
Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak 2022ra arteko beren hitzarmen-marko berria sinatu dute, euskararen aldeko lankidetzari eutsiz
Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak Baionan sinatu dute gaur 2017-2022 epealdirako hitzarmen-marko berria. Akordio honen bidez, bi erakunde hauen arteko lankidetzan sakondu nahi da, euskararen ezagutza, erabilera edota presentzia sustatzeko. Hitzarmenak jasotzen dituen oinarriez harago, konpromiso honen adierazle gisa, Jaurlaritzak diru-ekarpen bat egingo du euskararen aldeko eragile pribatuen lana babesteko; aurten 400.000 eurokoa izango da, iazko kopuru berdina. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua akordio honen aurkezpenean izan da, eta euskararen lurraldeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea izan da Eusko Jaurlaritza ordezkatzen. Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik, Mathieu Bergé Euskararen Erakunde Publikoaren presidentea eta Bernadette Soulé erakunde honen zuzendaria izan dira. Guztiek ere balioa eman diote orain dela 10 urte jaiotako akordio honi, ezinbesteko baliabidea baita euskara Bidasoaren iparraldean sustatzeko. Hitzarmen-marko honen bidez, batetik, lankidetza honen xedeak, irizpide nagusiak, elkarrekin gara daitezkeen jarduerak edota elkarlanaren segimendurako aukerak zehaztu dira.
Hitzarmen-markoak dioenez, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berresten dute. Era berean, bi alderdiek adierazten dute hizkuntza politikaren arloan sustatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta ezaugarri juridiko horien artean diren ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dute. “Elkarrekiko errespetua, konfiantza osoa eta lankidetzan jarraitzeko borondate finkoa dira akordioaren oinarri sendoak”, adierazi du Zupiria sailburuak.
Mugaz bi aldeetako erakunde publikoek elkarrekin gara ditzaketen jarduerei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak lau erronka zehaztu dituzte: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea eta euskararen aldeko jarrera. Euskararen bilakaera soziolinguistikoa hobeto ezagutzeko eta finkatutako erronkak betetzen direla egiaztatzeko, ikerketa-lerroak sustatuko eta bideratuko dira: Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa, Euskararen presentzia eta erabilera neurtzeko adierazleen definizioa eta horien gaineko informazio trukaketa, besteak beste.
Hitzarmena 2017tik 2022ra arte egongo da indarrean, eta adostutakoa gauzatzen dela bermatzeko, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko Jarraipen Batzordea izendatuko da.
Diru-laguntzak
Hitzarmen-markoa elkarlanerako erreferentzia nagusia izanik, urtero sinatuko da bi aldeen artean elkarlanerako eranskin bat. Dokumentu horretan ezarriko dira, besteak beste, akordioaren helburuak lortzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta lankidetzarako funts bat eratuko da. Bi aldeen diru-ekarpenak hartuko ditu funtsak, eta kudeaketa, nagusiki, Euskararen Erakunde Publikoaren ardura izango da. Euskararen alde eragiten duten elkarte eta proiektuentzako diru-laguntza deialdirako deia egingo du erakundeak, betiere Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta presentzia bermatuz prozesu horretan.
Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro bideratuko ditu aurten euskararen aldeko ekimen pribatuak diruz laguntzera, iazko kopuru berdina. Euskal Hirigune Elkargo berria berriki jaio denez eta horrek Euskararen Erakunde Publikoaren kudeaketan aldaketak ekarriko dituenez, oraindik ez dago erabakita Iparraldeko erakundeak jarriko duen kontu-saila. Iaz, 1.330.000 euro jarri zituen. Beraz, hitzarmen-marko honi lotuta dagoen eranskinari esker, diru kopuru garrantzitsua izango da euskararen aldeko elkarteak, proiektuak eta ekimenak laguntzeko.
Hamar urteko ibilbidea
Arestian beste aurrekariak izan baziren ere, 2007an sinatu zuten lehen aldiz hizkuntza-politikako gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen-markoa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoak. 2007ko otsailaren 7an sinatu zen eta 2010era arte izan zen indarrean. Elkarlan horren balorazioa erabat positiboa izan zenez, 2011ko urtarrilaren 31n hizkuntza politikaren arloan lankidetzan jarduteko hitzarmena berritu zuten bi erakundeek. Akordioa 2011 eta 2016 bitartean izango da indarrean. Orain, balorazioa guztiz positiboa da berriz ere, eta elkarlanari eustea erabaki da.
“Eusko Jaurlaritzak euskararen presentzia Iparraldean areagotzeko ahalegin horretan kolaboratzen jarraitu nahi du. Arlo publikoan, pribatuan, etxean, kalean eta gizarte osoan euskara hedatzen jarraitu beharra dago, baldin eta euskararen etorkizuna Bidasoaren alde honetan bermatu nahi badugu. Lankidetza horretarako beti aurkituko gaituzue prest”, adierazi du Zupiria sailburuak.