Eu

Zupiria: “Euskal gizartean zabala da adostasuna euskararen inguruan, eta horren alde egin behar dugu lan instituzioek”

2017.eko martxoak 30

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari elkarrizketa egin diote Onda Vasca-n 

Bingen Zupiria sailburuak gaur nabarmendu duenez, hizkuntza politika gaietan egon daitezkeen “liskar puntualak” baino harago, “adostasun zabala” dago euskal gizartean. Adostasun hau Euskararen Legean dago jasoa, beste helburu batzuen artean jasotzen duena herritarrek duten askatasuna bi hizkuntza ofizialetatik edozein aukeratzeko Administrazioarekin duten harremanean. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Onda Vasca-ri eskainitako elkarrizketa batean ziurtatu duenez, hain zuzen ere Legeak jasotzen dituen printzipioen babesean egin behar du lan Eusko Jaurlaritzak.

Sailburuak gogorarazi duenez, 1982an Legebiltzarrak ordezkarien botoen %75arekin onetsitako araudia da Euskararen Legea, eta Administrazioan euskararen erabilerari heltzeaz gain, gizartearen elebitasunaren alde apustu egiten du. Gainera, azaldu duenez, hezkuntza-sistemari garrantzia ematen dio derrigorrezko etaparen amaieran ikasleek erabili ahal izan ditzaten bi hizkuntzak, bai euskara bai gaztelania. Horiek guztiak instituzioek bermatu beharreko helburuak dira, oinarri horien inguruan dagoen “adostasun zabala” kontuan hartuta, Zupiriak azpimarratu duenez.

Administrazioko 38.000 lanpostu baino gehiagotan teknikariak aurrera eramaten ari diren hizkuntza-eskakizunen analisiari buruz, sailburuak azaldu du planteatutako exijentzia-maila lanpostuen eginkizunen araberakoa dela eta adierazi du derrigortasun portzentaiak ezartzeko orduan herrialdearen errealitate soziolinguistikoaren hartzen dela kontuan, inguruaren arabera desberdina izanik. Dena den, sailburuaren ustez “naturaltasun osoz” heldu behar zaion eztabaida bat da, betiere kontuan hartuta zein den funtsezko printzipioa, hau da, herritarrek bi hizkuntzetatik edozeinetan Administrazioari zuzentzeko duten eskubidea.

EITBren erreformari buruz galdetuta, Zupiriak azpimarratu duenez, “ez da bidea galdu behar” prozesu honetan, eta aintzat hartu behar da erakunde publiko honek "nabarmen" bete duela eta betetzen ari dela euskara sustatu eta erabiltzeko helburua, baita Euskadin informazioaren erreferente bat izatekoa ere. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak