Eu

Euskadiko eta Espainiako Gobernuek teknologia partekatzeko eta administrazio elektronikoan aurrera egiteko aukera emango dien hitzarmena eguneratu dute (Gobernu Bilera 2017-03-21)

2017.eko martxoak 21

Lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute herritarrei online zerbitzu publiko modernoagoa, arrazionalizatuagoa eta sinplifikatuagoa eskaintzeko

Bi instituzioek funtsezko tresna hauek partekatuko dituzte: “SARA sarea”, sinadura elektroniko aurreratua, komunikazio elektronikoen erregistroa eta online jakinarazpen ofizialak.

Gobernu Kontseiluak gaur baimendu du Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea “administrazio elektronikoaren oinarrizko soluzioak elkarri emateko”. Hitzarmenaren helburua da bi administrazio publikoak elektronikoki elkarrekintzan aritu ahal izatea, herritarrei online zerbitzu publiko modernoagoa, arrazionalizatuagoa eta sinplifikatuagoa eskaintzeko.

Hala, eguneratu egingo dute hitzarmena, bi gobernuek 2010ean sinatutakoa ordeztu eta hobetzen duena, alegia:  “Lankidetza-Hitzarmena Administrazio Elektronikoaren Esparruko Zerbitzuak Elkarri Emateko”. Bi gobernuei aukera emango die tresna teknologiko berriak partekatzeko, administrazio elektronikoaren garapenean arintasunez eta eraginkortasunez aurrera egiteko, eta era horretan herritarrekiko online harremana kualitatiboki hobetzeko. 

Zehazki, hitzarmen honek funtsezko lau tresna elektroniko jarriko ditu eskueran: 

  • “SARA sarea”  (Aplikazioen eta Sareen Sistemak Administrazioentzat): Espainiako administrazio publiko guztien eta Europako instituzio guztien arteko komunikazio-sarea.
  • Sinadura elektroniko aurreratuaren sistemak: identifikazio-, sinadura- eta ordezkaritza-sistemak.
  • Administrazio publiko guztien artean online informazioa eta komunikazio elektronikoak erregistratu eta trukatzeko sistemak.
  • Baliabide elektronikoen bitartez herritarrei jakinarazpen ofizialak helarazteko zerbitzua.   

JARRAIPEN BATZORDEA

Hitzarmen honek, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak eta Administrazio Digitaleko Idazkari Nagusi Domingo Molina Moscosok laster sinatuko dutenak, jarraipen-batzorde bat eratzea ezartzen du. Jarraipen Batzordea 6 kidek osatuko dute –instituzio bakoitzeko 3– eta lankidetzaren kudeaketaz, jarraipenaz eta kontrolaz arduratuko da. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko