Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak alerta gorria deitu du biharko, asteartea, olatuak direla eta

2010.eko azaroak 08

Herrizaingo Sailak alerta gorria deitu berri du biharko (asteartea) olatu zakarrak izateko arriskua dela medio; iragarpenen arabera, EAEko kostako zenbait puntutan 8 metrotik gorako olatuak egon litezke

Larrialdi zerbitzuak koordinatu eta indartzeko lehen neurriak hartu ditu dagoeneko Herrizaingo Sailak. Horrela, Herrizaingo sailburuordeak Jarraipen Mahai baten ardura hartu du eta SOS Deiaken bidez kostaldeko udalei ohartarazten ari dira, egoera honen aurrean bakoitzak eskura dituen neurriak hartu ditzan. Herritarrei dagokienez, bihar (asteartea) egun osoan zehar itsas pasealekuetatik eta orokorrean, itsasoaren ertzean dauden guneetatik aldentzeko eta itsasoan inolako ekintzarik ez egiteko gomendatzen die Herrizaingo Sailak.

Meteorologiako alerta maila gorena da gorria, herritarrentzat arrisku argia suposatzen du eta kalte material handiak eragin ditzake. Euskalmeten arabera, biharko alertan bi ordu izango dira kritikoenak. Lehena, goizeko seietan izango da, orduan emango baita eguneko lehen itsasgora: mareak 4,5 metroko altuera hartuko du eta horrek 7 metrotik gorako olatuak eragin litzake. Bigarren larriunea arratsaldeko seiak aldera emango da, itsasoak bigarrenez gora egitearekin batera. Orduan marea 4,20 metrotan kokatuko da eta olatuek 8 metroko altuera gainditu lezakete.

Presio baxu atmosferikoaren ondorioz sortutako marea bizia eta 7 metroko altuera gaindituko duen ipar-mendebaldetik etorritako hondoko itsasoa dira aipatutako denboralearen eragileak.

Herrizaingo Sailak larrialdi zerbitzuak koordinatu eta indartzeko lehen neurriak hartu ditu dagoeneko. Izan ere, Raúl Fernández de Arroiabek, Herrizaingo sailburuordeak, alertaren Jarraipenerako Mahai Tekniko baten ardura hartu du; Administrazio nagusietako ordezkariak daude bertan bilduta.

Gainera, kostaldeko udalei dagokion abisua eta informazioa helarazi zaie SOS Deiaken bidez, egoera honen aurrean bakoitzak eskura dituen prebentzio neurriak hartu ditzaten.

ITSASALDEKO ARRISKUAREN AURREAN, HERRITARREI ZUZENDUTAKO AHOLKUAK:

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzak honako aholkuak helarazi nahi dizkie herritarrei, Itsasaldeko arriskuaren eraginak prebenitzeko eta txikiagotzeko:

Prebentzio neurri gisa:

  • Urrundu olatuak lehertzen diren tokietatik (arrokak, kai-muturrak, kaiak).
  • Ez hurbildu itsas pasealekuetara, kai-muturretara edo itsaslabarretara. Uraren indarrak eraman zaitzake.
  • Ez gidatu ibilgailurik kostaldetik gertu dauden errepideetatik.
  • Urpean igeri egiteko asmoa izanez gero, bertan behera utzi.
  • Ez ontzirik erabili eta amarrak aztertu. Ez ur kirolik egin, inola ere ez.


Larrialdi egoera baten aurrean hartu beharreko neurriak

  • Itsasora eroriz gero, urrundu olatuak lehertzen diren tokietatik, laguntza eskatu eta itxaron erreskatatzen zaituzten arte.
  • Olatuek eramaten bazaituzte, lasaitu; ez egin igeri ur-lasterraren kontra, kostaldeko lasterrek indarra galtzen dute beste tarte batzuetan.


Larrialdirik izatekotan, SOS Deiak 112ra deitu

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Euskalmet