Eu

Eusko Jaurlaritza Euskadiko portu eta trenbide arteko loturak lantzen ari da garraio multimodalaren alde egindako apustua sendotzeko

2017.eko martxoak 29
  • FUTUREPORT kongresuan portuetako eskaera berriak eta itsasoko eta lehorreko jarduera lotzeko moduak aztertu dira.
  • Eusko Jaurlaritzaren eta sektorearen ahalegina garraioan ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzera bideratzen da, ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izanda.
  • Hegoaldeko Tren Saihesbidearen gaineko akordioari esker Bilboko Portua zuzenean lotuko da Europarekin

Garraioetako sailburuorde Antonio Aizek, Edurne Egañak (Euskadiko Kirol Portuak) eta Asier Atutxak (Bilboko Portua) egun hauetan Bilbao Exhibition Centren egiten ari den WORLD MARITIME WEEK azokan parte hartu dute. Aurten marka berria (WMW) sortu du, eta ontzigintza-, arrantza-, energia- eta portu-sektoreak bateratuz kontzeptuzko planteamendu berri bat dakarren marka da.

Azokaren baitan portuen sektorea sartu da FUTUREPORT izenarekin; izan ere, itsasoko jarduera eta lehorrekoa nekez lotu ahal izango dira lotura hori ahalbidetuko duten azpiegiturak, hau da, portuak, ez baditugu.

Garraioetako sailburuorde Antonio Aizek “Itsas eta portuko industria jasangarriago baterako azpiegiturak eta ekipamenduak” jardunaldian parte hartu du. Jardunaldian ontzigintzen ingurumen-estrategia eta honek Europako portuetan duen eragina aztertu dira, eta Ameriketako portuetako hainbat proiekturen adibideak ezagutu dira. WORLD MARITIME WEEK etorkizun hurbilean portuek erantzuna eman beharko dieten eskaera berriak identifikatu eta lantzeko aukera bat da.

Portuak funtsezko garraio-nodoak dira bai merkataritza-trafikorako bai arrantza-trafikorako, kirol nabigaziorako eta offshore instalazioetarako, eta eskaera berrien aurrean erne egon behar dute, erantzun eraginkorra emateko prest.

Plataforma logistiko multimodala

Euskadi, bere kokapenari esker eta ondo koordinatu eta lotutako lehen mailako garraio-azpiegitura logistikoen sareari esker, Plataforma Logistiko Multimodala da Europa hego-mendebaldeko salgaien garraiorako. 

Aizek azpimarratu duen moduan, “garraioa funtsezko elementua da gizartearen eta ekonomiaren garapenerako, aurrerapenerako, gizartearen ekitaterako eta lehiakortasuna hobetzeko”. Horregatik, duela gutxi Ministerioarekin sinatutako akordioa balioetsi nahi izan du, hau da, salgaientzako Hegoaldeko Tren Saihesbideari dagokion enkomiendaren protokoloa, Kantabriarekin abiadura handian egingo den konexioa ere izango dena. 

Garraioetako sailburuordeak esan duenez, “garrantzi handiko mugarria da, izan ere, konexio berriari esker zuzenean lotuko da Bilboko Portua Europarekin”. Eusko Jaurlaritzak portuen eta trenbidearen arteko eta horien eta zentro logistiko intermodalen (bereziki Arasur, Jundiz eta Pasaia-Irungoaren) arteko konexioak hobetu eta optimizatzearen aldeko apustua egin du.

Garraio-azpiegitura jasangarriagoak

Aizek azpimarratu du "itsas garraioan inplikatuta gauden eragile guztion eta bakoitzaren erantzukizuna da garraio-bide horrek ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izan dezan lortzea eta ekarpen erreala eta eraginkorra egiteko konpromisoa gure gain hartzea". Gobernuen, administrazioen eta gainerako eragileen ahaleginak, gaur egun, batez ere, bideratzen dira ahalik eta eraginkortasunik eta azkartasunik handiena lortzera ingurumenean ahalik eta gutxien eraginda.

Gutxiago kutsatzen duten erregai berriei buruzko ikerketak, hondakinen eta lasta-uraren tratamendua, itsasontzi efizienteagoen diseinuaren optimizazioa, ontzi zaharkituen zatikatze arduratsua (geenports) edo itsasoko autobideak sortzea etorkizuneko garapen jasangarriaren gakoak dira. “Ongi inbertitu” behar da, eta ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarriagoak diren eta errentagarritasun handiagoa duten garraio-azpiegiturak lehenetsi behar dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Asier Atutxa (Puerto Bilbao)