Berriak Hezkuntza
Eu

Agustin Sanchez Lavega astrofisikariarentzat 2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria

2017.eko apirilak 06

2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria Agustin Sanchez Lavega astrofisikari eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatuko Katedradun Agustin Sanchez Lavegak jasoko du, epaimahaiaren erabakiz. Zientzia eta Teknologiaren arloan entzute handiko bost ikerlarik osatutako epaimahaiak Sanchez Lavega astrofisikariaren aldeko ebazpena jakinarazi du, 21. edizio honetan aurkeztutako 13 hautagaien artean aukeratzeko goiza Bilbon elkartuta eman ondoren. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza sailburuak sarituari berari jakinarazi berri dio ebazpena, telefono bidez.

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten da deialdia; urte bikoitietan aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak.

Agustin Sanchez Lavega (Bilbo, 1954) Zientzia Fisikoan lizentziatua da (1978an), eta Euskal Herriko Unibertsitatean doktore 1986an. Ibilbide profesionala 1980an hasi zuen Alemaniako Max Plank Institut für Astronomie institutuan (Heidelberg, Alemania), CAHA hispaniar-alemaniar Astronomia Zentroan, Almeriako Calar Alto behatokian. UPV/EHUren Ingeniaritza Goi Eskola Teknikora 1987an itzuli zen, eta bertako katedradun da 1994tik.

Sanchez Lavega irakaslea aitzindari izan da Euskadiko espazio-zientzien arloan astronomia eta astrofisika txertatzen: gure erkidegoan, GCP – Planeta Zientzien Taldearekin gauzatu zen ikertzaile-eskola sortu zuen, eta 2009an Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan Espazio Gela eta Behatoki Astronomikoa fundatu zituen.

Sanchez Lavegaren ikerketak eremu esperimentala bezalaxe –hainbat motatako teleskopio eta plataforma espazialekin buruturiko behaketen bidez- arlo teorikoa ere hartzen du: Jupiter, Saturno eta honen satelite Titan-en atmosferetako ekaitz-ereduen garapena eginez; Venus, Jupiter eta Saturnoko zirkulazio jeneralen eta haizeen inguruko ereduen bidez; eta planeta erraldoietako antizikloi eta zikloi erraldoien izaerari buruzkoak garatuz.

Oinarrizko zientzian egin duen ikerketaz gain, Sanchez Lavega irakasleak astronomia-instrumentazioaren garapen teknologikoan ere badihardu, UPV/EHUren PlanetCam proiektuan. Teknologia espazialaren eremuan, Europako Espazio Agentziaren zenbait proiektutan parte hartu du, hala nola, Venus Express misioaren VIRTIS proiektuan, eta JUICE misio espazialaren MAGIS proiektuan. Gainera berriki, Martitz planetarako NASAren Mars 2020 misioan MEDA instrumentuaren ikertzailekide eta koordinatzaile zientifiko izendatua izan da.

Era berean, Sanchez Lavega irakasleak lan intelektual trinkoa ere egin du, astronomia eta espazio-zientzietako ezagutzaren zabalkundearekiko konpromisoa hartuta. Zabalkunde eta saiakera liburu zenbaiten idazle ere bada: “Planetas Exteriores” (1987), “Origen y Evolución: desde el Big Bang a las sociedades complejas” (1999), “Misterios a la luz de la Ciencia” (2008).

Epaimahaiak aintzat hartu du Sanchez Lavega irakasleak ikerketan eta irakaskuntzan izandako ibilbidea, eta Zientzia Planetarioen alorrean nazioarteko erreferente bihurtu den ikerketa-taldea sortu eta zuzendu izana. Horrez gain, nabarmendu nahi du haren ikerketa-lana maila eta ikusgarritasun handiko argitalpen ugaritan islatu dela, eta nazio-mailako eta nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu duela, ikertzaile nagusi gisa. Sarituak oso ekarpen garrantzitsua egin dio atmosfera planetarioen azterketari, baita haiek ikertzeko metodologia berritzaileen garapenari ere.

Halaber, zientziaren dibulgazioan eta zientzialari gazteen prestakuntzan urte luzez egindako lan oparoa goraipatzen du epaimahaiak

2016ko Euskadi Ikerkuntza Sariaren epaimahaia Zientzia eta Teknologia arloan ospe handiko bost kidek osatu dute, hala nola: Manuel Tuñon de Lara, mediku pneumologoa eta Bordeleko Unibertsitateko Errektorea; Maria Jesus Esteban Galarza, matematikaria, Frantziako CNRS-ko ikertzailea (Centre National de la Recherche Scientifique) eta EMSko (European Mathematical Society) Matematika Aplikatuaren Batzordeko presidentea; Luis Antonio Oro Giral, Kimika Inorganikoan Katedraduna Zaragozako Unibertsitatean; Mª Teresa Miras Portugal, Biokimika eta Biologia Molekularrean Katedraduna, Madrilgo Complutense Unibertsitatean; eta Javier Tejada Palacios, Oinarrizko Fisikako Departamentuan Katedradun, Bartzelonako Unibertsitatean. 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • Autokanporatutako erabiltzailea
    2017.eko apirilak 21

    Increible investigación en tiempos modernos creo que se destaca la metodología utilizada en base a los factores universales sobre astrofísica, la NASA debería tener en cuenta la actividad científica que muchos investigadores en el mundo realizan, me incluyo. Para quienes estén interesados en una visión más amplia de este tipo de estudios les recomiendo participar en foros de investigación académicos en: www.ups.edu.ec/web/guest/grupos-de-investigacion

    www.ups.edu.ec

  • @gananzia
    2017.eko apirilak 09

    Comentario de Twitter:
    Agustin Sánchez Lavega, premio Euskadi de Investigación: https://t.co/6IXx79DuC1

  • @DIPCehu
    2017.eko apirilak 06

    Comentario de Twitter:
    Premio Euskadi de Investigación 2016 para el astrofísico Agustín Sánchez Lavega. Enhorabuena por el merecido premio! https://t.co/j7YnBO0L7d

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak