Berriak Lehendakaritza
Eu

GOGORAk proiektu bat aurkeztu du Gerra Zibilean Euskadin desagertutako pertsonen DNA bankua handitzeko

2017.eko martxoak 24

GOGORA Institutuko Zuzendari Aintzane Ezenarrok eta UPV/EHUren Biomics laborategiko Ikerlari Nagusi Marian Martínez de Pancorbok proiektu bat aurkeztu dute gaur goizean Gerra Zibilean, Euskadin desagertutako pertsonen eta desagertuen senideen DNA Bankua handitzeko. Ekimen honen helburua da Gerra Zibilean zehar senideren bat galdu izanaren lekukotasuna ematen duten senideen DNA laginak biltzeko kanpaina bat abian jartzea, oraingo eta etorkizuneko deshobiratzeetan erkatu ahal izateko.

Gogorak Bilbon duen egoitzan emandako prentsaurreko batean zehaztu dituzte Aintzane Ezenarrok eta Marian Martinez de Pancorbok proiektu honen xehetasunak. Ezenarrok gogorarazi duenez, badago DNA Banku bat, Aranzadi Zientzia Elkarteak burututako deshobiratzeetan ateratako giza hondakinen erakusgarriak biltzen dituena, azken urteotan Memoria Historikoa berreskuratzeko Eusko Jaurlaritzarekin izandako lankidetza-esparruan.  

Gaur egun

Gaur egun, gurutzatzen ari dira deshobiratutakoen laginak eta Gerra Zibilean Euskadin desagertutako senideren bat izana adierazten duten pertsona haienak. 

Ahalik eta ahaidetasun-lotura hurbilena duten senideen presentziaren arabera egin ahal izaten da identifikazioa. Ezenarrok nabarmendu du lotura horiek urrundu egiten direla denborarekin, eta hortaz, garrantzizkoa dela senideen DNA laginak ahalik eta azkarren biltzea.

Proiektua etorkizunari begira

Gaur goizean aurkeztu den proiektuaren helburua da DNA Bankua handitzea, Gerra Zibilean senideren bat galdu izanaren lekukotasuna ematen duten senideen DNA laginak biltzeko kanpaina bat abian jarriz, orain eta etorkizuneko deshobiratzeetan erkatu ahal izateko. Senide zuzenen lagina jasoko da, zehazki: seme-alabak, anai-arrebak, gizonezko ilobak eta gizonezko bilobak.

Lagina Biomics laborategiak bilduko du, Euskadin egin diren deshobiratzeetako probak burutzen dituen UPV/EHUko ikerketa-taldeak.

Nola eskatu DNA proba egiteko?

Gogora-ko zuzendariaren azalpenen arabera, hau litzateke jarraitu beharreko prozedura:

  1. Beren DNA atera eta analizatzea nahi duten pertsonek Gogora-rekin jarri behar dute harremanetan telefono honetan, 94-403 28 46, edo email honen bidez, gogora.idazkaritza2@euskadi.eus.
  2. Gogora Institutuak kontaktuan jarriko du eskatzailea UPV/EHUko Biomics laborategiko profesional-taldearekin.
  3. UPV/EHUko Biomics taldeak eskatzailearen helbidean jasoko du lagina, edo hala badagokio, Unibertsitateko laborategietan. Lagin hori behar bezala dokumentatuta egongo da eta bilatzen ari diren pertsonaren datuak ere bilduko ditu.
  4. Lagin guztiak Biomics laborategietan (UPV/EHU) gordeko dira eta ateratako informazioaren datu-basea Gogora-n gordailatu eta koordinatuko da.

Prozedura honen bidez senideren bati egindako laginaren eta deshobiratutako gorpuzkietatik lortutako laginaren artean kointzidentziaren bat badago, Gogora Institutuak pertsona interesatuari jakinaraziko dio.

Lankidetza

Gogora-ko zuzendariak azaldu duenez, ekimen hau Memoria Historikoko Elkarteei aurkeztu zaie, ekimena hedarazi eta desagertuen senideen bilaketan lankidetzan aritzeko. Bestalde, adierazi duenez, Udalei ere informatuko zaie proiektuak ahalik eta hedapen handiena izan dezan laguntza eskatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Marian Martínez de Pancorbo