Eu

Azterketa zientifiko batek klima-aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoan eragingo lukeen heriotza-tasaren igoera ebaluatu du

2017.eko apirilak 04

Txostena bihar goizean aurkeztuko da, Bilbon egitekoa den Klimatek Foroan

  • Berotegi-efektuko gasek eragindako bero-boladek hildakoen kopurua % 13 eta % 54 artean handitu dezakete, neurririk hartzen ez bada  

 

Berotegi-efektuko igorpenek gora egiten jarraituz gero, eta arintze-neurririk hartzen ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hiri nagusiek bero-boladei aurre egin beharko diete, eta horiek heriotza-tasa % 13 eta % 54 artean handitu dezakete, agertokirik txarrenean. Hala nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren laguntzei esker egin diren klima-aldaketara egokitzeko 4 proiektuetako batek. Proiektu horien ondorioak, bihar goizean, Bilboko Bizkaia Aretoan izango den Klimatek Foroan aurkeztuko dira.

Klimatek Foroa Ingurumen Sailaren ekimen bat da. Komunitate zientifikoaren, administrazioko arduradunen eta sektoreko enpresen artean klima-aldaketara egokitzeko ezagutza eta esperientzia berritzaileak partekatzea du helburu. Gainera, laguntzak ematen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko klima-aldaketara egokitzeko berrikuntza eta frogagarri diren proiektuetarako, baldin eta, Euskadiko Klima-aldaketarako 2050rako Estrategiaren helburuekin bat etorriz, «Euskal Autonomia Erkidegoak klima-aldaketaren aurrean erresilientzia izan dezan bermatzen» laguntzen badute. Estrategia horrek berotegi-efektuko gasak murrizteko helburuak barne hartzen ditu: gutxienez % 40 2030erako, eta gutxienez % 80 2050erako, 2005. urtearekin alderatuta.

Klimatek 2016 lehen deialdian 29 proiektu aurkeztu ziren, eta horietako lau hautatu ziren: Neikerrek egindakoa, BC3 klima-aldaketaren ikerketa-zentroak egindakoa, Euskal Herriko Unibertsitateko «Ur-ingurumeneko prozesuak» ikerketa-taldeak egindakoa eta Tecnaliak egindakoa. BC3ren proiektuak bero-boladek osasunean duten eragina aztertu du. Horrekin batera, Neikerrek Euskal Autonomia Erkidegorako bereizmen handiko klima-agertokiak egiteko bere proiektuko emaitzak aurkeztuko ditu; EHUko ur-ingurumeneko prozesuen taldeak urrakortasun hidrikoari eta Zadorra sistemaren arroan egindako aplikazio praktikoari buruzko lana aurkeztuko du, eta Tecnaliak NBS Urban proiektuaren berri emango du; naturan oinarritutako irtenbideen potentzialaren mapa du tartean, eta horren aplikazioa Donostian.

BC3 klima-aldaketaren euskal ikerketa-zentroak aurkeztutako azterketaren arabera, Osasunaren Mundu Erakundearen iritziz (OME), bero-boladak muturreko fenomeno meteorologiko arriskutsuenetako bat dira eta eragin handia dute pertsonen osasunean. Azterketak dioenez, «zenbait egilek zenbatetsi dutenez, 2003ko uztailean eta abuztuan Europari eragin zion bero-boladan 70.000 heriotza ere erregistratu izan zitezkeen 16 herrialdetan (batik bat, Frantzian eta Italian), muturreko tenperaturak zirela eta».

Ildo horretan, Nazio Batuen Erakundearen klima-aldaketan espezialisten taldeak (IPCC) ohartarazi du, duela gutxi argitaratutako txostenetan, datorren hamarkadetan bero-boladen maiztasuna, intentsitatea eta iraupena handituko direla. Euskal Autonomia Erkidegoa ez da klima-joera horretatik kanpo geratzen. Hori dela eta, 2006tik «Bero Boladen Egoerak Prebenitzeko Plana» du; bertan muturreko bero-egoerak pertsonen osasunean izan dezakeen eragina deskribatzen da, eta arrisku-talde nagusiak identifikatzen dira.

Proiektua egiteko BC3k Euskal Autonomia Erkidegoan Euskalmetek identifikatutako zona klimatikoetako bakoitza ordezkatzen duten lau udalerri aukeratu zituen: Donostia (kostaldeko zona); Bilbo (Kantauri barnealdeko zona); Gasteiz (trantsizio-zona), eta Guardia (Ebro ardatza).

Isurien agertoki kaltegarrienean, hau da, arintze-neurririk ezarri ez eta isuriek gorabidean jarraitzen duten agertokian, inpaktuek nahiko konstante jarraituko lukete 2050 urtera arte; ordutik aurrera, inpaktuak nabarmen handitzen direla ikus daiteke, eta horien aldakortasuna ere bai.

Agertoki horretan, heriotza-tasa % 13 eta % 54 artean igoko litzateke Bilbon, % 18 eta % 58 artean Donostian eta % 46 eta % 54 artean Gasteizen, 2020-2100 aldian. Tarte hori aklimatazio fisiologikoko prozesuen existentziaren mende dago.

Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak adierazi du beharrezkoa dela «zalantzarik gabe, gizateriak aurrean duen ingurumen-erronka premiatsu eta konplexuenetako bat den honi» aurre egitea, eta agertoki horretan, eskualde-mailako klima-aldaketari begirako estrategiak «beste herrialde eta eskualdeekin batera, erantzun eraginkor eta arduratsu bat emateko nahitaezko tresna direla».

*Klimatek Foroa bihar izango da, Bilboko Bizkaia Aretoa eraikineko Baroja aretoan (Abandoibarra, 3), 9.30etik 13.00etara. Topaketa komunikabideei irekia dago. Hala erakundeen ordezkariak nola proiektuen egileak komunikabideen esanera egongo dira 10:45etik aurrera. Informazio gehiago nahi izanez gero: 619834726

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2017.eko apirilak 04

    Excelente nota, pues deja al descubierto las implicancias que tiene y se agravarán por razones del cambio climático. La irracionalidad productiva por modelos exageradamente extractivos y destructivos como forma de aumentar la tasa de ganancias, nos lleva a situaciones como las descritas y que un mandatario en la cumbre de Río advirtiera con la amenaza hacia la humanidad.

  • @EEIKO_es
    2017.eko apirilak 04

    Comentario de Twitter:
    Un estudio científico evalúa el incremento de la mortalidad que causaría el cambio climático en Euskadi https://t.co/p8JW440q42

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak