Berriak Hezkuntza
Eu

1,3 milioi euro irakasleen prestakuntzarako, Eleaniztasunerantz programaren baitan (Gobernu Bilera 2017-03-21)

2017.eko martxoak 21

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, onartu du Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten itunpeko ikastetxeentzat diru-laguntzak deitzen dituen agindua, hizkuntza-proiektu eleanitzak garatzeko eta proiektu horien ondoriozko atzerriko hizkuntzetako irakasleen prestakuntzarako 2017-2018ko ikasturtean.

Eleaniztasunerantz programa, irakasleen etengabeko prestakuntzarako Prest_Gara Planak ezartzen dituen ildo estrategiko nagusienetako batean kokatzen da. Bere xedea irakasleen prestakuntza da, ikasleek komunikazio gaitasun eleanitza garatu dezaten, bi hizkuntza ofizialetan nahiz beste hirugarren hizkuntza batean (ingelesa nagusiki). Era berean, ikasleek aipaturiko gaitasun elebidun edo eleanitz hori, eguneroko testuinguru sozial gero eta konplexu eta anitzagoetan, egoki eta eraginkortasunez kudeatzen jakitea ere bada helburua, bai hurbileneko eremuan, bai mundu globalizatuan.

Nortasun juridikoa eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu edo araudi-harremanak dituzten federazio edo elkarteek izango dute diru-laguntza horiek,1.332.000 euroko zenbateko globalekoak, jasotzeko aukera. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe eta estatu mailako ikastetxeek osatu ahal izango dituzte federazio edo elkarte horiek baina estatu mailako ikastetxeek osatutakoek Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza, hizkuntz proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan gauzatu beharko dute, hiru ikastetxe, gutxienez, EAEn izan beharko dituzte kokatuta eta itunpeko gelen guztizkoa 50ekoa edo 50etik gorakoa izango da.

2016-2017 ikasturte honetan Eleaniztasunerantz programan parte hartzen ari diren 323 ikastetxe daude orotara Euskadin, publikoak nahiz itunpekoak, eta beraz, euren Hizkuntza Proiektu Eleanitza garatzen ari direnak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko