Berriak Hezkuntza
Eu

550.000 euro hezkuntza-bikaintasunera zuzendutako prestakuntza-proiektuetarako (Gobernu Bilera 2017-03-28)

2017.eko martxoak 28

2017-2018ko ikasturtean hezkuntza-bikaintasunera zuzendutako prestakuntza-proiektuak martxan jartzeko itunpeko ikastetxeak eta Hezkuntza Sailaren menpe ez dauden unibertsitateaz kanpoko titularitate publikoko ikastetxeak (heziketa-zikloak izan ezik) deitzen dituen Agindua onartu du, Hezkuntza  sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Gobernu Kontseiluak. Deialdi honek 550.000 euroko diru-kopurua dauka.

Ikastetxea zein irakaslea funtsezkoak dira irakatsi eta ikasteko prozesuan, parte aktiboa izan behar dute hobetzeko prozesuan, eta etengabeko hausnarketan aritu. Horregatik, deialdi honek proposatzen du prestakuntza eta berrikuntza-jarduerak nahiz proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatu beharrekoak direla. Horrela, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezke, eragin onuragarria eta neurgarria izan dezaten. Ikastetxe jakin baten barruko bikaintasun-proiektuek eta esperientziek eragin handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitie.        

Ikastetxeek deialdi honetara aurkezten dituzten proiektuek, jarraian zehaztuko diren hezkuntza-bikaintasunerako prestakuntza-proiektu motaren baten barnean kokatuak egon beharko dute:  

-Berrikuntza-proiektu integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak: berrikuntza-proiektu integralek prestakuntza-jarduerak proposatzeko eta zentroaren hezkuntza-ereduaren gainean hausnartzeko aukera ematen diete ikastetxeei, irakaskuntza-ikaskuntza  prozesuan  beharrezko  hobekuntzak  sartzeko, konpetentziak eskuratzean oinarritutako ikuspegitik. Proiektu hauen iraupena bi edo hiru ikasturtekoa izango da. Urte horiek amaitzean, ikastetxean bere esperientzia gainerako ikastetxeei aurkeztu ahal izango die, Partekatuz ikasi modalitatearen bidez.

Bestetik, curriculuma aberasteko proiektutzat hartzen dira, ikasgelan metodologia aktiboak ezartzen dituztenak, eta ikasle guztiak artatu eta aberasteko jarduerak ezartzen dituztenak, betiere ikasleen ikasketarako motibazioa piztea helburu izanik. Proiektu hauek eskolaz kanpoko jarduerak ere har ditzakete. Prestakuntza modalitate honetarako 119.000 euro bideratzen dira, deialdiaren barnean.

-Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak: proiektu hauek, zeharkako gaitasunak lortzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruan prestakuntza-jarduerak proposatzeko aukera ematen diete ikastetxeei,  eta  era  berean,  aukera  eskaintzen diete ikasleek eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik edukirik esanguratsuenak hautatzeko egoera-arazoak aztertzeko. Proiektu hauek aintzat hartu beharko dute ikastetxearen hobekuntza globala. 362.000 euro bideratuko dira proiektu hauetarako.

-Partekatuz ikasi esperientziak: irakasleentzako prestakuntza mota honetan, ikastetxe batek laguntza eta orientabidea eska diezaioke ikastetxe tutore bati, bikaintzat jotzen diren eta eredugarriak diren praktika pedagogikoen berri izateko eta haiek gauzatzeko lehenengo pausoak emateko. Diru-laguntza deialdi honek ikastetxeek aukeran dituzten Partekatuz ikasi esperientzien zerrenda ere jasotzen du. 69.000 euro bideratzen dira prestakuntza mota hoetarako.

2016-2017 ikasturte honetan, hezkuntza-bikaintasunerako 114 prestakuntza-proiektuk jaso dute diru-laguntza –hiru mota horietakoren batean- iazko deialdian haiek aurkeztu zituzten ikastetxeetan garatu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko