Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Euskal gazteen erdiek uste dute Euskadiko egoera hobetuko dela datozen bost urteotan, eta hobekuntza hori onuragarria izango dela euren egoera pertsonalarentzat

2017-03-24
  • Enplegua, ikasketak eta, neurri apalagoan, independentzia pertsonala, dira euskal gazteentzat garrantzirik handiena duten bizitzaren alderdiak
  • Hamarretik zazpik uste dute euren prestakuntzarekin lotutako enplegua segur aski aurkituko dutela ikasketak amaitutakoan
  • Gazteak oso baikor daude, eta, gainera, konfiantza handia dute euren gaitasunetan

Vitoria-Gasteiz, 2016/03/24

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriaren Euskal Behatokiak urtero egiten duen ikerketa-lana da ‘Aurrera Begira’, eta helburu du jakitea Euskadiko gazteek nola antzematen duten oraina eta zein diren euren etorkizunerako aurreikuspenak. Ikerketaren azkeneko edizioaren arabera, 15 eta 29 bitarteko bi neska-mutiletatik batek uste du (% 50,4) datozen bost urteotan hobetu egingo dela Euskadiko egoera orokorra. Okerrera egingo duela % 10,8k uste dute, eta heren batek, berriz (% 31,6) bere horretan jarraituko duela.

Gazteak oso baikor daude, eta, gainera, konfiantza handia dute bizitzan sortzen joango zaizkien zailtasunei aurre egiteko euren gaitasunetan. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dagoen Behatokiak egindako lanaren datuetatik ondorioztatzen da enplegua, ikasketak eta, neurri txikiagoan, independentzia pertsonala direla euskal gazteentzat garrantzirik handiena duten bizitzaren alderdiak.  

Gazteek euren egoera pertsonalari buruzko ikuspegi baikorra dute, eta bost urtera begira gora egiten du itxaropenak eta konfiantzak adinean gora egin ahala. Alde horretatik, gaur egun 25 eta 29 urte bitartean dituzten hamar euskal gazteetatik zazpik (% 73,6k) aurreikusten dute datozen bost urteotan bizitzako alderdietan aurrera egingo dutela. Emakumeak oraindik ere baikorragoak dira.  

Etorkizuna hobea izango dela uste izatea lana aurkitzeko edo ez galtzeko konfiantzaren baitan dago. Une hauetan lanik gabe dauden hamar gazteetatik batek adierazten du ziur dagoela lana aurkituko duela datozen bost urteotan (% 68k). Bestalde, urtebetera lana galtzeko edo ezegonkortzeko beldurra dutenak gutxiago dira une hauetan lanean ari direnen artean, eta 2015arekin alderatuta hamar puntu jaitsi da ehunekotan (% 13,9k bakarrik ikusten du aukera), eta hamabost puntu 2013ko datuekin alderatuta.  

Bestalde, gora egin du ikasketak bukatutakoan prestakuntzari lotutako enplegua aurkitzea espero duten gazte ikasleen kopuruak ere, eta % 69 dira, iaz baino hiru puntu gehiago. Aitzitik, gazteen ia erdiek nahi duten arren atzerrira joan lanera, Euskadiko gazteen % 12k uste dute beste aukerarik izango ez dutelako joan beharko dutela.  

Horrek guztiak epe laburrean bere kontura bizitzera joateko aukerari buruzko gazteen iritzia baldintzatzen du; izan ere, erdia inguruk ikusten dute aukera hori zapuztuta urtebeteko epean, aurreko urtean baino hiru puntu beherago.

Maila indibidualean, gazteek konfiantza dute euren gaitasunetan, baina kritikoagoak dira kolektiboaren egoerari buruzko iritzia ematean. Kasu horretan, etorkizunean egoerak onera egingo duela uste dutenak % 44 dira, bere horretan jarraituko duela uste dutenak % 35 eta okerrera egingo duela uste dutenak % 18.  

1512 elkarrizketa

2016ko Aurrera Begira ikerketa 2016ko azaroan Euskadiko gazteen lagin bati telefonoz egindako inkesta batean oinarritzen da. Guztira Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 1512 gazteri egin zitzaien elkarrizketa.

Emaitzak 10 adierazleren inguruan antolatzen dira, eta bereziki azpimarratzen dituzte enpleguaren egoera eta emantzipazioa: 1. Egungo egoeraren balorazio indizea; 2. Norberaren poztasun indizea; 3. Bizitzaren alderdien balantzea; 4. Lana galtzeko edo baldintzak okertzeko arriskua; 5. Lana aurkitzea aurreikustea; 6. Prestakuntzari lotutako lana izatea aurreikustea; 7. Derrigorrez emigratu beharra aurreikustea; 8. Emantzipazioa zapuztuko dela aurreikustea; 9. Gazteen gaitasunekiko konfiantza indizea; eta 10. Etorkizunarekiko konfiantza indizea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)