Eu

EUSKAL ARRANTZA SEKTOREAREN ORAINA ETA ETORKIZUNA, WORLD MARITIME WEEK JARDUNALDI TEKNIKOEN 2017KO EDIZIOKO EZTABAIDAGAI

2017.eko martxoak 24
  • Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak bi jardunaldi tekniko antolatu ditu atunontzien gobernantza egokiaz eta etorkizuneko arrantzari buruzko ikuspegi desberdinez hitz egiteko.
  • Ikerketa proiektuak eta arrantzarako teknologiarik berritzaileenen aplikazioari buruzkoak aurkeztuko dira.
  • Osalanekin elkarlanean, Arrantza Zuzendaritzak euskal flotan prebentzioa eta osasuna bultzatzen egiten ari dena erakutsiko du.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak presentzia nabarmena edukiko du World Maritime Week jardunaldian, zeina martxoaren 27tik 31ra bitartean Bilbao Exhibition Centren egingo baita. Zehazki, datorren asteartean, hilak 28, arrantzaren gaineko bi jardunaldi egingo dira: bat, “Atunontzi izoztaileak: atunontzien gobernantza egokirako eta INDNR arrantzaren kontra egiteko  arrantza akordioak” (arrantza ilegala) eta, bestea, “Etorkizuneko arrantza – hainbat ikuspegi”. Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkuek inauguratuko ditu jardunaldi biak eta aditu internazional ospetsuak egongo dira bertan.

Itsas gaiei buruzko topaketa honetan, halaber, UTOFIA ikerketa proiektua (ur oso arreetan itsas azpiko irudiak hartzeko teknologia berria) eta EBArtesa proiektua (artisau arrantzarako ontziak zientzialariekin lankidetzan aritzeko proiektua) aurkeztuko dira, Aztik itsas motorren hondar beroari etekina ateratzeko garatu duen ORC –Organic Rankine Cycle– SISTEMArekin batera.

Bai jardunaldiak bai aurkezpenak Eusko Jaurlaritzaren standean egingo dira, izan ere, erakusketa gune horretan egongo dira bai Arrantza Zuzendaritza bai Azpiegituren eta Garraioetakoa, biak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpekoak  baitira. Gune horretan erakusgai egongo dira, halaber, arrantza sektoreko prebentzioari eta osasunari buruzko informazioa ematen duten hainbat elementu. Elementu horiek Osalanekin elkarlanean jarriko dira.

Jardunaldi teknikoak

Atunontzi izoztaileentzako jardunaldia, “Atunontzien gobernantza egokirako eta INDNR arrantzaren kontra egiteko  arrantza akordioak” gaiaren gainean: Martxoaren 28an egingo da, 9:15etik 11:45era. Arrantza eta Akuikultura zuzendari Leandro Azkuek emango dio hasiera jardunaldiari, bertan direla arrantza gaietan ospetsuak diren pertsonak, hala nola Izaskun Bilbao Barandika, eta Afrikako gobernuetako arrantza ordezkariak, besteak beste.

“Erorkizuneko arrantza – hainbat ikuspegi” izeneko jardunaldia eta mahai ingurua: asteartean egingo da, martxoak 28, 15:00etatik 18:20ra. Bertan egongo dira, beste aditu batzuen artean, Europako Batzordeko Mare Zuzendaritza Orokorreko hizlariak.

Proiektuen aurkezpenak

UTOFIA proiektua. kontzeptu berria, trinkoa eta errentagarria da, ur oso arreetan itsas azpiko irudiak hartzeko. Ohiko bideo sistemek gaur egun duten irudi tartea handitzen duten kamerak dira. Zehazki, haien ahalmena bikoiztu edo hirukoizten dute, eta beste modus operandi bat eskaintzen dute hainbat aplikazio eremutarako: Itsasoko bizitzaren monitorizazioa, kaien ikuskapena, itsas hondakinak detektatzea, arrantzalekuetako eta akuikulturako populazioen ebaluazioa eta itsas hondoen mapak egitea.

EBArtesa proiektua: proiektu honek bilatzen du artisau arrantzako ontziak zientzialariekin lankidetzan aritzea, arrantza datuen bilketan, artisau arrantzako euskal ontziak ekosisteman oinarrituta kudeatzeko lanetan aurrera egiten jarraitzeko. Horretarako, patroientzako interfaze intutitiboa duen tresna informatiko bat aurkeztuko da, datuak telematikoki sortu eta arrantza ontzitik AZTIra bidali ahal izateko. Helburuak dira itsasbazterreko arrantza antolatzea eta kudeatzea; itsasbazterreko arrantzaren erantzuna eta inpaktua kalibratzea; eta sektoreak gainerako arrantza erabileren eta bestelako erabileren aurrean duen posizionamendua aztertzea.

ORC SISTEMA - Organic Rankine Cycle. Sistema AZTIk eta beste bazkide batzuek garatu dute, eta bere helburua da itsas motor dieselen hondar beroari etekina ateratzea, energia sortzeko eta gasolioaren kontsumoa murrizteko. Sistema horrek ahalbidetuko du arrantza ontzien errentagarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea, gasolioaren kontsumoa, eta, beraz, kostu operatiboak murriztea, bai eta berotegi efektuaren gas igorpenak murriztea ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak