Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Durangoko San Antonio Ikastetxearen 150. urteurreneko ospakizunean izan da

2017.eko martxoak 22

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte San Antonio Ikastetxearen 150. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan dira. Lehendakariak nabarmendu nahi izan du ikastetxe honek “gazteekin eta familiekin hartuta duen konpromiso pertsonal eta soziala”, eta, aldi berean, kalitatezko hezkuntza izateko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du.

San Antonio Ikastetxeak gaur jaieguna antolatu du 150. urtemuga ospatzeko. Urtemuga dela eta, ikastetxearen historia laburbiltzen duen argazki-erakusketa ere ikus daiteke. Hiru garaitan dago banatuta, artxibo historikoan gordetako argazkirik zaharrenetatik hasi eta irakasleen kooperatiba ikastetxea kudeatzen hasi zen azken garaira artekoak.

San Antonio ikastetxea 1867an sortu zuen Klaratarren komunitateak, eta hasieran barnetegi bat izan zen. 1937ko bonbardaketak Durango txikitu ondoren, eguneko eskola bihurtu zen, eta orain dela bi hamarkada, Agustindarrekin elkartu ondoren, San Antonio-Santa Rita ikastetxea zabaldu zuten; gaur egun irakasleen kooperatiba bat da.

Gaurko ekitaldi instituzionalean lehendakariak gogoratu du ikastetxea balioetan oinarritutako hezkuntzaren erreferentzia dela, eta, aldi berean, “gazteekin eta familiekin hartuta duen konpromiso pertsonala eta soziala” azpimarratu du. Urkulluk gogora ekarri du hezkuntza Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat dela, eta adostasunean eta elkarlanean oinarrituta jarraitu behar duela aurrera egiten.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak