Eu

Eusko Jaurlaritzak Espainiakoari exijitzen dio euskal funtzio publikoko langileen berriztapen-tasak berehala kentzeko

2017.eko martxoak 29

Andrés Zearreta Sailburuordearen ustez “zeharo injustifikatuta” dago orain, berriro, Espainiako Gobernuak aldaketak proposatu izana legerian, administrazio publikoetan langileen berriztapen-tasak mantentzeko.

Funtzio Publikoko Sailburuorde Andrés Zearretak gaitzetsi egin du gaur Espainiako Gobernuaren erabakia, administrazio publikoentzat lanean ari diren langileen berriztapen-tasak mantentzekoa, zeren eta, esan duenez, “Euskadi adinez nagusi da enplegu publikoaren bere antolamendua eta estrategia erabakitzeko eta definitzeko”.

Zentzu horretan, Andrés Zearretak salatu du, berriro, “Espainiako Gobernuak erabakitzea bere oinarrizko legeria aldatzea langileak berritzeko bere kuotak guri inposatzen jarraitzeko, era horretan autogobernurako eta Euskadiri esklusiboki dagokion eskumen bati buruz erabakitzeko dugun ahalmena murriztuz”.

Espainiako Gobernuaren proposamena, Administrazio Publikoen Negoziazio Mahai Orokorraren esparruan egina, “zeharo injustifikatuta” dago, Andrés Zearretaren hitzetan, zeren eta “autonomia guztiak berdintzen gaitu, aintzat hartu gabe Euskadik ahalmen finantzarioa eta konpetentziala duela, berea eta bereizia, euskal funtzio publikoa antolatzeko”.

LEHENTASUNEZKO SEKTOREAK

Gainera, Andrés Zearretak adierazi duenez, “egia bada ere Espainiako Gobernuak gaur erabaki duela lehentasunezko sektoreak direlakoetan berriztapen-tasen portzentaje batzuk malgutzea, egia hauxe da, oraindik nahikoa ez den neurria da, eta urrun dago euskal funtzio publikoaren premietatik”.

Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatu dio “Euskadirentzako murrizketak berehala kentzea”, eta “euskal administrazio publiko desberdinek, hemendik eta gure premia espezifikoen arabera, behar ditugun plantillak finkatu ahal izatea euskal herritarrei zerbitzu publiko egokia eta eraginkorra eskaintzeko”.

EUSKAL ENPLEGU PUBLIKOAREN BABESA

Azkenik, Andrés Zearretak ziurtatu duenez, “kalitateko enplegu publiko bat izateko, gure premiei egokitua, pertsonala berritzeko tresna guztiak izan behar ditugu helmenean, eta bereziki, Euskadiren errealitatera doitutako Lan Eskaintza Publikoen deialdiak egin behar ditugu.Halakorik egin ezin dugun bitartean, Euskadiko administrazio publikoetako plantillen egonkortasuna mugatzen ari gara”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak