Eu

URAk lizitazio-deialdia egin du Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusiaren eraikitze-lanak egiteko, Gernika-Busturia tartean

2017.eko apirilak 07

URAk lizitazio-deialdia aurkeztu berri du: Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusia eraikitzeko lanak egiteko, Gernika-Busturia tartean. Lizitazio-aurrekontua: 22.951.067,42 €koa.

Proiektu hori URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako lankidetzarako lan-hitzarmenean jasotzen da. Hitzarmen horrek xede du saneamendu-sarea eraiki eta hondakin-urak Bermeoko Lamiarango HUAra (Hondakin Uren Araztegira) bideratzea ahalbidetuko duten lanak egitea. Hitzarmen horrek zedarritutakoaren arabera, Uraren Euskal Agentziak — Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailera atxikia — 49.070.000€ inbertituko ditu 5 urteren buruan, 2003 geroztik Eusko Jaurlaritzak jadanik ordaindutako 35.000.000€-ei gehitzen zaiena; beste alde batetik, Busturialdeko Ur Partzuergoak konpromisoa hartu du kudeaketa plan bat zehazteko saneamendu-azpiegituren mantentze teknikoa eta ekonomikoa ahalbidetze aldera; hartara, etorkizunean ur-hornidura eta hondakin-uren kudeaketarako beste administrazioen laguntza-eske jotzea ekiditeko.

Gernika-Busturiako kolektore-tartea

Gernikako ponpaketa-estaziotik (Gernikako araztegiaren eremuan) eta Busturiako ponpaketa-estazioaren arteko tartean, itsasadarraren ezkerraldeko kolektore berria egiteko lanon lizitazio-deialdia egingo du URAk.

Lan horien xedea: Gernikatik Busturiaraino hondakin urak jaso, abian diren edo eraikitzen ari diren kolektore tarteen bidez batu eta horiek guztiak (ezkerraldeko herri-guneetakoak zein eskuinaldeko herrigune batzutakoak) Lamiarango araztegira helaraztea bertan dagokion legez trata ditzaten, itsasora isuri aurretik.

Lanon barruan 6,5 km-ko kolektore-tarte berria egingo da (tartearen gehiengoan grabitateak bultzatuko ditu urak; baina, ia 2 kilometrotan, emarien bultzatzea beharrezkoa izango da); 2 kilometro eta erdi hodi eraiki beharko dira Gambe eta Muruetako hondakin urak kolektorera bideratzeko; eta, azkenik, 4 ponpatze eraikiko dira isuriak saneamendu-sistemara helarazteko.

Halaber, aurreko lanok egindako zuloak irekita direla baliatuz, hornidurarako 6,5 km hodi berri eraikiko da (Busturia eta Gernika arteko hornidura-hodia berriztatzea beharrezkoa da: bai gaur erabiltzen dena padura-gunean dagoelako, baita egoera makalean dagoelako ere).

Lan horiei esker, Gernika eta Lamiarango HUA arteko saneamendu-sarearen tarteak bukatuko dira, eta, hartara, Gernika, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi edota ezkerraldeko beste herriguneen hondakin-urak, behingoz, Bermeon dagoen HUAraino bideratuko dira, dagokion legez tratatuak izan daitezen. 

Lamiarango HUA eta Sukarrieta arteko tartean lanak abian

Orain, URA, Sukarrietako Marisma parkeko lurpean, hondakin-urak ponpatzeko estazioa eraikitzen ari da.

Orain dela gutxi, izango den lurpeko estazioaren perimetroko horma burutu du URAk: diametro askotariko 300 pilote baino gehiago, 40 x 40 metroko area bat ixteko.

Aste honetan estazio horren estalki-teilatua eraikitzen bukatuko da (lanok bukatutakoan Marismako parkearen zoru zati bat izango da). Estalki hori bukatutakoan, zehaztutako perimetro horren barruko lurrak erauziko dira: izan ere, sortuko den espazio horretan hondakin-urak ponpatzeko tresneria instalatu beharko da, ur horiek Lamiaraneraino heltzea bultzatzeko.

Era berean, ponpaketa-estaziotik Bermeorako noranzkoan, BI-2235 azpitik igaroko den  bulkada-hodi bat eraikitzen hasi gara, 1600 mm diametroko tinkatzea baliatuz.

Sukarrieta eta Lamiarango HUA arteko tartean egingo diren lanok, orotara, 12.496.093,46€ko aurrekontua dute, eta 2018ko bigarren hiruhilabeterako burutuak izatea aurreikusten da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak