laneratzea sustatzeko, pertsonak langabezian denbora luzez egon ez daitezen”.

“Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta beharrezko neurria da euskal gizartean gizarte mailako desorekak ez gertatzeko, eta hori frogatzeko esan, urtero 132 mila lagun inguruk jasotzen dutela errenta hori, bereziki bizi izan dugun eta poliki-poliki gainditzen ari geren krisi ekonomikoaren barruan. Norbaitek hobekuntza-plan hau ezereztu egin du, hatz-marka digitalizatuen bidez identifikatzeko xehetasuna azpimarratuz, jarduteko modu hori herritarren arreta eta kudeaketa hobetzeko teknologia berrien aplikazioa besterik ez denean.  Gaur egun pertsonak hatz-marka bidez identifikatzen gara erakunde eta enpresa modernoetan. Hala gertatzen da Lanbideren kasuan” gaineratu du sailburuak.

Hitzaldi horretan Artolazabalek hauxe ere aipatu du: “Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta adostasun zabal baten bidez sortu zen, Estatuan aitzindaria eta Europan erreferente bihurtu dena. Sistemaz arro gaude, eta babestu eta defendatu egingo dugu. Gure herritar askok onartu dute sistema; hala, inoren gustukoak ez diren egoerak saihesten dira".

“Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren kudeaketa hobetu nahi dugu: izapideak sinplifikatuz, informazioa hobetuz eta informazio hori hobeto kontrolatzen saiatuz, administrazioen arteko komunikazio handiagoari esker. Gure helburu nagusia da zerbitzua jaso behar duten pertsonek erantzun azkarragoak izan ditzaten behar diren izapideak egiteko garaian; eta, aldi berean, sistema hau euskal herritar guztiengana zabaltzea hobeto ezagutu dezaten” adierazi du Beatriz Artolazabalek.

 

Hobekuntza

Bere hitzaldian Artolazabal sailburuak hauxe ere aipatu du: “hobekuntza-prozesu bat hasi da eta abian jartzen ditugun neurriek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta izapidetzeko prozesuan kalitatezko ziurtagiria lortzen lagunduko digute. Helburu horrekin egingo dugu lan. Sistema bera hobetzeko lan egiteko prest jarraitzen dugu. Eta, jakina, urrats hori Legebiltzar honetan ahalik eta adostasun handiena lortuz eman nahi dugu”.

“Iragan abenduaren 15ean Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari hitzarmen bat sustatzea eskatu zion. Hitzarmen horren bidez Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) aldaketak egin beharko dira Errenta hau gizarte-kohesiorako tresna gisa sendotzeko eta pobrezia-egoera berriei erantzuteko, eta egoera hauek betirako ez bihurtzeko” gogoratu du Artolazabalek.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaineratu du “eskaera horretan Ganberak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari lotutako alderdi guztien diagnostiko espezifikoari buruzko txostena eskatzen zuen. Txosten hori jada osatzen ari dira Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailean, eta bere garaian aipatu genuen epean hemen aurkeztuko da: maiatzaren erdi aldera. Txosten hori aurkeztu ondoren, Legebiltzarrean izapidetzeko ohiko epeak izango ditugu. Epe horiek zerbitzuen sistema berria abian jarri arte luza daitezke”.

“Gu jada aurrera egiten ari gara eta, horretarako, gizarte-politiken barruan hainbat ekimen eguneratzen, hobetzen eta garatzen ari gara; kasu honetan, Lanbideren kudeaketan. Denbora-epe labur honetan, gai honekin lotutako hainbat bilera tekniko eta politiko egin ditugu; besteak beste, Arartekoarekin eta bere taldearekin. Bilera horietan bat egin dugu, beste hainbat gairen artean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta izapidetzeko irizpideak zabaltzeari buruz gogoeta bat egiteko beharraren inguruan kezka azalduz. Gainera, denbora honetan, jada iragarrita zeuden Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Lanbideren kudeaketan hainbat hobekuntza-neurri ezarri ditugu dagoeneko.  Eta, lehen hiruhileko honetako lanen plangintzaren barruan, premia honi ere lehentasuna eman diogu, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta izapidetzeko irizpideak jada argitaratuta daude Lanbideren webgunean” azpimarratu du Artolazabal sailburuak.

Izapidetze-irizpideetan alderdi hauek hartzen dira kontuan: bizikidetzako unitateak, bizilekua; babes subsidiario duten pertsonei, aberrigabeei, asiloari eta errefuxiatuei buruzko argibideak; laneko kontuak; lan autonomoa eta norberaren kontura egindako lana; gai ekonomikoak; ondarea, prozedura, eskubide ekonomikoen balorazioa eta etxeko indarkeriaren biktimak.

“Lan-agindu horien definizioan espedienteen izapidetzean sarrien egiten diren galderei erantzun argia eta zehatza ematen zaie.  “Ohiko galderen” definizio hori izapidetze-irizpideetan jasota dago eta espedienteak ebazten laguntzeko eta azkartzeko tresna bat da. Nire sailean eta Lanbiden hasieratik konturatu gara Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta bideratzeko irizpideak eguneratzeko dagoen beharra —gai honen inguruko gogoeta jada aurreko legealdian hasi zen—, Lanbideren kudeaketa hobeto burutzeko oinarrizko dokumentu bat delako” aipatu du sailburuak.

"Diru-sarrerak Bermatzeko Legea aldatzeko eta Gizarteratzeko lanean jarraitzen dugu, beti herritarrek informazio hori era argian eskuratu behar dutela jakinda. Horretarako irakurketa erraz baten irizpideak hartu ditugu kontuan. Lanbidek bere webgunean argitaratutako irizpide horiek Sailean eta Jaurlaritzan ezarri ditugun gardentasuneko eta irisgarritasuneko printzipioa jarraitzen dute” gaineratu du Artolazabal sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)