Berriak Lehendakaritza
Eu

Jonan Fernández: “Eragile erabat ezberdinek onartzen dute ezaugarri hauetako armagabetzea, eta horixe zaindu behar da”

2017.eko martxoak 23

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratian 

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako zuzendari nagusi Jonan Fernándezek adierazi du ETA “behin betiko, kontrapartidarik gabe eta legez” armagabetzeko aukera “benetakoa" dela. Fernándezen esanetan eragile politiko eta instituzional oso ezberdinek onartzen dute ezaugarri hauetako armagabetzea, eta garrantzi handia du balio hori “zaintzeak”. Horixe esan du gaur Euskadi Irratiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketan.

Fernándezek berretsi du garrantzizkoa dela prozesuan erantzukizunak dituzten pertsonek “seriotasunez eta diskrezioz” jokatzea, behar bezala gauzatzen bada “ETAren historia iraganeko kontua izatea” ahalbidetuko duen armagabetze-prozesua arriskuan ez jartzeko. Datorren apirilaren 8a dago jarrita talde terroristak bere armak entregatzeko, eta, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren ustez, ordura arte berebiziko garrantzia du prozesu honen ezaugarrien inguruan eragile oso ezberdinen artean dagoen akordioa zaindu eta babesteak.

Bere ustez “iritzi orokorra" da ETA armagabetzeko prozesuak hiru baldintza bete behar dituela: behin betikoa izatea, kontrapartidarik ez izatea eta legezkoa izatea. Eta balio berri hori “zaindu” behar da orain. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren lana da eta izango da erakundeen, gizartearen eta politikaren ordezkarien arteko solaskide izatea, “bat etortze orokor horri eutsi eta amaierara arte seriotasunez eta diskrezioz iristeko”.

Espetxe-politikari buruz Fernándezek berretsi du Euskal Exekutiboaren jarrera berbera izango dela ETAk armak entregatu aurretik eta ondoren, eta beharrezkoa dela aldaketa, nahiz eta ñabartu duen aldaketa hori ezin dela armagabetzerako baldintza izan.  

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariak atzo Londresen egindako atentatuaz ere hitz egin du, eta esan du Eusko Jaurlaritza "erne" dagoela nazioarteko terrorismoaren aurrean, eta berez Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plan berrian gai hori ere jasoko dela beste “erronka sortu berri” batzuk bezala, besteak beste, errefuxiatuen egoera edo gerrei emango zaien erantzuna.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak