Berriak Osasuna
Eu

BioDonostia OII-ko Gaixotasun Hepatikoen taldeak SOX17 geneak behazun-minbizian duen eginkizun garrantzitsua aurkitu du.

2017.eko martxoak 28

Journal of Hepatology nazioarteko aldizkari zientifikoak, espezialitatean onenetako batek, Biodonostia OII-ko Gaixotasun Hepatikoen taldeak garatutako ikerketaren emaitzak argitaratu ditu. Ikerketak SOX17 geneak behazun-epitelioaren garapen normalean eta gaiztotzeko prozesuan duen garrantzia erakusten du.

Ikerketak erakusten duenez, SOX17 genea behazun-sistemaren garapen normalerako funtsezkoa da, eta bere faltak behazun-minbizi edo kolangiokartzinomaren garapena eta progresioa errazten ditu. Donostia eta Copenhaguen behazun-minbizia pairatzen duten bi gaixo-talde ezberdin ikertu eta gero, SOX17ren maila paziente hauentzat pronostiko faktore bat dela aurkitu du lan-taldeak. Zehazki, aurkikuntza honek behazun-minbiziaren erauzketa izan duten gaixoen biziraupenaren balioespen goiztiarra ahalbidetzen du. Bestalde,  gene honek helburu terapeutiko lez duen potentziala azpimarratzen du lanak, tumore hauen tratamendua errazteko bide bezala.

BioDonostia Osasun Ikerketa Institutu publikoko Gaixotasun Hepatikoen eta Gastrointestinalen taldean diharduten Jesús Bañales (Ikerbasque, Miguel Servet eta CIBERehd ikertzailea) eta Luis Bujanda (CIBERehd eta UPV/EHUko ikertzailea eta OSI Donostialdeako digestio aparatuko mediku espezialista) doktoreek zuzendutako nazioarteko elkarlana da hau. Gainera, Biodonostia OII-ko ikertzailea den Maite Merino doktorearen doktorego tesiaren oinarria izan da. Hiru ikertzaile hauen proiektua Carlos III Osasun Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Gipuzkoako Minbiziaren kontrako Espainiako Elkarteak (AECC, gaztelaniazko siglen arabera) finantzatu dute.

Bañales doktorea “European Network for the Study of Cholangiocarcinoma” (www.enscca.org) ikerketa-sareko koordinatzailea da. Ekimen honek Europako 12 herrialdetako eta Estatu Batuetako 30 ikerketa-talde ezberdin batzen ditu, eta kolangiokartzinoma duten pazienteen nazioarteko datu-base bat garatzen ari da, europar erakunde baten (European Association for the Study of the Liver, EASL) babesarekin. Datu-base honi esker informazio garrantzitsua lortu ahal izango da (epidemiologikoa, arrisku-faktore eta ezaugarri berezien ingurukoa, besteak beste) eta etorkizuean biomarkatzaile diagnostiko berriak eta tratamendu eraginkorrak bilatzen duten ikerketa klinikoen oinarria izan daiteke.

Journal of Hepatology aldizkaria, EASL erakundearen aldizkari ofiziala eta ikerketa-arlo honen informazio-iturri nabarmena da.

 

Donostia-San Sebastián 2017ko martxoa

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau