Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

EEEk 2010eko Leihoen Renove Plana abian jarri du, 1,4 milioi euroko aurrekontua eta baldintza berriak dituena

2010.eko azaroak 09

Eskabideak azaroaren 9tik aurrera aurkeztu ahalko dira, eta beharrezkoa izango da leihoak jartzeko obraren argazkiak eta jatorrizko faktura aurkeztea 

Ohiko etxebizitzetan kanpoko leihoak berritzeari begirako planak 1.600 leiho-ordezkapeni baino gehiagori emango die diru-laguntza. Eskabideak aurkezteko epea 2011ko urtarrilaren 31n amaituko da edo planerako dagoen aurrekontua bukatzean.

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) datorren 2010eko Leihoen Renove Plana abiarazi du azaroaren 8tik aurrera, ohiko etxebizitzetarako soilik izango dena. 1,4 milioi euroko aurrekontua duen programak edo planak baldintza berriak ditu oraingoan, aurreko ediziokoen aldean, hala nola inbertsioa egin beharra diru-laguntza eskatu aurretik, edo leihoak jartzeko obra egin aurretiko eta ondorengo argazkiak aurkeztu beharra. 

Energia-eraginkortasuna hobetzeko EEE-IDAEren hitzarmenaren barruan dagoen ekimen honen helburua, funtsean, leihoak ordezkatzeko 1.600 eskabide ingururi erantzutea eta diruz laguntzea da. Hartara, urtean 500 tpb (tona petrolio baliokide) aurreztu ahal izango dira, urtean berokuntzan 500 bat etxebizitzak duten energia-kontsumoaren baliokidea dena. Eskabideak aurkezteko epea 2011ko urtarrilaren 31 arte egongo da zabalik, edo aurrekontua amaitu arte. Ildo horretatik, emateko dagoen diruaz informazio zehatza emango du EEEk egunero webgunean (www.eve.es). 

Diru-laguntzaz baliatu ahal izateko dauden hiru eskakizun nagusiez gain (ohiko etxebizitza izatea, obra egina edukitzea eta argazkiak aurkeztea), leiho berriek baldintza tekniko jakin batzuk ere bete beharko dituzte. Hala, CE marka eduki behar dute, eta arotzia metalikoa baldin bada, zubi termikoaren haustura izan behar dute. Era berean, beira edo kristal bikoitza ATR motakoa (isolamendu termiko sendotua) izan behar da, eta isolamendu gaitasuna 1,50 W/m2.K izan beharra dago arotzia metalikoaren kasuan eta 2,00 W/m2.K gainerako materialetarako. 

Berritu nahi diren kanpoko leihoetarako (barruko itxiturak ez dira diruz lagunduko kanpaina honetan) emango den diru-laguntzaren gehieneko zenbateko zehatza inbertsioaren %22 izango da. Nolanahi ere, leihoaren m2 bakoitzeko emango den gehieneko diru-laguntza 450 eurokoa izango da, eta etxebizitzako emango den gehieneko zenbatekoa 1.200 eurokoa izango da. Gainera, diruz lagunduko den gutxieneko inbertsioa 1.000 euro izan behar da. 

Eskabideak bideratzeko, posta zertifikatuaz bidalita eta hartu izanaren adierazpenarekin, helbide hau izango da: Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Urkixo zumarkalea, 36. 1. Bizkaia plaza eraikina, 48011 Bilbo. Gutun-azalean PRVV 2010 erreferentzia idatzi behar da. Kontsultak egiteko edo jarraibideak jasotzeko, EEEk honako telefono hau jartzen du interesdunen eskura: 94 607 71 81. Osatugabeko eskabideetarako ez da diru kopururik erreserbatuko.

Energia-eraginkortasunaren aldeko apustua

EEEren Leihoen Renove Plan hau seigarrena da. Aurreko edizioetan 18.405 diru-laguntza eskabide lagundu ziren diruz, eta emandako diru kopurua 17,3 milioi eurokoa izan zen guztira, batez besteko diru-laguntza 940 eurokoa izan zen eskabideko. Hori horrela, Leihoen Renove Planari esker egindako inbertsioak leihoen merkatuan 80 milioi euro ingurukoa izan dela uste da. Horren ondorioz, urtean aurreztu den energia 6.748 tpb izan da.  

Aipatutako 18.405 etxebizitza horietan jarritako leiho efizienteek nabarmen hobetu dute energia-eraginkortasuna etxeetan; izan ere, urtean 5.400 etxebizitzak berokuntzan kontsumitzen duten energiaren baliokidea aurreztea lortu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Garmendia, Ángel Garrote