Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbide-euskal enplegu zerbitzua martxan jarriko da 785 milioi euroko aurrekontuarekin

2010.eko azaroak 05

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren 2011ko aurrekontua 997.948.000 eurokoa da, 2010ekoa baino % 59,9 handiagoa, Lanbide zerbitzua txertatu delako.

“Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren aurrekontuetan argi eta garbi sumatzen da enplegu-politiketan aurrera egingo dela, Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemaren prestazioei eutsi egingo zaiela, eta gizarte-zerbitzuen etorkizuneko ereduan I+G+Baren alde egingo dela”, nabarmendu du Gemma Zabaleta sailburuak. Mendetasun-egoeran dauden pertsonen arloko Ikerketa eta Berrikuntza Soziosanitarioko Zentro berriak bost milioi euroko aurrekontua izango du.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak bere sailaren 2011rako aurrekontuak aurkeztu ditu gaur goizean; guztira 997.948.000 euro izango dira eta Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren proiektuan hirugarren aurrekontua da diru-kopuruari dagokionez, Osasunaren eta Hezkuntzaren atzetik.

Zenbateko horretatik 785 milioi Lanbide zerbitzuari dagozkio eta 212 sailaren gainerako programei: Garapen Lankidetza (51.006.137), Egitura eta Babesa (7.008.479), Lana (23.024.829), Gizarteratzea (395.070), Immigrazioa (5.553.007), Gizarte Zerbitzuak (49.479.438), Familia (68.902.269), Enplegua (804.073), Gizarte Ekonomia (5.492.073), Prestakuntza (424.977) eta Euskadi Plana (167.000).

Legebiltzarreko agerraldian, enplegu-politika aktiboen transferentzia nabarmendu zuen Zabaletak, izan ere, transferentzia horri esker “etorkizunari baikor begiratu ahal izango diogu”, une latzak bizitzen ari garen arren, bereziki, langabeei dagokienez. “Aurrekontu-proiektuan gizarte-premiak kontuan izan ditugu eta, bereziki, euskal langabeen premiak, baita enpleguan aukera hobea izan nahi dutenenak ere”, adierazi du.

Lanbide zerbitzua abiarazteaz gain, aurrekontu-proiektuak beste hainbat gako ere baditu: Gizarte Zerbitzuen Legea garatzea (Eusko Jaurlaritzak etxeko teleasistentzia-zerbitzua bere gain hartzea eta Goi Ikuskaritza abiaraztea); gizarte-politiketan I+G+Baren alde egitea mendetasun-egoeran dauden pertsonen arloko Ikerketa eta Berrikuntza Soziosanitarioko Zentroa sortuz, eta gizarte-gastuari eustea.

Lehen aldiz, Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen eskubidezko prestazioak (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuetan sartu dira, laguntza horien bidez pertsonak aktibo bihurtu beharko bailukete. Datorren urtean Diru-sarrerak Bermatzeko Legea aldatuko da eta ordutik aurrera prestazio-hartzaileen espedienteak Lanbiden izapidetuko dira; hartara, epeak murriztuko dira eta lan egiteko adina duten hartzaile horiek enpleguaren bidez aktibo bihurtzeko erronka betetzea ahalbidetuko da.

Bestalde, diru-laguntzak izaki, Gizarte Larrialdietarako Laguntzek (GLL) lotura handiagoa dute gizarteratzearekin —laneratzearekin baino— eta gizarte-zerbitzuen eremuarekin; beraz, Gizarte Gaietako Sailburuordetzaren aurrekontuari atxiki zaizkio.

Lanbide

Euskal enplegu-zerbitzuan orientazioa, prestakuntza eta laneratzea uztartuko dira. Bestela esateko, langabeak lan-merkatuan sartzeko ezinbestekoa izango da. Lanbidek 785 milioi euro kudeatuko ditu; horietatik 225 milioi euro politika aktiboak osatzen dituzten zerbitzu, programa eta laguntzetara bideratuko dira. Beste 325 milioi Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemaren prestazioetarako (DBE eta EPO) izango dira; 34 milioi langileen gastuei dagozkie, eta 19 milioi inbertsioak egiteko eta bulegoak egokitzeko izango dira. Hobarietarako 150 milioi euro bideratuko dira eta funtzionamenduko gastuetarako 31 milioi.

Politika aktiboetara bideratutako 225 milioi euroetatik 74 Enplegua Sustatzeko izango dira, 62 Laneratzerako eta 89 Prestakuntzarako. 2009. urtean (azkeneko datu finkatua urte horretakoa da), Estatuko Enplegu Zerbitzuak 117 milioi euro gastatu zituen Euskadin programa eta laguntza guztiak batera hartuta; horrek esan nahi du orain ahalegin bikoitza egingo dela eta oso nabarmena izango dela etapa berri honetan prestakuntzari emango zaion garrantzia. Bi noranzko dituen bidea da: administrazioak baliabideak eskaintzen ditu eta erabiltzaileak baliabide horiek baliatzeko konpromisoa hartzen du.  

