Eu

Euskadik igarobide Atlantikoan betetzen duen funtsezko izaera errebindikatu eta Frantziarekin trenbidez ezarri beharreko loturaren beharra aldarrikatu du Aizek

2017.eko martxoak 30
  • Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du Lille/Dourges eta Gasteiz arteko etorkizuneko “trenbide autobidearen” azterlanetan eta proiektuetan.
  • Euskadik garraio multimodalaren aldeko egindako apostua sendotzeko, ezinbestekoa da Bilbao eta Pasaiako portuen trenbide-portu arteko loturak garatzea.
  • Ebroko igarobidearekin Ezkiotik eta Altsasutik aurreikusitako lotura defendatu du Aizek, Iruñetik Zaragozarantz, Atlantikoko eta Mediterraneoko igarobideen arteko lotunea ezarriz.

Antonio Aizek, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordeak, Euskadik ardatz atlantikoan betetzen duen funtsezko izaera errebindikatu eta Frantziarekin ezarri beharreko lotura ahalik eta azkarren amaitu beharra aldarrikatu du Lleidan, “egunero Irundik igarotzen diren ibilgailu astunen trafiko handiak, eta errepideen ahalmena mugaraino eramaten duten egoerak” gainditu ahal izateko.

Aizek, Mikel Gurutzeaga Azpiegitura Zuzendariarekin, Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzaren presidentearekin, Cesar Salvador Pasaiako Portuko zuzendariarekin, eta Manu Aierdi Nafarroako Garapen Ekonomikorako lehendakariordearekin batera, FERRMEDek (Eskandinavia-Rhin-Rhone-Menebaldeko Mediterraneoa Merkantzien Trenbide Ardatz Handia) antolatuta gaur Lleidan egin den “El eje del Ebro, nexo de unión entre los corredores Mediterraneo y Cantábrico” izeneko jardunaldian hartu du parte.

Jardunaldiaren xedea, gaur egun existitzen diren garraio-modu ezberdinen artean trenbidea erabil dezaketen trafiko potentzialak balioan jartzea da; eta Europako, Espainiako eta inbolukratuta dauden lurraldeetako Administrazioen eta sektore pribatuaren inplikazioa lortzea, merkantzien lurreko garraioari dagokionean trenbideak EBko batez-bestekoaren antzeko kuota (%17-18) izatea lortzeko. Une honetan, Irundik edo Port Boutik igarotzen diren merkantzien %1ak baino ez du trenbidea erabiltzen.

 “Oso ekonomia esportatzaileak gara, eta trenbidea ez dugu ia erabiltzen Europara egiten ditugun esportazioetarako”, gogorarazi du Aizek irekiera ekitaldian, eta azpimarratu duenez, Euskadik eta Kataluniak antzera jasan dituzte “azpiegitura erradial eskemak sortu dituen ondorio negatiboak, eta batzuk planteamendu hori are gehiago ixteaz ere ari dira hitz egiten, Espainia zirkularraren eskemarekin, Europari bizkarra eman dioten trenbideen eta trenbide sistemaren ehunka urtetako zama gainditu ordez, Europari gehiago begiratuta. Egun, Trenbide zabalera desberdina, seinaleztapen eta komunikazio sistema desberdinak baititugu”.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordeak ardatz atlantikoa eta mediterraneoa kontuan hartzea eskatu du “1994tik Europar Batasunak zehaztu zuenez, Trenbide lotura berriak, nazioarteko zabalerakoak eta lehentasunezkoak, Atlantiko aldean Gasteiz eta Dax artean eta Mediterraneo aldean Bartzelona eta Perpignan artean egituratu behar zirelako”.

Horrela, gogorarazi duenez Euskadin gaur egun dauden trenbide trazatuek XIX. mendean trenbide sareak zituen diseinuak eta ezarpena dituzte eta, ondorioz, ezinezkoa da trazatu horietatik garraio zerbitzu lehiakorrak eskaintzea, funtzionaltasunari, denborari eta prestazioei dagokienez.

“Hori dela eta, funtsezkoa da euskal trenbide sarea amaitzea, trafiko mistoetarako sarea, Bilboko eta Pasaiako portuekin lotura izango duena, nazioarteko zabaleran. Sare berriak trenbide arloko isolamendua gainditzeko eta Europako merkatuetara merkeago heltzeko aukera eskainiko digu”.

Aizek adierazi duenez, Ezkiotik eta Altsasutik aurreikusita dago Ebroko igarobidearekin lotura ezartzea, Iruñetik Zaragozarantz, Atlantikoko eta Mediterraneoko igarobideen arteko lotunea ezarriz.

Amaitzeko, Aizek esan duenez, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du Lille/Dourges eta Gasteiz arteko etorkizuneko “trenbide autobidearen” azterlanetan eta proiektuetan. Aurreikusten denez, hasiera batean 12 trenek zirkulatuko dute egunero bi noranzkoetan: “hasiera batean, gaur egun kamioiek betetzen dituzten trafikoen %12-17 arteko merkatu kuota gureganatzeaz ari gara hitz egiten”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak