Eu

Mugaz gaindiko TXINBADIA+ proiektuak herritarren sentsibilizazioa indartuko du naturaguneen babesaren inguruan

2017.eko martxoak 31

Ingurumen sailburuorde Elena Morenok mugaz gaindiko TXINBADIA+ proiektuak 2018ra arte ezarrita dituen helburuak aurkeztu ditu gaur, Ekoetxea Txingudin. Proiektu horren garapenak ahalbidetuko du Txingudiko badiako naturaguneen ingurumen-hezkuntzako, erabilera publikoko eta kontserbazioko taldeen artean eratutako sareari jarraipena ematea; halaber, herritarren sentsibilizazioa indartuko du, naturaguneen babesaren inguruan. Proiektua 2016 eta 2018 urteen artean garatzeko dago aurreikusita, eta 3.744.660 €-ko aurrekontua du, guztira; horren % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordearekin batera, proiektuko bazkide diren gainerako erakundeetako ordezkariek ere parte hartu dute; izan ere, bertan izan dira Nathalie Daubigeon, Akitaniako Kostaldeko Kontserbazio-guneko Ordezkaritzaren proiektu-gerentea; Maïder Arosteguy,  Pirinio Atlantikoen Departamenduko mugen ordezkaria; Kotte Ecenarro, Hendaiako Alkatea; Pascal Clerc, CPIE Littoral basque-ko zuzendaria; eta Aitor Zulueta, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarea eta Klima Aldaketa Zuzendaria –Eusko Jaurlaritza proiektuaren lider gisa aritzen da-.

Elena Morenok adierazi duenez, proiektuaren edizio berri honen helburua da “lan egiteko forma berriak sortzea, beste lurralde-eragile batzuk ekarri ahal izateko; ingurumen-sentsibilizazio handiagoa lortzea bazkidetutako eskualdeetako ingurumen-zentroak eta naturaguneak bisitatzen dituzten pertsonen artean; Badiako habitat eta espezieen kalitatea eta kontserbazio-egoera hobetzea; eta TXINBADIA proiektua Europako beste eskualde batzuetan ere gauzatu daitekeen erreferentzia bihurtzea”.

Sailburuak nabarmendu du “eskualdeek funtsezko rola jokatzen dutela horiei ematen zaien erantzunean, eta horregatik TXINBADIA+ moduko proiektuak erreferentzia bat dira alor horretan jokatzeko moduaz”.

Gaur egun proiektu horrek “Mugaz gaindiko Lantaldeen” eraketan parte hartzen du, ingurumen-hezkuntzarekin eta naturaguneen kudeaketarekin zerikusia duten beste ekimen eta proiektu batzuk ezagutzeko eta horiekin sinergiak sortzeko, toki eta eskualde mailan. Aurreikusita dago talde horien arteko lehenengo topaketak uda baino lehen izatea.

Beste alde batetik, 2016an, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzatik zenbait jarduera abiatu dira kontserbazioaren eta erabilera publikoaren alorretan, eta 2017an ere eutsi egingo zaie. Adibidez: Pierre Lotiren oinezko- eta bizikleta-konexiorako proiektuaren erredakzioa; Plaiaundiko atzealdearen ingurumen-lehengoratzerako planeamendua; edo Baccharis halimifolia espeziea Txingudi eta Jaizkibelgo paduretan ezabatzeko lanak.

Urte honetarako, aurreikusita dago bizikleta eta oinezkoen biderako proiektua erredaktatzea, Plaiaundiren atzealderako; azterlanei dagokienez, berriz, konektibitate ekologikoari eta Txingudi-Bidasoa eta Jaizkibelgo KBEtako habitat eta espezien kontserbazio-egoerari buruzko azterlanak egingo dira. Lan horiek osatu egiten dituzte bazkide frantziarrek Euskal Erlaitzaren eremuan eginda dituztenak.

Geotermia Ekoetxea Txingudin

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, proiektua aurkezten den sasoi berean bukatu egingo Ekoetxea Txingudiko energia-eraginkortasuna hobetzera zuzendutako sistemaren instalazioa. Espero da sistema berri horrek bere klimatizaziorako gaur egun behar duen energiaren % 100 hornitzea ekipamenduari; horri esker, oraingo energia-gastuaren % 70 inguru aurreztuko da, eta % 70 inguru murriztuko dira CO2 emisioak.

Eraginkortasun eta jasangarritasun aldetik dakarten hobekuntzaz gain, eraikin publikoetan egiten diren egokitzapen horiek “zero emisioko eraikinen” ereduak sustatu nahi dituzte, horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020rako Ingurumen Esparru Programaren eta “KLIMA” 2050erako Klima Aldaketaren aurkako Estrategiaren emaitza eta helburuak lortzen laguntzeko, zeren eta, besteak beste, energia-eraginkortasunari eta energia berriztagarrien erabilerari buruzko Europar Zuzentarauei erantzuten baitiete.

Halaber, Larretxeako interpretazio-zentroak (Hendaia) ere horrelako jarduera batzuk ditu aurreikusita, TXINBADIA+ proiektuaren baitan, eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetzeko xedez.

Bukatzeko, aurreikusita dago argitalpen eta mini-gida tematiko batzuk, APP bat eta lurraldeko balio naturalei buruzko ikus-entzunezko bat modu bateratuan editatzea.

TXINBADIA+ INTERREG-POCTEFAren proiektu bat da (Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzako Programa Operatiboa), 2015eko deialdian onartua. POCTEFAren helburua da mugaren inguruneko integrazio ekonomiko eta soziala indartzea, mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak sustatuz lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez. POCTEFA eta EGEFren funtsei buruzko informazio gehiago hemen aurkitu daiteke:  www.poctefa.eu  eta http://ec.europa.eu/regional_policy/es/   

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak