Berriak Lehendakaritza
Eu

World Maritime Week-en irekierako ekitaldira bertaratu da Lehendakaria

2017.eko martxoak 28

Iñigo Urkullu Lehendakariak World Maritime Week inauguratu du gaur Barakaldoko BECen. Martxoaren 31ra arte nazioarteko erreferentzi gune izango da ontzigintzaren, arrantzaren, energiaren eta portuen sektoreetarako. Itsasoak euskal industriari eskaintzen dizkion aukerak nabarmendu ditu Lehendakariak, bereziki Euskadi aitzindari den energia berriztagarriaren sektorean. “Mundu osoan itsas energia-proiektu horien ezarpenean aitzindari izateko behar adina azpiegitura dugu teknologian eta ontzigintzan", azpimarratu du.

Irekierako ekitaldian hauek ere parte hartu dute: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu eta BECeko lehendakari Arantxa Tapia, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José, Barakaldoko alkate Amaia Campo eta BECeko zuzendari nagusi Xavier Basañez. Guztiei egin die harrera Espainiako Cluster Maritime-ko lehendakari Alejandro Aznarrek. World Maritime Week lau ekitaldi biltzen dituen marka gisa sortua da: Sinaval, Eurofishing, Marine Energy Week eta Future Port. Nazioarteko izen handiko hizlariek eta merkatuan interesatuta bisitan etorriko diren 18 herrialdetako armadoreek eta ontziolek parte hartuko dute ekimen honetan. 

Itsasoak aukera bat adierazten du teknologiaren eta ontzigintzaren industrian ekoizpen-sektore berriak sortzeko, eta beraz, baita aukera bat ere enplegua sortzeko. Halaxe ziurtatu du Lehendakariak. Gainera, azpimarratu duenez, itsas energia eolikoa bezalako energia berriztagarrien gaietan nazioartean duen posizioa sendotu beharrean da Euskadi. Gaur BECen abian jarritako foroak euskal industriari eskaintzen zaizkion aukerak aztertzeko balio izango du, baita portuen sektorean ere, etorkizuneko portuek erantzun behar izango dizkieten eskari berriak ezagutzera emango baitira bertan. 

Bestalde, World Maritime Week-en irekiera aprobetxatu du Urkulluk Eusko Jaurlaritzak arrantzaren sektorea babesteko hartua duen konpromisoan sakontzeko; politika sozioekonomikoaren "ardatzetako" bat, gogorarazi du. Lehendakariak adierazi duenez, helburua da sektore “iraungarriago eta lehiakorrago" bat sendotzea, enplegua mantentzea eta flota berritzea ahalbidetuko duena. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak