Eu

Artolazabal: “erregistratutako langabeziak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (bigarren martxoa da jarraian), eta atzean utzi ditu krisialdiaren urte gogorrenetako igoerak”

2017.eko apirilak 04
  • EAEk 138.157 langabe ditu, otsailean baino 1.066 gutxiago eta duela urtebete baino 15.779 gutxiago
  • Aurten sinatu diren kontratu mugagabeen kopurua 2016ko lehen hiruhilekoan sinatutakoena baino %16,61 handiagoa izan da
  • Araba izan da hamabi hilabetetan langabezia gehien murriztu den lurraldea, %11,12ko beherakada izan du-eta

Vitoria-Gasteiz, 2017/04/04

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek positibotzat jo du martxoan erregistratu den langabe kopuruaren beherakada, hil korapilatsua baita lan-merkatuarentzat krisi-urteetan. “2017ko martxoan 138.157 langabe daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan erregistratuta. Hau da, 1.066 langabe gutxiago daude eta termino erlatiboetan beherakada %0,77koa izan da. Urtetik urterako saldoak, bestalde, 15.779 langabe gutxiago uzten ditu, hilean zehar Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabeziatik ateratako datuen arabera. 2016ko martxoaren aldean, beherakada %10,25ekoa izan da eta erregistratutako langabezia-tasa %13,1ean geratzen da” adierazi du Artolazabalek.

“2009ko martxoaz geroztik langabeziak gora egin izan du martxoan, lan-merkatuaren okerragotze horren isla. Baina azken bi urteotan eten egin da joera hori eta langabe kopuruak behera egiten duen bigarren martxoa (jarraian) da hau. Beraz, joera irauli egin da eta berriz itzuli gara krisialdiaren aurreko martxoetan ikusten zen bidera” azaldu du Sailburuak.

Sailburu Artolazabalek gogorarazi du “138.000 lagun lan bila dabiltzala eta ez dutela lanik aurkitzen Euskal Autonomia Erkidegoan. Horregatik Jaurlaritzaren lehentasunezko helburuetako bat enplegua sortzea izan behar dela, hala dela, eta gizarte osora hedatu nahi dugula”.

Azken hil honetan lotutako langabeziak izan duen jaitsieragatik gehien nabarmentzen den jarduera janari- eta edari-zerbitzuena da. Hurrengo jarduerak, urrun samar badaude ere, ostatu-zerbitzuei eta elikagaien industriari dagozkie.

Kontratazioari dagokionez, aurreko hilaren aldean, kontratu kopurua %14,6 igo da, urteko hirugarren hilean sinatutako 76.809 kontratuetara iritsi arte, eta horietatik 6.688, hots, %8,71 mugagabeak izan dira gainera. 2016ko martxoaren aldean, kontratu kopurua %9,5 hazi da. Aurtengo kontratu mugagabeen kopuru metatua, hots, lehen hiruhilekoari dagokiona, 18.896 da, iazko hiruhileko berean genuena baino %16,61 handiagoa.

Datu hauekin batera, Seguritate Sozialeko afiliazioaren emaitza ere positiboa izan da. Euskal Autonomi Erkidegoak 3.489 pertsona afiliatu gehitu ditu zerrendara martxoan, %0,38a. Azkeneko hamabi hilabetetan igoera %2,03koa izan da, 18.330 langile afiliatu gehiagorekin. Guztira, 922.032 afiliatu daude.

Lurralde guztietan jaitsi da.

Langabezia hiru lurraldeetan jaitsi da martxoan. Langabeziak eskualdez eskualde izan duen bilakaerari dagokionez, Uribealdean otsailean baino 137 langabe gutxiago daude, Vitoria-Gasteizen 133 langabe gutxiago, Donostia / San Sebastianen 115 langabe gutxiago, Urola Kostak 130 langabe gutxiago ditu eta Busturialdeak 91 gutxiago.

Urtetik urterako konparazioan, jaitsiera antzekoa izan da lurralde guztietan, baina Araba izan da langabeziaren beherakada handiena izan duen lurraldea. Azken hamabi hilabeteetan langabeziak %11,12 egin du behera; Gipuzkoan beherakada %10,28koa izan da; eta Bizkaian %9,98koa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak