Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo du martxoan erregistratu den langabe kopuruaren beherakada

2017.eko apirilak 04

Exekutiboak sei milioi euro bideratu ditu langabezia-tasa handiak dituzten eremuetan inbertsioak egingo dituzten enpresei laguntzeko Indartu Programara

Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo du martxoan erregistratu den langabe kopuruaren beherakada, hil korapilatsua baita lan-merkatuarentzat krisi-urteetan. Konkretuki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan 1.066 langabe gutxiago zenbatu dira. Bestalde, Jaurlaritzak sei milioi euro bideratu ditu Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko eta bertan enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako Indartu laguntza-programara, 2017ko ekitaldirako. Horrela azaldu dute gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlarizako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburuak eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondoren emandako prentsaurrekoan.

Gaurko bileraren ostean, Artolazabal sailburuak eman ditu martxoko langabeziari buruzko datuak, eta krisiaren aurreko mailetara itzuli direla esan du. 2009tik langabeziak gora egin du urtero martxoan, eta urte-sasoi honetan lan-merkatuak okerrera egiten duela islatu izan du. Baina bai 2016an bai 2017an joera eten egin da, eta Eusko Jaurlaritzaren ustez, beraz, datu positiboak dira, nahiz eta gogoratu duen oraindik ere lan handia dagoela egiteko.   

Alde horretatik, Gobernu Kontseiluak erabaki du sei milioi euro bideratzea langabezia-tasa handiak dituzten eremuetan, hala nola, Ibaizabal Ezkerraldeko Ibar Ezkerrean eta Oiartzualdean, enplegua sortzeko inbertsio produktiboak egingo dituzten enpresei laguntzeko Indartu Programara. Tapia sailburuak azaldu duenez, hau bezalako jarduerak dira Eusko Jaurlaritzaren ekintza bideratu behar duten ardatz estrategikoak.

GARDENTASUNA ADMINISTRAZIOAN

Bestalde, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du “2016ko Balantze-txostena: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren sektore publikoko gardentasunaren ezarpen-mailari buruzkoa". Ondorioetan azpimarratzen da hirukoiztu egin direla Gardenara, informazio publiko garrantzitsu guztia biltzen duen Eusko Jaurlaritzaren Gardentasun atarira, egindako bisitak.

Erkorekari erabat positiboa iruditu zaio Transparencia Internacional España erakundearen ebaluazioan 2016an Euskadi, berriz ere, 100 puntutik 100 puntu lortu dituen autonomia erkidego bakarra izatea, eta Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren eta gobernu egokiaren kulturan aurrera egiteko konpromisoa duela adierazi du. Beste datu adierazgarri bat da bikoiztu egin dela informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatuz egindako eskaera kopurua, eta prozedura hori Zuzenean izeneko Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bitartez bideratzen da.  

Informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren arloko zerbitzuak elkarri eskaintzeko Euskadiko toki-erakundeekin izenpetzeko lankidetza-hitzarmenaren eredua aldatzea ere onartu da gaur. Aldaketa horri esker hobetu egingo da Euskadiko erakundeen arteko online harremana, eta helburu nagusia da herritarrek administrazio publikoekin egin behar dituzten izapideak sinplifikatzea.  

EGUNEROKOTASUNA DUTEN BESTE HAINBAT GAI

Hedabideek ETA armagabetzeko prozesuaz galdetu diote Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileari, eta honek erantzun du Eusko Jaurlaritzak prozesuan laguntzeko egin behar duen lana larunbat goizean amaituko dela, eta Jaurlaritzak ez duela parte hartuko egun horretarako deitutako ekitaldi publikoetan. Erkorekak berretsi du benetan garrantzitsua dena armagabetzea dela, eta gauzak adostuta bezala egitea, hau da, legearen arabera, osotasunean, egiaztatuta eta kontrapartidarik gabe.  

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, bestalde, adierazi du konfiantza osoa duela lortu ahal izango dela azken hamar urteotako Kupoaren likidazioaren eta Bosturteko Legea berritzearen inguruko akordioa, biak ere "lehentasunezko” gaiak Gobernu zentralarekin ezarritako aldebiko harremanean, eta adierazi du elkarrizketak “aurrera doazela”. 

2017-04-04 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak