Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Jarraipen Batzorde bat sortuko du Brexitaren aurrean

2017.eko martxoak 30

Erresuma Batuak Europar Batasuna betiko uzteko lehenengo urratsa eman du. Theresa May lehen ministro britainiarrak Erresuma Batuko Parlamentuaren legea bidali dio Europar Batasuneko Kontseiluari; izan ere, lege horrek baimena ematen dio Gobernu britainiarrari Batasunarekin negoziazioak abiarazteko; Europar Batasunaren Tratatuaren (EBT) 50. artikuluan aurreikusitako prozedura abiaraziko da horrela. 

Erresuma Batuak EBn jarraitu behar zuen jakiteko 2016ko ekainaren 23an egin zen erreferendumean, boto-emaileen % 51,9 EB uztearen alde agertu zen; parte-hartze handia izan zen, % 72,2koa. Lurraldeen arabera, Ingalaterra eta Gales EB uztearen alde agertu ziren; Eskoziak eta Ipar Irlandak, ordea, EBn jarraitzearen alde egin zuten. 

Irteerarako prozedura 

Gehienez ere, 2 urte iraun ditzake gaur abian jarri den prozedurak, eta, horrenbestez, 2019ko martxorako EBtik kanpo egon behar du Erresuma Batuak. Prozesu horretan, Erresuma Batuak Batasuna zer baldintzatan utziko duen negoziatu beharko dute herrialde horrek eta EBk, bai eta bien arteko merkataritza akordio berrirako esparrua zein izango den ere. EBren izenean, Batzordeak zuzenduko du prozesua; hain zuzen ere Michel Barnier Frantziako komisario ohia buru izango duen talde negoziatzaile batek; hark izango du Erresuma Batuaren aurrean EBren jarrera defendatzeko ardura eta Kontseilu Europarrean biltzen diren estatuburu eta gobernuburuei zer aurrerapen egin dituzten kontatzekoa. 

Hasiera batean, 2018ko urria ezarri du Batzordeak negoziazioak amaitzeko epe gisa.  Handik aurrerako hilabeteak hartutako erabakia berresteko beharko dituzte Britainia Handiko Parlamentuak, Europako Parlamentuak eta EBko beste zenbait parlamentu nazionalek. 

Erabaki honen eragina Euskadin 

Euskadiri zuzenean eragingo dio erabaki horrek, Erresuma Batuarekin lotura politiko, ekonomiko, merkataritzako eta sozial estua duelako. 

AEHEren (atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-errolda) datuen arabera, 4.000 bat euskaldun bizi dira gaur egun Erresuma Batuan. Horretaz gain, irakasle eta, batez ere, euskal ikasle asko joaten da urtero Britainia Handira ikastera, “Erasmus +” programari esker. 

Ekonomiaren alorrari dagokionez, 2016an 4.a izan da Erresuma Batua Euskadiko esportazioen jomuga diren herrialdeen zerrendan, eta ia 1.300 milioi eurokoa izan da negozio-zifra; inportazioena, berriz, 815 milioi eurokoa. Automozioa eta burdinaren eta altzairuaren galdaketa dira erabaki horrek gehien ukituko dituen sektoreak. 

Jarraipen batzordea eta herrialde-estrategia 

Brexitak izango dituen ondorioen jakitun izanik, Eusko Jaurlaritzak gertutik jarraitu ditu 2016ko ekainetik prozesu honen inguruko gertaera guztiak. Harremanetan dago prozesu honek eragingo dien erakunde eta eragileekin, ondorio kaltegarriei aurrea hartzeko eta egoera berri horretan aukera berriak bilatzeko.

Horrenbestez, Jarraipen Batzorde bat jarriko da abian, Erresuma Batuak EB uzteak zer ondorio izango dituen eta Euskadiren interesei nola eragingo diren aztertzeko.

Batzorde horrek izaera publiko-pribatua izango du, eta hauek hartuko dute parte: alde batetik, erabaki horrek gehien eragingo dien Eusko Jaurlaritzaren sailek, hala nola Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Hezkuntzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Osasun Sailak edo Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo Sailak. Bestetik, foru aldundiek eta udalek, Eudelen bidez.

Eremu pribatuko eragileek, Eusko Ganberek eta EAEko portuetako agintaritzek izango dira. Hauekin batera EAEko unibertsitateetako ordezkariek Brexitak hezkuntza-eremuan izango dituen ondorioen berri emango dute.

Batzordeak apirilaren amaieran egingo du lehengo bilera eta lehendakaria izango da buru. Topaleku izatea du helburu, erakunde publikoek eta eragile sozioekonomiko kaltetuenek Brexitak ekarritako ondorioei buruzko iritziak eman ditzaten eta herrialde-estrategia bat adostu dezaten, 2019ko martxotik aurrera Erresuma Baturik gabeko EBn izango diren erronkei aurre egiten jakiteko.

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AsierAranbarriU
    2017.eko martxoak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El Gobierno Vasco creará una Comisión de Seguimiento ante el #Brexit ➡ https://t.co/ioJlSEY9ym https://t.co/FlzA2mI0Hf

  • @Napparra
    2017.eko martxoak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El Gobierno Vasco creará una Comisión de Seguimiento ante el #Brexit ➡ https://t.co/ioJlSEY9ym https://t.co/FlzA2mI0Hf

  • @IzaskunBilbaoB
    2017.eko martxoak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El Gobierno Vasco creará una Comisión de Seguimiento ante el #Brexit ➡ https://t.co/ioJlSEY9ym https://t.co/FlzA2mI0Hf

  • @Gob_eus
    2017.eko martxoak 30

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak Jarraipen Batzorde bat sortuko du #Brexit-aren aurrean ➡ https://t.co/n9v3PJC8WB https://t.co/KVCt6P1MFg

Ekitaldiko kargudunak