Berriak Osasuna
qrcode

Gaur hasiko dira Arabako Unibertsitate Ospitalea handitzeko obrak Txagorritxuko eraispen lanekin

2017-03-27

Gaur, martxoak 27, hasiko dira AUO handitzeko lanak. Lehenbizi Txagorritxuko zati bat eraitsiko da zerbitzu orokorren eraikin berria eraikitzeko, Osasuneko sailburu Jon Darpónek martxoaren hasieran adierazi zuen bezala.

Lanok bi hilabete eta erdian egingo dira, lehenengo hesia instalatu eta zirkulazioa moldatuko da, ondoren aparkalekuko markesina eta modulu aurrefabrikatua desmuntatuko dira eta, jarraian, eraikina eraitsiko da.

Eraisketa-lanek ez dute eraginik izango Ospitaleko sarrera eta irteeretan, ez eta aparkalekurako anbulantzien eta auto pribatuen sarbideetan ere, zabalik egongo baita.  Etxez etxeko ospitaleratze-zerbitzuko ibilgailuentzat gordetako plazak eta taxien geralekua Jose Atxotegi kalearen paraleloan dagoen bidera pasatuko dira, kendu egingo direnez aparkalekurako sarbideko 80 plaza inguru.

Eraitsi beharreko zatia eraitsi ondoren, AUOko Zerbitzu Orokorren eraikin berria eraikitzen hasiko dira, inbertsioa guztira 50 milioikoa da eta lanak 30 hilabetetan amaituko dira gutxi gorabehera.Lanek Ospitaleko aparkalekuko 310 plaza ingururi eragingo diela pentsatzen da, eta egoera hori arintzeko, bi aparkaleku gune gaituko dira ospitaletik eta kanpoko kontsultetarako eraikinetik hurbil, guztira 362 plazakoak. Bat Martin de Saracibar kalean, 180 plazakoa, eta bestea Tomas Zumarraga Dohatsuaren eta Francisco Leandro de Viana kaleen artean, 182 plazakoa. 

Ospitaleko erabiltzaileei eta langileei eta arabar guztiei, oro har, Arabako ESItik barkamena eskatzen zaie ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko moduan planifikatu diren lanek eragin ahal izango dizkieten eragozpenengatik.  AUOn gaur hasiko diren lanei esker aurrera egingo da arabar guztientzat ospitale modernoa eta erreferentziakoa eraikitzeko bidean.  

Osasuneko sailburu Jon Darpónen esanetan, Arabako Unibertsitate Ospitalea errealitate bihurtzen ari da urtez urte, “arabarren osasun-sistema hobetu dugu, eta legealdi honetan halaxe egiten jarraituko dugu etorkizunean ahalik eta zerbitzurik onena eskaini ahal izateko".

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoak 27

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko