Berriak Segurtasuna
Eu

Bilbok hiri seguruenetako bat izaten jarraitzen du

2017.eko martxoak 28

Herritarrek duten Gogobetetasunaren Pertzepzio Orokorrari buruzko Azterlanaren arabera, herritarren segurtasunaren arloan 2004tik izan den emaitzarik onena lortu da; Bilbo 2015ean baino seguruagoa da, baita beste hiri batzuekin konparatuta ere. Herritarren ia % 70ek uste du Bilbo hiri segurua edo oso segurua dela.

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren 2016ko jarduerari buruzko txostenaren datuek Bilbo hiri segurua dela adierazten dute, izan ere, delinkuentzia-tasa mila biztanleko 70,8koa da.

Delituzko ekintzak % 2,4 hazi dira, batik bat ebasketen eta ohartu gabeko lapurreten igoeragatik (% 10,8), eta neurri txikiagoan bada ere, ibilgailuetan egindako lapurreten igoeragatik (% 11,7). Aipatzekoa da Bilbon egiten diren delitu guztien % 53 ebasketak direla. Pertsonen aurkako delituak murriztu egin dira: homizidioak (-% 33); lesioak  (-% 1,9), armez egindako mehatxuak (-% 20,8). Datuek erakusten dutenez, azken urteetako delinkuentzia-mailarik txikiena  daukagu Bilbon. 

Herritarrek duten Gogobetetasunaren Pertzepzio Orokorrari buruzko Azterlanaren arabera 3. Barrutiko biztanleek poliziaren presentzia handiagoa eskatzen bazuten ere, seguru sentitzen ez zirelako, datuek erakusten dute 2016an Txurdinaga-Otxarkoagan jaitsi direla gehien delituak, hain zuzen ere % 16,1; ondoren, Deustun eta Errekalden, % 1,4ko eta % 0,2ko jaitsierarekin, hurrenez hurren.

Delitu ezagunak 5. Barrutian (Ibaiondo) hazi dira gehien (% 11,7); batetik, Barruti horretan dagoelako udalerriko asteburuetako aisiako gunerik garrantzitsuena eta bestetik, uriko jai nagusiak ere bertan egiten direlako: ASTE NAGUSIA eta SANTO TOMAS.

Deliturik ohikoenak

Hala, datuek erakusten dutenez, ondasunen aurkako delituetan beheranzko joera egon da, delitu guztien ia heren bi egiten dute delitu horiek.

Polizia-erakunde bien helburu estrategiko nagusiei dagokienez, larderiaz nahiz indarkeriaz egindako lapurretak % 1,7 gutxitu ziren, indarra erabilita egindako lapurretak % 8,7 murriztu ziren eta etxebizitza-eraikinetan (lonjetan, trastelekuetan eta garajeetan) egindako lapurretak % 60 murriztu ziren. Datu horiek adierazten dute orain dela urte pare bat jarduera-plan bi ezarri ostean hasitako beheranzko joerari eutsi zaiola. 

Delitu horien beherakada garrantzitsu hori hurrengo erabakien ondorioz etorri da: prebentzio-ordu kopurua handitzea; patruilak eraginkortasun handiagoz zuzentzeko datuak zehatz aztertzea; eta jarduera-eremuak banatzea.

Etxeetan egindako lapurretei dagokienez, horiek ere lapurreta estrategikotzat joak, 2015ean era horretako gertakariak modu arriskutsuan igo izana neutralizatu zuten (% 40,6 murriztuz), eta horrela 6 urtetan jarraian izango igoerari buelta eman. 2016an polizia-erakunde bien ahaleginari esker, era horretako delituen kopuruari eutsi zaio, igoera moderatua izan baitu, % 5,3koa. 

Ebasketak edo ohartu gabeko lapurretak delitu guztien % 53 dira; guztira  24.479 delitu egon badira, horietatik 12.179 aipatutako delituak izan dira. 2015. urtearekin alderatuta, ebasketetan edo ohartu gabeko lapurretetan % 10,82ko igoera gertatu da. Eragin berezia dauka ekitaldi jendetsuetan eta jende-multzo handien artean; udalerriko delinkuentzia-arazo nagusia hortxe dago, delitu kopuruari begiratuz gero. Adibide modura, iragan Aste Nagusian 1.000 salaketa inguru jarri ziren.

Pertsonen aurkako delituak dira gizartean oihartzun handiena dutenak, eta horietako gehienak murriztu egin dira: homizidioak (-% 33); lesioak (% 1,9), armez egindako mehatxuak (-% 20,8), sexu-erasoak (-%15,5). Askatasun sexualaren aurkako delituek, ordea, gora egin dute (% 18,4). 

Gai horrek kezka eragiten du polizia-erakunde bietan eta horregatik, Udaleko beste sail batzuekin eta erakunde sozialekin elkarlanean jardun beharra dago.

Familia-eremuan egiten diren delituak bestelakoak dira, 2015ean nabarmen jaitsi zirela ikusita, 2016an berriro ere hartu du goranzko joera. Irtenbide errazik ez duen arazoa da, poliziaren ikuspegitik huts-hutsean konpondu ezin dena. Izan ere, gizarteko gaitz hau arazo soziokultural itzela da.

Poliziak atxilotu eta ikertuak aztertuta, 2016ko kopuruak aurreko urtekoak baino handiagoak dira, hurrenez huren, % 1,9 eta % 47,4. Hortaz, aipatzekoa da poliziaren atxilotze- eta eraginkortasun-maila handia.

Delituak, barrutiaren arabera

Eremukako balantzeari dagokionez, 2016ean Bilboko zortzi barrutietako hirutan delituak jaitsi ziren. Horietatik, jaitsierarik handiena 3. Barrutian (Txurdinaga-Otxarkoaga) gertatu da, -% 16,1ekoa; ondoren, 1. Barrutian (Deustu), -% 1,4ko jaitsiera eta azkenik, 7. Barrutian (Errekalde),  -% 0,2ko jaitsiera.

Beste barrutietan, ordea, igoerak egon ziren, handiak izan ez arren: 2. Barrutian (Uribarri), % 0,9ko igoera; 4. Barrutian (Begoña), % 1,9koa; 6. Barrutian (Abando), % 3,1ekoa eta 8. barrutian (Basurtu), % 0,4koa, hain zuzen ere, delitu ezagunak 20, 57, 70 eta 07 gehiago izan dira, hurrenez hurren. 

Igoerarik handiena Ibaiondon gertatu da, % 11,7koa izan baita. Izan ere, barruti horretan biltzen dira, aldi berean, herritarren nahiz merkataritzako, ostalaritzako eta aisiako establezimenduen kopuru handiena eta, aurrekoaren ondorioz, bisitari eta turisten kopuru handiena ere bai. Gainera, Ibaiondon jai eta ekitaldi nagusi asko egiten dira, ASTE NAGUSIA eta SANTO TOMAS eguna, kasu, eta horrelako egunetan jartzen dira salaketarik gehien ebasketengatik eta lapurretengatik.

Herritarrek duten Gogobetetasunaren Pertzepzio Orokorrari buruzko Azterlanaren arabera, 3. Barrutiko biztanleek poliziaren presentzia handiagoa eskatzen bazuten ere, seguru sentitzen ez zirelako, datuek erakusten dute 2016an Txurdinaga-Otxarkoagan jaitsi direla gehien delituak, hain zuzen ere % 16,1, hau da, 179 delitu gutxiago. Dena dela, herritarrek eskatutakoari erantzungo zaio, logikoa ere badenez.

Helburu estrategiko komunak. Prebentzioa, hurbiltasuna eta lankidetza

Poliziaren erantzuna zer-nolakoa izan den baloratzeko modu erraz bat, epaileen esku utzi diren atxilotuen eta ikertuen kopuruari begiratzea da.

Arlo honetan, 2016ko kopuruak aurreko urtekoak baino handiagoak dira, hain zuzen ere, % 1,9ko eta % 4,7ko igoera izan dute polizia-erakunde biek atxilotutakoen eta ikertutakoen kopuruak, batetik prebentzio-politika egokien eta bestetik, delituen osteko ikerketa-lan onaren ondorioz.

Prebentzioa da datozen urteetarako bultzatzen ari den polizia-ereduaren ardatza. Hona hemen bi polizia-erakundeen helburu estrategiko nagusietako batzuk: auzoetan oinezko polizia-patruilen lana indartzen jarraitzea segurtasun-pertzepzioa indartze aldera; alor horretan herritarrek dituzten beharrizanei erantzutea; eta lan koordinatu eta jarraituan giza baliabideak nahiz baliabide tekniko eta materialak hobeto aprobetxatzea.

Behar denean eta behar den lekuan egotea eta, horretarako, egunerokotasunean poliziak egoki banatzea, eta laguntza-, ikerketa- eta patruila-lanak koordinatzeko lankidetza ahalegina indartzea ere badira polizia-estrategia horren atal garrantzitsuak. Izan ere, gaur egungo egoera sozial eta politikoan, poliziaren lana berrantolatzeko lanari heldu zaio. Bi polizia-erakundeen beste ardatz estrategikoetakoa da prebentzio aktiboan zerbitzua eskaintzea, kriminalitatearen ikerketa adimentsu eta eraginkorrean oinarrituta, kudeaketan etengabeko hobekuntza eta lankidetza ezarriz premia berrietara egokitzeko.

Prebentzio aktiboa, batetik kalean, agerian, jardunez, eta bestetik, komunikazioetatik, eskatzen duten eragile sozialekin bilduz. Bilera horietan herritarren azaltzen dituzten arazoei ekingo zaizkie.

Horren harira, Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Sailak eta Bilboko Ertzain Etxeak topaguneak antolatu izan dituzte era sistematikoan 2015etik aurrera, prebentzioaren alorrean, hainbat gizarte-eragileekin (auzo-elkarteak, komunitateak, ikastetxeak, merkatari- eta ostalari-elkarteak, Barrutietako Kontseiluak...). Aurten ere egingo dira horrelakoak.

Era berean, sentsibilizazio-kanpainak egingo dira, triptikoen eta prentsa-oharren bidez eta aholkuak emanez. Horien xedea da herritarrak konturatzea segurtasun-neurriak hartzea garrantzitsua dela delitu jakin batzuen aurrean, esaterako, hauen aurrean: pertsona nagusiei banketxeetatik ateratzen direnean egiten zaizkien lapurretak, etxeko iruzurrak, ebasketak egun eta leku jakinetan, lapurretan etxeetan, eta delitu-mota berrietan ere bai, betiere gaizkileei gauzak zailago jarri nahian.

Ildo horretan, prebentziorako eta norbere burua babesteko hainbat erabaki xumek jarduera poliziala errazten eta delitu horiek murrizten lagun dezakete.

2016an, Herritar Segurtasun Sailak 92 hitzaldi eman zituen Bilboko 32 ikastetxetan eta onarpen eta balorazio oso positiboa eman zitzaienez, horiekin jarraitzeko asmoa du, gure gazteek jarrera gizalegezkoak izan ditzaten. Adin txikikoentzako hitzaldi horietan gure herritarren arazoak azaleratzen eta aztertzen dira: drogak, familia-eremuko indarkeria, bulling-a eta ziberdelinkuentzia.

Prebentzio-politiken eta jarduketen erdigunean herritar ahulenak (indarkeria sexistaren biktima diren emakumeak, adingabekoak eta pertsona nagusiak) babestea egon behar luke.

Aurrekoarekin lotuta, 2016an, Herritar Segurtasun Sailak 27 bilera izan zituen auzoko elkarteekin eta beste erakunde batzuekin haien kezkak ezagutzeko eta plazaratutako kasuen aurreko soluzio onena aplikatzeko. Bestetik, hainbat kolektiboren aurreko 13 hitzaldi antolatu zituen: adinekoak, ostalaritzako ordezkariak, hezkuntza-alorreko erakundeak, etab.   Era berean, Bilboko Udaltzaingoak herritarrek jarritako 696 kexa atenditu zituen, horietako gehienak bizikidetzari lotutako arazoengatik.

Segurtasunak inbertsio-prozesuetan laguntzen du eta horrek, bere aldetik, gizarte-kohesioan laguntzen du. Horregatik, Bilbok hiri segurua izaten jarraitu behar du eta horretarako, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak batera lan egiten jarraitu behar dute, delinkuentzia-ratio baxuak izaten jarraitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Mari Aburto, Alcalde de Bilbao, Tomás del Hierro, Concejal de Seguridad Ciudadana, Adolfo Alustiza, Director de Seguridad, Josu Gotzon Lujua, Jefe Territorial de la Ertzaintza, Todor Aresti, Nagusi de la Ertzaintza en Bilbao.