Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak batez beste 469.000 joan-etorri espero ditu Aste Santuan Euskadiko errepideetan

2017.eko apirilak 07

Abiadura desegokiaren eta arreta-galtzearen arriskuak dira opor garaiko kontzientziazio-kanpainaren ardatzak

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren kalkuluen arabera, apirilaren 12tik 17ra bitartean batez beste 469.000 joan-etorri egingo dira Euskadiko errepideetan, aurreko urteko Aste Santuan baino % 5 gehiago.Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean azaldu ditu, Bilbon emandako prentsaurrekoan, datorren asteazkenean abian jarriko den operazio bereziaren nondik norakoak.

Apirilaren 12tik 17ra bitartean, Aste Santuko jaiegunetan, % 5 egingo dute gora Euskadiko errepideetan ibilbide luzeko joan-etorriek. Ertzaintzaren trafikoko berrehun ertzainek zainduko dute errepide nagusietako trafikoa.

“Trafiko Zuzendaritzak ‘Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen’ kontzientziazio-kanpainarekin jarraituko du –azaldu du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak–; izan ere, garrantzitsua da bide-segurtasuna arriskuan jarriko duen arriskurik ez dela hartu behar azpimarratzea. Arreta-galtzeak eta abiadura desegokiak arrisku handia eragiten dute.Eta saihets daitezke.Gehiegizko abiadura da istripuen % 25en arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere”.

Iaz, 2016an, izapidetutako 291.300 salaketetatik 215.790 baimendutako abiadura-mugak gainditzeagatik izapidetu ziren (170.905 radar finkoen bidez erregistratu ziren eta 44.885 radar mugikorren bidez).

Trafiko intentsitate handieneko puntuak

Iazko Aste Santuko trafiko-intentsitateari buruzko datuak aztertu ondoren egindako kalkuluen arabera, intentsitaterik handiena hiru puntutan aurreikusten da:A-8an, Kantabriako mugan; AP-8an, Biriatouko ordainlekuan; eta AP-1ek A-1ekin bat egiten duen puntuan, Armiñongo lotunean.

Kantabriako mugan zirkulazio-intentsitate handia izaten da asteazkenean, Ostegun Santu bezperan, arratsaldean, 15:00etatik 21:00ak bitartean, eta Ostegun Santu goizean, 9:00etatik 15:00ak bitartean. Bilborako noranzkoan itzulera Pazkoa Astelehenean izaten da, 13:00ak eta 21:00ak bitartean, baina azken urteotan ez da auto-ilara handirik sortu Bizkaiko lurraldean.  

AP-8an, Biriatouko ordainlekuan (Frantziako noranzkoan) egunik zailena Ostegun Santua izaten da, goizean, baina iaz, mugan jarritako kontrolen ondorioz, asteazken arratsaldean sortu ziren lehenengo auto-ilarak –asteazken arratsaldean, 18:30ean, 10 kilometrotara iritsi ziren–, eta ostegun goizean berriz sortu ziren, eta bi kasuetan Irungo ordainlekua gainditu zuten. Bestalde, Pazkoa Astelehena jaieguna da Frantzian, eta Donostiako noranzkoan ibilgailuen zirkulazioa geldoa izan ohi da ostiralean eta larunbatean.

Arreta berezia eskatzen duen hirugarren gunea Armiñongo lotunea da, eta bertan auto-ilarak sortu daitezke A-1etik AP-1era sartzeko puntuan, hiru erreietatik errei bakarrera pasatzean. Zirkulazio-dentsitaterik handiena izaten da asteazkenean, 15:00etatik 20:00etara, eta Ostegun Santuan, 8:00etatik 14:30era.  Itzulera fasea Pazkoa Astelehenean izaten da, baina ez da auto-ilara esanguratsurik sortzen Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin, Miñoiekin eta Europistas (AP-1) enpresarekin koordinatuta, antolatutako seinalizazio-dispositibo bereziari esker.

Ezbehar-tasaren bilakaera

Ezbehar-tasari dagokionez, Aste Santuan, orain dela hainbat urtetatik hasita, behera egin dute bai istripuek bai istripuetan hildako eta zauritutako pertsona kopuruak. 2012an, esate baterako, bi pertsona hil ziren istripuz (Araban) eta 123 istripu izan ziren guztira; azken lau urteotan (2013, 2014, 2015 eta 2016) ez da hildakorik izan eta behera egin dute istripuek Aste Santuan (107, 100, 99 eta 73 hurrenez hurren). Zauri larriak nahiz arinak izan dituztenen kopuruak ere behera egin du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak