Berriak Hezkuntza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 2015-2016 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak banatu ditu

2017-04-07
  • 15 irabazle gazteek ingelesa hobetzeko ikastaroa eta egonaldia egingo dute udan hiru astez Toronton (Kanada)
  • Saridun guztiak unibertsitateko lehen mailan ari dira egun ikasketak burutzen, eta Batxilergoa 8,75 puntu edo gehiagoko batez bestekoz amaitu zuten 

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, eta Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak 2015-2016 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak banatu dituzte gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. 15 gazte irabazleek, saridun direla egiaztatzen duen diploma jaso dute sailburuordearen eskutik, eta horrekin batera, Toronton (Kanada) hiru asteko ingeles ikastaroa eta egonaldia ere eskuratu dute, uda honetarako. Irabazleak (7 bizkaitar, 6 gipuzkoar eta 2 arabar) unibertsitateko lehen mailan ari dira egun ikasketak burutzen.

Joan zen 2015-2016 ikasturtean Euskadin Batxilergoa bukatu zuten 14.810 ikasleen artetik, 589k eman zuten izena Sari Berezia eskuratzeko probetarako. Guztiek betetzen zuten baldintza hau: Batxilergoko bi kurtsoetan 8,75etik gorako bataz besteko nota. 2016ko ekainean burutu zuten proba, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, ekainaren 14an, unibertsitatera sartzeko hautaprobak amaitu ondoren. Azterketan, hiru ariketa gainditu behar izan zituzten, bai ikasgai komunetakoak eta baita norberaren Batxilergo modalitateari zegozkion ikasgai espezifikoetakoak ere. Azkenik, puntuaziorik altuena lortu zuten 15 ikasleek eskuratu zuten saria, gaur eguerdiz jaso duten saria, hain zuzen ere.

Gaur sarituetako bat, gainera, Estatuko Batxilergoko Sari Berezia irabazteko proposatutakoen behin-behineko zerrendan dago, Ministerioaren deialdira aurkeztu ondoren.

Familiaren babesa

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, bere hitzaldian, irabazleak zoriontzeaz gain, nabarmendu du, “Hezkuntza Sailak bilatzen duen bikaintasun mailara iristeko gai zaretela erakutsi duzue”, ikasleei zuzen-zuzenean hitz eginez. Ikasketa prozesuan diziplina-konpetentziez gain zeharkako konpetentziak ere jasotzeren  garrantziaz aritu da Alonso, “hau da, ikasle guztiek eskola garaian garatu behar dituzten beste konpetentzia horiek guztiak, pertsona gisa bere garapen osoa lor dezan”, esan die.

Alonsok irakasleen lanaren garrantzia ere hizpide hartu du, baina familiak duen zereginean ipini du azpimarra, eta sendiak ematen duen babesa eta eskola emaitza onen artean dagoen harreman estua azaldu du. “Korrelazio zuzena dago familiaren esku-hartzearen eta eskola-arrakastaren artean –baieztatu du-. Lehenik, familia horiek itxaropen handia zutelako jarria hezkuntzan. Benetan sinesten dute hezkuntza dela euren seme-alabei bizitza on bat eskaintzeko tresnarik onena. Familia horiek, nahiz eta gaur egun etxean egoteko denbora gehiegi ez izan, seme-alabekin hitz egiten dute, hauen eskolako martxaren jarraipena egiten dute, seme-alaben lagunez ere arduratzen dira… Gainera, badira beste elementu inportante batzuk ere, hala nola, etxean irakurketa sustatzea, kultura ekitaldietan parte hartzea, edo ikastetxeek antolaturiko ekitaldietara hurbiltzea”, azaldu die sailburuordeak gaur saria jaso duten gazteen senideei. “Ziur naiz gaur hemen zareten 15 irabazleen familiok ere ezaugarri horietakoren bat baduzuela. Ez dut zalantzarik euren babes guztia emateko buru-belarri inplikatu direla”.       

Sari banaketa ekitaldian, Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko ikasleek osatutako haize laukote batek Edwar Elgar, Johann Sebastian Bach nahiz Johann Straussen lanak jo dituzte. Aldi berean, Gasteizko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolako ikasleek ekitaldiaren argazki-erreportajea osatzeko argazkiak egin dituzte une oro.

Batxilergoko Sari Berezien helburua honako hau da: Batxilergoan ibilbide akademiko bikaina erakutsi duten ikasleei egindako ahalegina aitortzea. 2016-2017 ikasturte honetarako sarien deialdia maiatzean argitaratuko da.

Ikasle sarituen zerrenda:

Saritutako ikasleek guraso, senitarteko eta Batxilergoko ikasketak burutu zituzten institutuetako arduradunak lagun zituztela jaso dituzte sariak. Hauek izan dira irabazleak.

 

Izena eta abizenak

Ikastetxea

Lurraldea

Angela Urigüen Baquedano

IES Fray Juan de Zumarraga-Durango BHI

Bizkaia

Xabier Endika Olabarri Narváez

CPEIPS La Salle Bilbao HLBHIP

Bizkaia

Leyre Veras Preciado

CPEIPS San Ignacio de Loyola HLBHIP

Gipuzkoa

Álvaro Bermejillo Seco

CPEIPS Gaztelueta HLBHIP

Bizkaia

Jon Otegi Bordege

IES Koldo Mitxelena BHI

Araba

Malena Moreno Pavía

CPEIPS Pureza de María HLBHIP

Bizkaia

Noel Arteche Echeverría

IES Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHI

Gipuzkoa

Maddi Rodríguez Allegue

CPES Oteitza Lizeo Politeknikoa BHIP

Gipuzkoa

Irene Barrenechea Arriola

CPEIPS Pureza de María HLBHIP

Bizkaia

Maialen Monje Olabegoia

IES Fray Juan de Zumarraga-Durango BHI

Bizkaia

Leyre Hernández Palacios

CPEIPS Padre Raimundo Olabide HLBHIP

Araba

Ricardo Rodríguez Urretavizcaya

IES Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHI

Gipuzkoa

Eneko Sotomayor Pego

CPES Oiartzo Batxilergo Ikastola BHIP

Gipuzkoa

Oneka Perea Ariznabarreta

CPEIPS Lauaxeta Ikastola HLBHIP

Bizkaia

Olatz Sáenz de Argandoña Echeverría

CPEIPS Summa Aldapeta HLBHIP

Gipuzkoa

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)