Eu

Hizkuntza ohituren inguruan hitz egingo dute adituek maiatzaren 11n eta 12an izango diren Udaltop topaketetan

2017.eko martxoak 30

Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxea izango da berriro ere Udaltop jardunaldien topagunea. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituzte hizkuntza politikaren inguruko topaketa hauek, Lasarte-Oriako Udalarekin lankidetzan. Euskadi osoko udaletako euskara zerbitzuen arteko elkarlana sustatzeko bideak irekitzea dute helburu, eta maiatzaren 11n eta 12an antolatuko dira. Aurtengo gaia hizkuntza ohiturak eta euskararen erabilera izango da; izenburua ondokoa delarik: ‘Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza ohituren aldaketa’.

Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Mikel Irizar eta Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko buru Jon Antxordoki izan dira gaur, Donostian, Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketak ekimenaren aurkezpenean. Bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa eta, urtero bezala, 150 aditu baino gehiago Lasarte-Oriara erakartzea espero dute antolatzaileek.

Estibaliz Alkortak azaldu duenez, bi arrazoi nagusi izan dira hizkuntza ohituren gaia aukeratzeko orduan. Alde batetik, "analisi guztien arabera lotura zuzen-zuzena dago euskararen erabilera eta hizkuntza ohituren artean". Bestetik, hainbat lekutan era ezberdinetako jarduerak sustatu dira gai honen inguruan, eta "topaketa hauek esperientziak elkartrukatzeko aukera interesgarria izan daitezke".

Udaltopen bederatzigarren edizio honetan izena emateko epea apirilaren 3an zabalduko da, ekimenaren web gunearen bitartez. Erregistratzeko azken eguna apirilaren 28a izango da. Jardunaldi hauen barruan, hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientzien berri eta ikerketen berri emango da hitzaldi ezberdinen bidez. Horrez gain, aurreko edizioan hartutako bideari jarraituz, mahai-inguruak egingo dira ere. Azkenik, proposamen zehatz bati erantzute aldera, talde-lana sustatuko da eta ondorio batzuetara iristeko ahalegina egingo da.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko aukerak aztertzeko, zenbait udalen esperientzia aztertuko da. Euskaldunen jokabidea aktibatzea izan dute helburu leku hauetan, eta udal horietako batzuek beren esperientzia kontatuko dute. Beraz, protagonisten ahotik aztertuko dira esperientziak, eta etorkizunean eraginkorrak izan daitezkeen bideak aintzat hartuko dira.

Iazko edizioan estreinatu zen formatuarekin jarraituz, Udaltopek gidari nagusi bat izango du; kasu honetan Reyes Prados Sevillako euskalduna izango da. Oso denbora laburrean lortu zuen euskara menderatzea, jarraipena eta ilusioa ardatz zituelarik bere ikasketa prozesuan. Kontuan izanik aurtengo Udaltopen gaia hizkuntza ohiturak direla, oso baliogarria izan daiteke bere esperientzia.

Hiru erakunde antolatzaileez gain, Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Euskarabidea, EUDEL eta UEMA erakunde-laguntzaileak izan dira Udaltop 2017 antolatzeko prozesuan.

Harrera

Topaketek oso harrera ona izan ohi dute eta hizkuntza politikaren inguruan interesa duten hainbat lagun biltzen dituzte urtero-urtero.

Urtea

2009

2010

2011

2012

2013

2014

2015

2016

Euskara teknikariak

55

53

103

118

109

101

110

115

Bestelakoak

60

63

76

56

60

73

45

46

Guztira

115

116

179

174

169

174

155

161

 

 


Egitaraua

Maiatzak 11

09:00: Dokumentazioa jaso
09:15: Hasiera ekitaldia
09:30-10:30: Canviant els hàbits lingüístics: realitats i mites. Miquel Strubell i Trueta soziolinguistaren eskutik
10:30-11:00: Agurainen, egunerokoan, 75 ordu euskaraz: hizkuntza portaeretan eragitea helburu. Asier Lafuente 75 ordu euskaraz ekimeneko antolatzailearen eskutik
11:00-11:30: Atsedenaldia
11:30-12:30 Baietz 40 egun euskaraz! ikerketa-ekintza. Emaitzak. Pello Jauregi EHUko irakaslearen eskutik.
12:30-13:00: Ulermenaren mapa. Nola aldatu diren gauzak, kamarada!. Xabier Aierdi, EHUko irakaslearen eskutik.
13:30-15:00: Bazkaria
15:00-16:30: A Mahai-ingurua: Nola eman jarraipena gure esperientziei? Moderatzaile: Onintza Irureta Argiako kazetaria izango da eta udalerri ezberdinetako ordezkariak izango dira.
15:00- 16:30: B Mahai-ingurua: Zein beste esparrutan aplika daiteke? Moderatzaile: Garikoitz Goikoetxea Berriako kazetaria izango da. Euskalgintzako ordezkarian izango dira.

 

Maiatzak 12

9:00-09:30: Zer eskatuko nioke Herri Elkargoari euskaldunen aktibaziorako? Iparraldeko euskara teknikari baten eskutik.
09:30-10:30: Proposamen berri bat: hizkuntza-ohiturak eta gizarte aktibazioa Euskal Herriko herri guztietan eta elkarrekin lantzeko proiektua. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak proposamena aurkeztuko dute.
10:30-11:30: Ekarpen-lana: zertan hobetuko zenuke zuk proiektu hori? Tailer ezberdinak izango dira.
11:30-12:00: Atsedenaldia.
12:00-12:30: Ekarpen-lanaren ondorioak.
12:30-13:00: Hiztun berriak eta hizkuntza-ohitura aldatzea. Estibaliz Amorrortu Deustuko unibertsitateko irakaslearen eskutik.
13:00-13:15: Amaiera ekitaldia: Xabier Lizaso eta Andoni Egañarekin batera.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak