Berriak Hezkuntza
Eu

Ikerbasquek 10 urte bete ditu Euskadin zientzia indartzen

2017.eko apirilak 03
  • Eusko Jaurlaritzak 2007an bultzatutako ekimen honek Euskadiko 23 unibertsitate eta I+G zentrotan lan egiten duten 143 ikertzaile kontsolidatu eta 67 ikertzaile gazte ditu gaur egun.

 

  • Urte hauetan guztiotan, Ikerbasquek erakarritako ikertzaileek jakintza-arlo guztietako proiektuetan parte hartu dute, eta horien lanak 4.200 argitalpen baino gehiago eragin ditu nazioarteko aldizkari zientifiko ospetsuetan.

 

  • Era berean, komunitate zientifiko honek bertako zientzia-sistema indartzen lagundu du, Euskadira lehiakortasuna finantzatzeko 125 milioi euroko itzulkina erakarriz. 2016aren amaieran, 723 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako lantaldeetan.
  • Gaur arratsaldean, Ikerbasque-k bere 10. urteurrena ospatuko du Guggenheim Museoan. Ekitaldian Lehendakaria eta unibertsitateen, ikerketa-zentroen eta zentro teknologikoen arduradunak bertan izango direla.

IKERBASQUE Zientziarako Euskal Fundazioak 10 urte bete ditu, denbora honetan lortutako emaitza bikainei buruzko balantzea eginez.

Ekimena Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen 2007an, autonomia-erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek aspalditik egiten zuten ikerketa zientifikoa indartzeko asmoz, eta harez geroztik, Euskadiko ekoizpen zientifikoa hirukoiztu egin da, nazioartean duen pisua eta inpaktua sendotuz.

Hamarkada honetan, IKERBASQUEk ikerketa arloko talentuaren alde egin du politika zientifikoaren ardatz nagusitzat, mundu osoko ikertzaileak erakarriz, karrerako uneren batean Euskaditik kanpo joan behar izan duten euskal ikertzaileak barne, eta Euskadiko zentroetan lanean ziharduten pertsonei karrerak kontsolidatzeko aukerak eskainiz.

Gaur egun, erakundeak kontratu mugagabea duten 143 ikertzaile eta 67 ikertzaile gazte ditu, Research Professor eta Research Fellow programetako deialdien bitartez erakarritakoak.

Gainera, urte hauetan, IKERBASQUEk lankidetzan jardun du Eusko Jaurlaritzarekin BERC (Basque Excellence Research Centers) programa zabaltzeko. Ekimen honi esker, sei ikerketa-zentro sortu (Achucarro Basque Center for Neuroscience, BCBL, BCAM, BC3, Polymat eta Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures) eta beste hiru kontsolidatu dira (DIPC, Materialen Fisika Zentroa eta Biofisika Unitatea).

Ibilbide honetan, IKERBASQUE garapen zientifikoaren aldeko ekimen europarrik onenetakotzat hautatu dute hiru aldiz, eta Europako Batzordeak emandako 20 milioi euro baino gehiago jaso ditu talentua erakartzeko programak bultzatzeko.

Emaitzak

IKERBASQUEk Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikertzaileek Euskadira 125 milioi euroko itzulkina erakartzea lortu dute 2007az geroztik, eta iazko amaieran, 723 pertsonak lan egiten zuten ikertzaile horiek buru dituzten lantaldeetan.

Gainera, IKERBASQUE ezinbesteko tresna bilakatu da ERC Grant laguntzak (ikerketari zuzendutako mundu mailako laguntzarik garrantzitsuenetakoak) lortzeko. Programa abiatu zenetik, guztira, 23 Grant laguntza lortu edo gauzatu dituzte Euskadiko erakundeek, eta horietatik 14 –hots, laguntza guztien % 61– IKERBASQUEko ikertzaileek.

Datu hauek argi utzi dute ikerketa zientifikoaren aldeko apustua errentagarria dela. Era berean, IKERBASQUEk frogatuta utzi du berriz ere, ikerketan egindako inbertsioak, herrialde baten lehiakortasuna eta bizitza-maila hobetzeaz gain, berehalako itzulkinak ekar ditzakeela ikerketaren aldeko funtsetan.

Ikertzaile-komunitatearen profila

IKERBASQUEk Euskadin ikertzeko erakarri dituen pertsonak 33 herrialdetakoak dira. Gehienak (% 46) zientzia esperimentalen arloko adituak dira, % 18 giza eta gizarte zientzietako espezialistak, % 13 teknologia eta matematika arloetakoak eta gainontzeko % 23 medikuntza eta bizitza zientzietakoak. Jatorriaren arabera, gehienak espainiarrak dira (116), baina badira italiarrak (20), alemaniarrak (12), errusiarrak (6), britainiarrak (6), ukrainarrak (5), AEBetakoak (5), kanadarrak (6) eta Europa, Amerika eta Asiako beste 25 nazionalitatetakoak ere. Gehienak gizonezkoak dira (% 78) eta batez besteko adina 45 urte ingurukoa da.

IKERBASQUEko ikertzaile hauek MIT, Harvard, Oxford eta Stanford-eko unibertsitateak, CNRS eta Max Planck bezalako mundu osoko prestigio goreneko zentroetatik etorritakoak dira.

Helburuko zentroak

Helburuko zentroei dagokienez, IKERBASQUEk kontratatutako 106 ikertzailek UPV/EHUri atxikita lan egiten dute. Beste 104 ikertzaileek gainerako Unibertsitateetan (Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea)eta ikerketa-zentroetan lanean dihardute, unibertsitate-ingurunearekin lotuta dauden bikaintasunezko bederatzi BERC (Basque Excellence Research Centre) zentroak tarteko direla.

Bikaintasunezko bederatzi zentro horiez eta aipatutako hiru unibertsitateez gain (UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea), IKERBASQUEk kontratatutako ikertzaileak jasotzen dituzten erakundeen artean, biomaGUNE (biomaterialeak), bioGUNE (biozientziak), energiGUNE (energia) eta nanoGUNE (nanozientziak) Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ/CIC) aipa daitezke, baita BioDonostia eta BioCruces ikerketa sanitarioko zentroak, CEIT-IK4 ikerketa teknikoetarako zentroa, Tecnaliari atxikitako ikerketa-zentroak eta Globernance pentsamendu politikoa ikertu eta zabaltzeko zentroa ere. Guztira, Euskadiko 23 unibertsitate eta ikerketa-zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileak erakartzeko jardunaz.

Ebaluazio prozesuari dagokionez, IKERBASQUEko Ebaluazio Batzordea Euskal Zientzia Sistematik kanpo dagoen erakundea da, eta 29 herrialdetako 200 ikertzailek osatzen dute, ospe handiko sei katedradun eta ikertzaileren koordinaziopean. 

10 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Fernando_Cerv
    2017.eko apirilak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: .@Ikerbasque cumple 10 años fortaleciendo la ciencia en Euskadi ➡ https://t.co/p92Ck7KAI7 https://t.co/wWFprYrNnH

  • @CamiladeEpalzaA
    2017.eko apirilak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: .@Ikerbasque cumple 10 años fortaleciendo la ciencia en Euskadi ➡ https://t.co/p92Ck7KAI7 https://t.co/wWFprYrNnH

  • @CamiladeEpalzaA
    2017.eko apirilak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: .@Ikerbasque-k 10 urte bete ditu Euskadin zientzia indartzen ➡ https://t.co/bK4ii0gUoR https://t.co/Pc0pQlcjwJ

  • @jdarpon
    2017.eko apirilak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@Ikerbasque-k 10 urte bete ditu Euskadin zientzia indartzen ➡ https://t.co/7ReM9WQNc7 https://t.co/SoKmVIk80A

  • @jdarpon
    2017.eko apirilak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@Ikerbasque cumple 10 años fortaleciendo la ciencia en Euskadi ➡ https://t.co/EBVH8rRMPs https://t.co/UT43w4UQBL

  • @MireiaElkoro
    2017.eko apirilak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: .@Ikerbasque cumple 10 años fortaleciendo la ciencia en Euskadi ➡ https://t.co/p92Ck7KAI7 https://t.co/wWFprYrNnH

  • @Gob_eus
    2017.eko apirilak 03

    Comentario de Twitter:
    .@Ikerbasque-k 10 urte bete ditu Euskadin zientzia indartzen ➡ https://t.co/7ReM9WQNc7 https://t.co/SoKmVIk80A

  • @bilbaometropoli
    2017.eko apirilak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@Ikerbasque cumple 10 años fortaleciendo la ciencia en Euskadi ➡ https://t.co/EBVH8rRMPs https://t.co/UT43w4UQBL

  • @Gob_eus
    2017.eko apirilak 03

    Comentario de Twitter:
    .@Ikerbasque cumple 10 años fortaleciendo la ciencia en Euskadi ➡ https://t.co/EBVH8rRMPs https://t.co/UT43w4UQBL

  • @gananzia
    2017.eko apirilak 03

    Comentario de Twitter:
    Ikerbasque cumple 10 años fortaleciendo la ciencia en Euskadi https://t.co/VpJU83PZUj

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío (Ikerbasque)