Eu

Artolazabal: “Euskadi Lagunkoia Europan dagoen “adineko pertsonen lagun diren udalerrien” sare handiena da”

2017.eko apirilak 06

 

  • Age-friendly Environments Programme sarea osatzen duten 400 hiri eta udalerrietako 40 Euskadin daude
  • “Lagunkoitasun-programan, adineko pertsonak dira ongizatea sortzeko prozesuaren protagonistak”
  • Bi euskal udalerritatik batean adineko pertsonek biztanleriaren % 20 gainditzen dute
  • Ia adineko biztanle guztiek adierazten dute “bai Euskadi eta bai beren udalerria eta auzoa bizi izateko leku lagunkoiak direla”
  • “Bizitza osorako zeregina da ongi zahartzea, eta erantzukizun pertsonal eta kolektiboa eskatzen du”

 

Donostia, 2017/04/06

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur goizean aurkeztu du adinekoek eta herritarrek oro har Euskadiko udalerrietan auzoak eta inguruak hobetzen parte har dezatela bultzatzea helburu duen Euskadi Lagunkoia sarearen 2012-2016ko diagnostikoaren txostena. Mundu osoan 37 herrialdetako 400 hiri eta erkidego dituen sare hori “ikaragarri sakon sartu da gure erkidegoan”, Artolazabalek azaldu duen moduan. Izan ere, “400 hiri eta udalerri horietako 40 Euskadin daude, eta, horrenbestez, Europako eta munduko adineko pertsonenganako udalerrien lagunkoitasun-sare handiena da gurea”.

 

‘Euskadi Lagunkoia’ proiektua Osasunaren Mundu Erakundeak 2005. urteaz geroztik sustatu zuen ‘Age-friendly Environments Programme’ ekimenean oinarritzen da. Euskadin 2012. urtean sortu zen, herritarren eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin, zahartzen ari diren pertsonen bizimodua erraztuko duten inguruneak sustatzeko lagunkoitasun-mugimendua garatzeko.

 

Artolazabalen iritziz, “bizitza osorako zeregina da ongi zahartzea, eta erantzukizun pertsonal eta kolektiboa eskatzen du. Eta horregatik, gehitu du, “adineko pertsonentzat egokitutako hiriak eta erkidegoak eraikitzea da biztanleriaren zahartzeari erantzuteko tokiko planteamendu politiko eraginkorrenetakoa”.

 

Artolazabalek azpimarratu duenez, “lagunkoitasun-programan, adineko pertsonak ongizatea sortzeko prozesu baten protagonistak dira. Ongizate horrek gure eguneroko bizitzan eragina izango du, espazio publikoak zentzuz berreskuratzea eskatuko du, herritarren harremanetan eta zaintzen transferentzian eragina izango du… Azken finean, udalerriko eguneroko bizitza denentzat pixka bat onberagoa eta pozgarriagoa izan dadila ahalbidetzen duten gauza txiki horietan guztietan eragingo du”.

 

2012-2016ko diagnostikoaren txostenak Euskadi Lagunkoia sarean orain arte egindako lana biltzen du, lurraldearen diagnostikoa egiteko parte hartu duten udalerrietan atera den informazioa ere barne dela. Aztertu diren datuen artean honako hauek daude: 2.775 laguni egindako ‘Lagunkoitasun Inkestak’ eskainitako datuak; talde eta topaketetan izan diren 400etik gora parte-hartzailek sortutako informazioa; Eustaten adierazleak; eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Euskadiko adineko pertsonen errealitateari buruz egindako inkestak (2011 eta 2014). Horrez gain, hainbat elkarrizketa egin zaizkie euskal lurraldean lagunkoitasun-mugimenduan inplikatuta dauden administrazio publikoaren, udalen, unibertsitatearen eta elkartegintza-munduaren esparruko funtsezko eragileei.

 

Emaitzak

Gaur egun, 2.164.144 biztanle daude euskal erkidegoan (INEren 2016ko datuak). Horietatik 469.913 pertsona 65 urtetik gorakoak dira (guztien % 21,71). 2031rako biztanleriaren proiekzioetan egiten diren zenbatespenen arabera, biztanleria osoaren % 30ek, gutxi gorabehera, 65 urte edo gehiago izango ditu. Ordurako 608.000 pertsona inguru izango dira. Urte horretan, 2.400 pertsonak 100 urte baino gehiago izango dituzte. Adin horretako emakume kopurua ia gizon kopuruaren laukoitza izango da.

 

Bi euskal udalerritatik batean adineko pertsonek zentsu osoaren% 20 gainditzen dute (Eustaten arabera, EAEko 251 udalerrietatik 127 daude egoera horretan). 24 udalerritan zifra hori % 25etik gorakoa da. Horrek esan nahi du lau pertsonatatik batek 65 urte bete dituela.

 

Ia adineko biztanle guztiek adierazten dutenez “bai Euskadi eta bai beren udalerria eta auzoa bizi izateko leku lagunkoiak dira, hots, pertsonen beharretara egokituta daude eta bertan elkarrekin bizitzea erraza da”. 4 pertsonatatik ia 3ren iritziz, beren udalerriak oso atseginak edo atsegin samarrak dira.

 

Ebaluazio orokorrean, familiarekin, gizarte-ingurunearekin, lagunekin eta abar duten harremana da hobekien baloratzen dutena, 7.44 puntu ematen baitiote batez beste (0 eta 10 arteko eskalan). Beraz, balorazio bikaina egiten dute egun dagoen ehun sozialaz. Bigarren tokian gizarte- eta osasun-zerbitzuak daude (6.73). Herriko pertsona helduenganako errespetua eta gizarteratzea 6.68 punturekin baloratzen dute. Eta beste muturrean, hauek dira okerren baloratzen dituztenak: etxebizitza (5.4 puntu batez beste), komunikazioa eta erabilgarri dagoen informazioa (5.78), parte-hartzea (5.89) eta garraioa (6.04).

 

Inkestatutako pertsona gehienek adierazten dute senitartekoen arteko harremanak oso sarriak edo sarri samarrak direla (% 81,8). Gainera, senitarteko horiek etxetik oso gertu edo gertu samar bizi dira (% 60,9) eta oso maiz laguntzen diote elkarri (% 71.4). Gainera, inkestatutako hamar pertsonatatik lauk adierazten dute auzotarrek asko laguntzen diotela elkarri. Pertsonen % 68k diote auzotarrak ezagutzen dituztela eta % 59.2k adierazten dute, gainera, ongi edo ongi samar ezagutzen dituztela merkatariak, saltokietako jabeak eta langileak. % 38k adierazten dute, halaber, merkatari horiek egoera jakin batzuetan lagundu egiten dietela.

 

Etxebizitzaren esparruan, adierazi dituzten arazoak garestitasunari eta eskuragarritasunari buruzkoak dira. Dena den, adineko euskal biztanleen % 84k beren ohiko etxean bizi izaten jarraitu nahi dute, are mendekotasun-egoerek sortutako laguntzaren bat behar badute ere.

 

Adinekoen ingurunea

Ingurunearekiko harremanari dagokionez, 55 urte edo gehiago dituzten pertsonen % 54.8k modu informalean zaintzen dituzte seme-alabak, bilobak, adineko pertsonaren bat edo desgaitasuna duen pertsonaren bat, eta % 7.7 besterik ez dira osasun-arrazoiengatik beste norbaitek zaintzen dituenak.Gainera, 55 urte edo gehiago dituzten pertsonen % 18.7k boluntario-lanak egiten dituzte hainbat erakundetan.

 

Izan ere, boluntario guztien % 56,3 50 urtetik gorakoak dira. Udalerrietan inkestatutako hamar pertsonatatik hiruk bakarrik adierazi zuten beren udalerriaren bizitzan gehiago parte hartu nahi luketela. Horrexegatik nabarmendu du gaur Beatriz Artolazabalek “gizarte modernoetan adineko pertsonak altxor oso baliotsua” direla “familiarentzat, erkidegoarentzat eta kohesio eta iraunkortasun sozial zein ekonomikoarentzat. Sekulako lana egiten dute, besteak beste, borondatezko lanaren bidez, beren esperientziak eta ezagutzak helaraziz, familiei zaintza-erantzukizunetan lagunduz edo, zuzenean, laguntza ekonomikoaren bidez”.

 

Inkestatutako biztanleen % 64.4k uste dute udalerrietan adineko pertsonenganako tratu egokia dagoela. Hori dela-eta, komenigarritzat jotzen da zahartzearekin lotutako irudia hobetzeko aldaketaren bat egitea. Horregatik, Artolazabalek eskatu duen moduan, “gizarte osoak egin behar dugu edadismoaren kontra, baita erakundeek ere”.

 

Euskadi Lagunkoia

Hauek dira gaur egun Euskadi Lagunkoia osatzen duten berrogei udalerriak: Abanto Zierbena; Alegria-Dulantzi; Amurrio; Antzuola; Añana; Armiñon; Azkoitia; Beasain; Berantevilla; Bergara; Bermeo; Bilbao; Campezo / Kanpezu; Donostia / San Sebastian; Durango; Ea; Eibar; Erriberagoitia / Ribera Alta; Eskoriatza; Getxo; Hondarribia; Idiazabal; Irun; Iruña Oka / Iruña de Oca; Irura; Kuartango; Lantaron; Legazpi; Ordizia; Orio; Ormaiztegi; Urnieta; Urretxu; Valdegovia / Gaubea; Vitoria-Gasteiz; Zaldibia; Zambrana; Zarautz; Zestoa; eta Zumarraga.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @SanTrokaz
    2017.eko apirilak 19

    Comentario de Twitter:
    Artolazabal: “Euskadi Lagunkoia es la red de ‘municipios amigos de las personas mayores’ más grande de Europa” https://t.co/paSsmKrIO1

Ekitaldiko kargudunak