Eu

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XXIX. edizioa aurkeztu dute Donostian

2017.eko apirilak 03

Euskarazko kazetaritzan azken urtean argitaratu diren lanik onenak sarituko ditu Rikardo Arregi Sariak. Andoaingo Udalak gaur aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatzen duen ekimen  honen aurtengo edizioa. Deialdia bi ataletan banatuko da aurten ere: XXIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eta Kazetari Berria saria. Horrekin batera, epaimahaikideek Epaimahaiaren Sari Berezia emateko aukera izango dute, baldin eta bi atalez harago aipamen berezi bat merezi duen lan azpimarragarriren bat nabarmentzeko beharra ikusten badute

Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta eta Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotzi Ainara Rodriguez Zalakain izan dira sariaren gaurko aurkezpenean. Epaimahaiburua ere izango da Andoaingo zinegotzia eta, bere aldamenean, Unai Oiartzun Iruneroko kazetaria izan da, iazko Kazetari Berria sariaren irabazlea. Nabarmendu dutenez, “euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua”. Hortaz, 2016ko maiatzaren 7tik 2017ko maiatzaren 7ra egin izan diren kazetaritza-lanen “kalitatea eta bikaintasuna” jendaurrean aitortu eta sarituko da.

Sariaren atalak

XXIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria izeneko atalari dagokionez, egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren lanak aurkez daitezke. "Nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat, erreportaje-sorta bat, programa bat... Horietako edozein izan daiteke irabazle epaimahaiak hala erabakitzen badu", adierazi du Rodríguez Zalakainek.

Kazetari Berria sariaren kasuan, lanbide honen "hastapenetan dabiltzanei zuzendua" dago eta, ondorioz, 27 urtez azpikoak aurkez daitezke. Prentsa idatzian, agerkari digitaletan, irratian eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa edota magazin izan daitezke sarituak; beste atalean bezalaxe, genero guztietako lanak onartzen direlarik.

Proiektu komunikatiboak ez dira atal hauetan sarituko, baina epaimahaiak aintzat har litzake horrelako egitasmoak, baita bestelakoak ere, Sari Berezirako. XXIX. Rikardo Arregi Saria irabazten duenak 9.000 euro eskuratuko ditu; Kazetari Berria saria eskuratzen duenak, berriz, 3.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, bi saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura bana emango zaie. Epaimahaiaren Sari Berezia balego, Xabier Lakaren serigrafia jasoko luke. Saridun guztiek diploma bat jasoko dute.

Lanak Andoaingo Udalak horretarako egokitutako helbidera bidali behar dira (informazio guztia eta oinarriak andoaindarraeuskaraz.eus web-gunean kontsultatu ahal izango dira), eta aurkezteko epea 2017ko maiatzaren 14an amaituko da.     Epaimahaikideak Goio Arana, Marijo Deogracias, María Gonzalez Gorosarri eta Xabier Landabidea izango dira. Uztailaren 8an emango da aditzera epaimahaiaren erabakia, Andoaingo Bastero Kulturgunean izango den ekitaldi berezi batean.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza

Euskarazko kazetaritzak hizkuntzaren normalizazio prozesuan duen garrantziaz jakitun, 1988an jarri zuen abian Andoaingo Udalak Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Udalak antolatu eta kudeatu egiten du saria, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jasotzen du. Aurten, 12.000 euroko diru-laguntza jaso du ekimenak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik.

Euskal idazle, kazetari eta kultur eragilea izan zen Rikardo Arregi. 1942an Andoainen jaioa, prosa kazetaritzaren molde berrietan barrena abiarazi zuen idazle argi, sakon eta zorrotza izan zen. Euskaltzaindiari alfabetatze saila antola zezan proposatu zion eta hori izan zen, hain zuzen ere, euskalduntze mugimenduaren mugarrietako bat. ‘Politika Estrukturak europear alkartasunean’, ‘Politikaren atarian’ eta ‘Herriaren lekuko’ izan ziren bere lanik aipagarrienak. Euskarazko kazetaritzan sona handia hartu duen sari honek urtero-urtero gogoratzen du kazetari andoaindarraren garrantzia. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak