Eu

Artolazabalek ikasle gazteak campusetako topaketetan parte hartzera animatzen ditu enplegua eskuratzeko eman behar dituzten hurrengo urratsak zehazteko

2017.eko martxoak 29
  • “Ekimen hauek laneratzeko prestatuta dauden gazteengana hurbiltzen dute enpresa-mundua. Eta bertan, lehen eskutik ezagutzen dute haiek kontratatzeko enpresek zer eskatzen duten eta zer eskaintzen dien”
  • Gaur eta bihar artean 50 enpresa, erakunde sozial eta publikok hartuko dute parte Deustun, enplegatzaileen, ikasleen eta lehen lan-aukera bilatzen duten graduatuen arteko topaketan.

 

 

Bilbo, 17-03-29

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek egun hauetan hainbat campusetan burutzen ari diren topaketetan eta jardueretan unibertsitateko eta ikastetxe politeknikoetako ikasleak parte hartzera animatzen ditu, aurrerantzean zein urrats akademiko eta profesional eman behar dituzten zehazteko helburuarekin.

 

Deustuko erretore Jose Maria Guibertekin batera, Beatriz Artolazabalek, gaur eta bihar artean Bilboko campusean egiten ari den Enpleguko eta Ekintzailetzako Deustu Foroan kokatutako stand-ak bisitatu ditu. Halaber, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbidek gazteentzako euren proposamenak aurkezten dituzte eraikin nagusiko klaustroetan.

 

“Ekimen hauek laneratzeko prest dauden gazteengana hurbiltzen dute enpresa-mundua. Bertan, gazte horiek lehen eskutik ezagutzen dute enpresek haiek kontratatzeko zer eskatzen duten eta zer eskaintzen dien” azpimarratu du Artolazabalek Deustun 50 enpresa, erakunde sozial eta publiko inguruk eskainitako standetara egindako bisitan. Enpresa, erakunde sozial eta publiko horiek hitzordu honetan hartzen dute parte, enplegatzaileen, azken mailetako ikasleen eta graduatuen —lehen lan-aukera edo norberaren ibilbide profesionala hobetuko duen lan-aldaketa bilatzen dutenak— arteko topaketa sustatuz.

 

Horren aurretik, Urkullu lehendakariak eta Guibert erretoreak gazteen ordezkariekin, enpresa-munduko ordezkariekin eta Unibertsitateko ordezkariekin egin duten bileran egon da Artolazabal sailburua.

 

#deustoempleo17

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • José María Guibert