Eu

Balenciagak ingurumenari ere aplikaturiko azken aurrerapen teknologikoekin Zumaian eraiki duen DEUN merkantzia ontzia uretaratu dute

2017.eko martxoak 31

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak DEUN merkantzia-ontzia emateko ekitaldian parte hartu du gaur goizean Pasaia Donibaneko kaian.

BALENCIAGA SAk Zumaiako ontziolan eraiki duen merkantzia-ontzia 13:00ean bedeinkatu eta eman dute, eta Tapia izan da amabitxia.

Ontzi hau  eta iazko urrian entregatu zen TELMO bikia ontziola honek, 1921ean sortu zenetik, uretaratu dituen bi ontzirik luzeenak dira. DEUN ontziak 5.710 tona garraiatzeko edukiera du, eta guztira 99,99 metroko luzera eta 15,6 metroko zabalera. Bestalde, 2.666 kw-eko propultsio-motorra du.

UROLA SHIPPING SLU sozietateari eman zaio. Sozietate hori 2015eko ekainean sortu zen, eta jabetzaren % 100 BALENCIAGA SAren esku dago.

Zumaiako ontziolan egunero lan egiten duten 300etik gora pertsonek 15 hilabete behar izan dituzte ontzia eraikitzeko.

Ontzia karga orokorra, edukiontziak, ontziratu gabeko materialak, aleak eta ontziratu gabeko karga arriskutsuak garraiatzeko prestatuta dago. Zamategia Box motakoa da, 64,4 x 12,8 x 9,2 metrokoa, eta bereizketetarako bi trenkada mugikor ditu, karga behar bezala egokitzeko. Horrez gain, bi eskotila hidrauliko ditu, folding motakoak, gainean edukiontziak eramateko aukera ematen dutenak

Europako eta munduko ingurumen-araudirik zorrotzenera egokituta dago. Ihes-keak iragazteko sistema du eta gehiegizko SO2-a ezabatzen du. Gainera, lasta-urak tratatzeko oso planta modernoa du txertatuta, joan den irailean mundu-mailan onartutako araudiaren araberakoa.

DEUN eta TELMO ontziekin 34 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du BALENCIAGA SAk, eta horrekin iraganean izan zuen posizioa berreskuratuko du, laurogeiko hamarkadako sektorearen krisialdi handiarekin desagertu ziren Marítima del Gran Bilbao eta Naviera Uralar ontzi-enpresetan partaidetzak izan baitzituen.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko martxoak 31

    Comentario de Twitter:
    .@arantxa_tapia-k DEUN merkantzia-ontzia emateko ekitaldian parte hartu du gaur goizean Pasaia Donibaneko kaian ➡ https://t.co/hvf2ptlVnp

  • @arantxa_tapia
    2017.eko martxoak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @deiEJGV: [ARGAZKIAK 2017-03-27] @balenciaganews-ek #Zumaia-n eraikitako #DEUN merkantzia ontzia uretaratzen https://t.co/HdMRyuWSoJ htt…

Ekitaldiko kargudunak