Bestalde, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Enplegu-zerbitzuak elkarri lotuta egongo dira. Lanbidek bere gain hartuko du DBEaren kudeaketa; errenta hori jasotzea lehenengo eskubidetzat aitortzen duen Legea hobeto beteko da eta, horrekin loturik, laneratzeko eskubidea. Horren arabera, Lanbidek 325 milioi kudeatuko ditu, DBErenak 280.000.000 eta EPOrenak 42.000.000 izanik. Zenbateko horiei erreparatuta, gizarte-prestazioen zenbatekoei eutsi egingo zaiela ikus daiteke; izan ere, prestazio horiek kreditu bat baitira eta, Diru-sarrerak Bermatzeko Legea betez, zabalgarria.

Gizarte Gaietako Sailburuordetza


Sailburuordetzen arabera, Gizarte Gaietako Sailburuordetzan honako hauek dira gako-elementuak: Diru-sarrerak Bermatzeko politikaren kudeaketa berrantolatzea, tele-asistentzia bere gain hartzea, eta ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren alde egitea mendetasun-egoeran daudenen arreta soziosanitarioaren arloan.  

Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzaren aurrekontuak ia 12 milioi gehiago izango ditu. Tele-asistentziako zerbitzua bere gain hartu duelako gertatu da hazkunde hori, zerbitzu horri 5.375.917 euro baitagozkio; zenbateko horri Gobernuak I+G+Bko Aparteko Inbertsioetarako onartu duen Planaren beste milioi bat gehitu behar zaio, balio erantsi handiko plataforma teknologiko bat lortzeko.

DBE eta EPO kudeatzea Lanbideren eginkizuna izango da; hortaz, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzak —betiere udaletako gizarte-zerbitzuekin koordinatuta— Gizarte Larrialdietarako Laguntzak kudeatuko ditu, 17.300.000 euroko partidarekin.

Oso ongi dakigu Udaletan lan handia egiten dela; beraz, 8.195.165 euro bideratuko ditugu oinarrizko gizarte-zerbitzuetako errefortzuko langileentzat. Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritza abiarazteko 606.363 euroko partida finkatu da. Programa berria da, eta oso garrantzitsua sistemaren ekitatea bermatzeko, bereziki, sailburuordetza hau berrantolatzen eta berregituratzen esfortzu handia egin den urtean.

Immigrazio Zuzendaritzak eta aniztasunaren kudeaketak iazko aurrekontuari eutsi dio. Aniztasuna onartuz, etorkinei laguntzeko Heldu eta Biltzen programak ere bere horretan utzi dira, 1.780.000 eurorekin.   

Immigrazio Zuzendaritzaren kontuetan berrikuntza bat ere izango da 2010. urtearekin alderatuta; hain zuzen ere, lehen Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzan txertatuta zeuden bi partida hona bideratuko dira: alde batetik, Aniztasun eta identitate afektibo-sexualari buruzko sentsibilizazio-programa (90.500 euro) eta Berdindu zerbitzua (148.000 euro).

Hain justu, aldaketa horiei esker, Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzaren aurrekontuan itxuraz jaitsiera izango da (% -5,8), baina familiei eta, batez ere, egoera latzenetan daudenei zuzendutako laguntzak ez dira aldatuko, ezta haurrei eta nerabeei laguntzekoak ere, egikaritutako gastuaren arabera.

Lankidetzaren Euskal Agentziaren partidaren zenbateko orokorra 2010ekoaren berdina izango da; garai latzak bizitzen ari garela kontuan izanik, zenbateko horri eustea elkartasunaren aldeko konpromisoan esfortzu handia egitea da. EAEko aurrekontuaren % 0,52 osatzen du, Enplegu Politika Aktiboen transferentziaren zenbatekoa kontuan izan gabe.  

Ikerketa Zentroa


Gizarte Gaietako sailburuordetzaren barruan bada proiektu oso garrantzitsu bat, gizarte-politiketako I+G+Bko politikekin estu-estu loturik: mendetasun-egoeran dauden pertsonen arloko Ikerketa eta Berrikuntza Soziosanitarioko Zentroa. Osasun Sailarekin lankidetzan garatuko da, Lehendakaritzatik gidatutako zientzia, teknologia eta berrikuntzarako politikaren esparruaren baitan.

Mendetasun-egoeretako zaintzarekin loturiko ikerketarako 3.000.000 euro bideratu dira proiektuaren barruan, I+G+Bko Aparteko Inbertsioetarako Planaren kargura, eta 2.000.000 euro Zientzia eta teknologiako planaren kargura.

“Apustu oso garrantzitsua da; Matía Fundazioa eta Ingema bazkide laguntzaile izango dira mendetasun-egoeran daudenak eta gaixotasun neurodegeneratiboak —Alhzeimerra, esaterako— dituztenak zaintzeko modu berrietan aplikatutako ikerketari dagokionez. Gainera, Euskadin edo Euskaditik kanpo gai hori ikertzen ari diren pertsona guztiak txertatu nahi dira ikerketa honetan, Euskadi erreferente soziosanitario izan dadin gai horri dagokionez”, nabarmendu du Zabaleta sailburuak.

Lan Sailburuordetza

Lanari dagokion sailburuordetzan bi zuzendaritza sartzen dira: Lanekoa eta Gizarte Ekonomiarena. Zenbateko handiena Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari dagokio; izan ere, aurten ia hogei milioi euroko aurrekontua izango du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta