Eu

Miren Dobaran sailburuordeak oso balorazio positiboa egin du hizkuntza politikaren arloko lankidetza-protokoloaren inguruko bileraz

2017.eko apirilak 05

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran Galizian izan da egunotan, hizkuntza politikaren arloko lankidetza-protokoloaren inguruan izandako bileran. Hitzarmen honen sinatzaileek Nafarroako Gobernuaren eta Valentziako Generalitataren atxikimendua onartu dute. Horrela, sei erakunde izango dira protokolo honen atzean eta era koordinatuan egingo dute lan eleaniztasunaren interesen alde Estatuan eta hizkuntza koofizialen erabileraren alde. Miren Dobaranek oso balorazio positiboa egin du bilera honetaz.

Eusko Jaurlaritzarekin batera, Generalitat de Catalunya, Xunta de Galicia, Govern de les Illes Balears, Nafarroako Gobernua eta Generalitat Valenciana izango dira protokoloan. Horiek horrela, sailburuordearekin batera, Santiagoko bileran izan dira Galiziako Hizkuntza Politikako zuzendari orokor Valentín García, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako zuzendari orokor Ester Franquesa, Nafarroako Euskarabideako zuzendari Mikel Arregi eta Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikako zuzendari Rubén Trenzano. Estatuan eta Europan hizkuntza-aniztasunaren interesak babesteko koordinaziorako jardun-ildo nagusiak jorratu dituzte batzarrean, eta lankidetza-protokoloaren barruan galiziera, euskara eta katalana normalizatzeko prozesuetako lan-arloei buruzko esperientziez hitz egiteko aukera izan dute.

Besteak beste, honako gai hauek jorratu dira bileran: Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna betetzearen jarraipen-txostena; Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarean (NPLD) gobernuen jardun-ildoak; eta protokoloaren esparruko aurtengo lan-plangintza (Estatuko hizkuntza-aniztasuneko errealitatearen sustapenari buruzko saria ematea edo Kanpo Gaietarako eta Lankidetzako Ministerioarekiko hitzarmena —zinpeko itzultzaile eta interpretari lanbiderako gaitasunak egiaztatzeko probak elkarri onartzekoa—).

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek protokolo honen garrantzia nabarmendu du eta Nafarroako Gobernuaren sarrerari balioa eman dio: “Eusko Jaurlaritzak etengabeko harremana dauka Estatuan gainontzeko hizkuntza propioak kudeatzen dituzten erakundeekin. Lankidetza-protokoloa eta honen inguruan egiten diren bilerek elkarlan honetan sakontzea ahalbidetzen dute, proiektuak elkarrekin garatzeko aukera ematen digute eta esperientziak trukatzea posible egiten dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren ustez, oso albiste pozgarria da Nafarroako Gobernuak bat egitea Protokolo honekin. Izan ere, bi erakundeok euskararen garapena defendatu ahal izango dugu foro honetan, elkarrekin eta era koordinatuan”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak