Eu

Lan eta Justiziako Sailburu Maria Jesus San Josek “Protocolos para el Abordaje de Conductas Inapropiadas en el Trabajo” izeneko jardunaldia inauguratu du

2017.eko martxoak 29

Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Josek “Protocolos para el Abordaje de Conductas Inapropiadas en el Trabajo” izeneko jardunaldia inauguratu du gaur goizean. Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren egoitzan burutu den jardunaldi hau Diskriminazioa eta Jazarpen Moralaren Euskal Behatokiak eta Lan eta Justizia Sailak antolatu dute.
Lan eta Justizia Sailak laneko jokabide desegokien inguruan ekintza bikoitza burutzen du:  alde batetik, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak burutzen duen ikerketa- eta prebentzio-lana; eta bestetik, Laneko Ikuskatzailetzak burutzen duen zaintza, kontrol eta, hala badagokio, zigortzeko lana.
Maria Jesus San Josek lanean jokabide desegokiek eragiten duten arrisku psikosozialeko faktorea azpimarratu du. Izan ere, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europar Agentziaren iritziz arrisku psikosoziala da datozen urteei begira lan-arrisku nagusienetako bat.
Sailburuak azaldu duenez, Osalanek arrisku psikosozialak 2015-2020ko Osasun eta Lan Segurtasunaren EAEko Estrategiaren esparruan kokatzen ditu, arrisku horiek suposatzen dutenean eta prebentzioaren ikuspegitik arrisku horiei aurre egiteko moduan sakonduz.  Izan ere, arrisku horiek aurreikus daitezkeenez, segurtasun, higiene, ergonomia eta abarri lotutako arriskuen antzeko tratamendua izan behar dute.
Arlo horretan Osalanek erabilitako eta sailburuak deskribatutako tresna eta ekimen batzuk hauexek dira:
•    PSIKOPREBEN mikrosite tematikoa. Duela 6 hilabete jarri zen martxan. Arrisku psikosozialekin lotutako ezagutza zabaltzen du.
•    Gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko jardunbide egokiak eta protokoloak ezagutzeko tailerrak.
•    2016an Laneko Psikosoziologiari buruzko VII. Jardunaldiak egin ziren, oso harrera onarekin. 2017an jarraipena izango dute.
•    Gaiari buruzko gidak eguneratzea eta, behar izanez gero, berriak egitea. Aski ezagunak dira Antolakuntzako arrisku psikosozialen hastapenak gidaliburua eta Prebentzio-ordezkarientzako arrisku psikosozialen prebentzioko gidaliburua.
•    UPV/EHUrekin elkarlanean Udako Ikastaro espezifiko bat antolatzeko. Zazpigarren edizioa da.
Laneko Ikuskatzailetza
Lanean burututako jokabide okerren bitartez, arrisku psikosozialak tratu duin baterako eskubidearen urraketa bihur daitezke, laneko harremanaren esparruan. Lan eta Justiziako sailburuak azaldu duen bezala, “edozein motatako jazarpenak langile orok edukitzeko eskubidea duen duintasuna kaltetzea dakar”, Langileen Estatutuaren 4. artikuluan adierazten den bezala. Beraz, “enpresek langileak jokabide oker horietatik babestu behar dituzte, jokabide horiek hautemateko neurri eraginkorrak ipini behar dituzte eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak gauzatu beharko dituzte”.
Halaber gaineratu du, baldintza hauek betetzen ez direnean Administrazioak bermatu behar duela duintasun hori, eta horretan jarduten duela Laneko Ikuskatzailetzak. Kasu gehienetan, esan du, aipatutako oinarrizko eskubidea urratzen ari direla ezagutu ondoren hasten dela Ikuskatzailetzaren lana. “Une horretan, Ikuskatzailetzak lan-baldintzak aztertzen ditu eta mota horretako gatazkei aurre egiteko enpresan prozedurarik edo protokolorik ote dagoen egiaztatzen du. Jarduketa amaitu daiteke akatsak zuzentzeko eskaera bat eginez edo zigorra ezarriz”.
Azaldu duenaren arabera, “babesteko eskubideak urratzen badira, ez-betetze horiek laneko araudiaren Arau-hauste Oso Larriak izan daitezke, eta 6.251 eta 187.515 euro arteko zigorrak eragin ditzakete”.
Eta prozesu horiek aurrera eramaten zailak diren arren, Maria Jesus San Josek Ikuskatzailetzaren lana azaltzeko hainbat datu eman ditu:
"2015ean langileen intimitate- eta duintasun-eskubidea babestearekin lotutako 170 jarduketa burutu ziren. Horietako 7tan arau-hauste aktak sustatu ziren —guztira 123.754 eurogatik— eta arlo honetan hautemandako akatsak zuzentzeko 21 errekerimendu egin ziren. Eta 2016an 151 jarduketa burutu ziren. 7 arau-hauste akta —295.753 eurogatik—  eta 14 errekerimendu egin ziren guztira".
Lan eta Justiziako sailburuak hitzaldia mezu argi batekin amaitu du. Berak zuzentzen duen Sailaren asmoa da “arazo honekin amaitzeko lanean jarraitzea. Gure enpresetan arazo hori oso zabaldua dago eta oso ondorio negatiboak ditu langileen osasunean. Horrek, galdutako lanegunen ehunekoa handia izatea eragiten du”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak