Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak "zuhurtzia" eskatu du ETAren amaieraren aurrean

2010.eko azaroak 08

Lehendakariak "Euskadi un país de ciudadanos y ciudadanas (Euskadi, gizonezko zein emakumezko herritarren herria)" izenburuko hitzaldia eman du Ramón Rubial Fundazioak antolatutako ekitaldi batean.

Patxi López lehendakariak "zuhurtzia" eskatu du  ETAren terrorismoaren behin betiko amaiera iragartzeko orduan. Aitortu du, hori bai, "amaierako tartean gaude". Lehendakariak esan du "Antsietatea eta presa dago ETAren amaieraren aurrean, eta hori tentagarria da, baina ikusi nahi duguna ikustera eraman gaitzake, errealitateak egiaztatzen ez badu ere". Horrez gain, antzinako Batasunaren munduan "aldaketak izan badira ere, ez dira nahikoak, inondik ere" gehitu du.

Lehendakariak hitzaldia eman du "Euskadi un país de ciudadanos y ciudadanas (Euskadi, gizonezko zein emakumezko herritarren herria)" izenburupean, Ramón Rubial Fundazioak antolatutako ekitaldi batean, Bilbon. Ekitaldian, hauxe adierazi dio antzinako Batasunari: "pilota haien teilatuan dago, eta ez gurean", eta, horregatik, exijitu die "ETArekin hausteko edo lan egiteko ETA desagerraraz dadin".

Terrorismoaren amaieraz gain, Eusko Jaurlaritzaren beste helburuetako batzuk azpimarratu ditu lehendakariak: krisi ekonomikotik ateratzea, Gernikako estatutua balioan jartzea eta normaltasuna eta lasaitasuna ematea Euskadiko bizitza publikoari, besteak beste.

Lehendakariak nabarmendu du enpresarien eta langileen arteko elkarlana egungo egoera ekonomikotik ateratzeko. Izan ere, horrek isla izan du azken bi hiruhilekoen datu positiboetan eta jarduera ekonomikoaren susperraldian. Lehendakariak, bestetik, joan den hilabetean 6.000 lanpostu berri sortu zirela nabarmendu du, baina, aldi berean, adierazi du "2008 baino lehenagoko enplegu mailetara iritsi bitartean, ez gara krisitik erabat aterako".

Lehendakariak "desberdinen arteko tolerantzia sustatzeko" deia egin du hitzaldian, "tentsioa apaltzeko eta herritarrak batzeko" horrela. "Euskadin zegoen tentsio politikoa apaldu nahi nuen, eta horregatik isildu egin naiz, pazientzia handia hartuta, nire aurka egindako mota guztietako irain eta mespretxu guztien aurrean; herriak ahalegina merezi zuela pentsatzen nuen, eta erabaki nuen nik egitea lehen pausoa herria lasaitzeko eta banaketaren lubakietatik ateratzeko", esan du lehendakariak.

"Eraso pertsonalen aurrean -eta mota guztietakoak izan direla adierazi behar dut-, isildu egiten naiz, pentsatzen dudalako mesede egiten zaiola horrela herriaren giro politikoari. Azken bolada honetan, Euskadiren gizarte kohesiorako eta elkarbizitzarako funtsezkoak diren bi elementuri egiten ari zaizkie eraso, modu maltzur eta gezurrezkoan: osasun zerbitzuei kontra egitea erabaki dute eta hizkuntza gerra hasi nahi dute euskararen kariaz, eta hori ezin dut onartu", esan du bukatzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari